Joana Idiart Davant. Euskaltzalea

«Sentitu nuen euskaldunek bazutela gaitzeko moztura herriarekin, eta bilgiarik ez»

Pariseko Eskual Etxea, Emazteek Diote elkartea eta Hazparneko ikastolaren sortzaileetarik bat izan da Joana Idiart Davant. «Gauzak naturalki» egin zirela dio.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Ãœrrüstoi-Larrabile
2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Joana Idiart Davanten (Amendüze-Unaso, Nafarroa Beherea, 1932) begirada pindartsuak apaletik so egiten dio bizitzari. Senar ezagunaren (Jean Louis Davant) itzalpetik «ene burua defenditu dut beti» dio. Hala, Pariseko Eskual Etxea, Hazparneko ikastola eta Emazteek Diote elkarteko sortzaileetarik bat da: «Zerbaitetara ateratzeko multzoa behar da», azpimarratu du.

Amendüzen etxetiar.

Bizpahiru ziren bakarrik etxe nagusi; beraz, ez zen konplexurik. Gurea erdikoa zen, baziren beste batzuk handiagoak. Zortzi neba-arrebetarik bigarrena nintzen.

Demarkazio linea hurbil zen.

Oroitzapena dut ttantta batek galdu zuela hemen seme bat orgek leherturik. Gure ama eta ttantta biak Behaskanerat izan ziren, haatik, mugaren bi aldeetarik ari izan ziren elkar kontsolatzen! Izan ere, behar baitzen paper bat aitzinetik alemaner galdatuz; ukaiten zenuen edo ez.

Ezagutu dituzu karrikak alemanek harturik.

Herri guzian baziren; lehenek bazuten jendeekilako errespetua. Behin, behi bat nahi izan ziguten errekisizionatu, baina umea orduan ukana zuen, eta aitak ez baitzekien frantsesik sobera, erran zien: «Vous ne voyez pas ses errape?» [ez ote dizkiozu errapeak ikusten?], eta alemana hiztegian xerkatzen errape. Araiz pentsatu zuen zerbait eritasun zuela: behia bertan utzi baitzuen! SSak, alta, lotsagarriak ziren.

Bertan ikasi zenuen frantsesez?

Bai, eta ehun aldiz kopiarazten ziguten frantsesez «ez euskaraz mintza gelan». Paperean idatzia berriz baliatzen genuen, errientsa ohartu zen arte; orduan arbelean hasi ginen! Baziren andana bat ez zirenak eskolan laket; ni bai. Batzuek gaztain-biltze sasoian hogei egunez huts egiten zuten; hots-ematen baitzuten behien abantzarazteko, gibelean ere bazen norbait goldean. Gu ere ari ginen, baina eskolatik landa.

Etxeko lanetan nik anaia ttipienaren ardura nuen. Aita eritu eta maluruski hil zitzaigularik, orduan goldea guk genuen atxikitzen. Nekeza izan da.

Katiximan ere ibiltzen zinetena?

Bagenuen apez zahar prekontziliar katixima emateko, eta zioen ez genuela burua akitu behar: hiruetarik ez genuen lehen kapitulua ere bukatu! Pilotan aritzen uzten gintuen neska-mutikoak. Ari naiz ez ote zutenez Larresoroko seminariotik zigorrez gurerat igorri. Gaitzeko jakituna zen filosofian eta landareetan, jende andana joaten zitzaion. Behin anaiak beso guzia erre zuen, oro odoletan, eta hark igorri zigun flaskobat: hiru egunen buruan ez zen deus gehiagorik ageri. Baina ez naiz bere izenaz oroit. Gero, alta, beste emazte frantximanta jitean usaiaz kanbiatu zen! Hiru kapituluak behar izan genituen buruz ikasi! Dena frantsesez.

Menaiu eskolan ibilia ote zara?

Bai, Donapaleun, denetarik ikasten genuen: kozina, garbiketa, higienea, jostea, zuzenbidea, agronomia... Biziki laket ginen.

Pariseri lehen bisita egin zenion.

1950ean Gazteria Giristinoaren Landaguneko Mugimenduak [GGLM] Frantzia osoko gaitzeko biltzarra antolatu zuen Parisen. Apezak harat igorri ninduen Euskal Herriko adarraren izenean: Euskaldun Gazteria. Tren bat osorik abiatu ginen Iparraldetik. [Erramun] Idieder omonier sartu zelarik mugimendua zinez herrikoia bilakatu zen.

Zer egiten zenuten Euskaldun Gazterian?

Gazteen arrangurez gogoetatzen genuen, giristinotasuna eta euskarari inportantzia handia ematen zitzaion, gainera, bizi baldintzak nola hobetu ere lantzen genuen. Urte pare batez hartu nuen parte herrian, etxea utzi behar izan nuen arte, baikinen jende.

Pariseko bizitzea lan kontuz irusbagoatzu.

Zazpi urtez sehi aritu izan naiz Parisen; lehenik herrikide batekin etxe batean, baina etxekoandrea sorgin bat zen: ez zen beztitzen ere, eta gu beti lanean ari ginen, leher eginik! Sekula ez zen kontent, errautsaren obsesioa zuen.

Dirua sehi ona, baina nagusi tzarra.

Etxe hura utzi eta De Chevigne kondearen etxean sartu nintzen, zeina defentsa ministro izan baitzen eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko presidente, MRPkoa. Bere eskuin besoa Errekart zuen. Errespetua bazuten. Behin, opor egun bat eman zidaten bozkatzerat joan nendin: etxeko jauna baitzen hautagai!

Parisetik etxea urrun.

Sentitu nuen euskaldunek gaitzeko moztura zutela herria eta familiarekin, eta bilgiarik ez. Beti sentitu dut euskararen arrangura, etxeari eta herriari biziki atxikia nintzen, euskara zen nagusi, eta bat ziren euskara, herria, gazteak... naturalki. Hala, izkiriatu nion Baionarat Idieder omonierari erranez ez ote zenez zerbait egiten ahal hemengo gazteriarendako; galduak baitziren eta esplotatuak. Hark bere burua proposatu zuen predikari. Gaitzeko jendea bildu genuen bizpahiru gauez.

Zuihaurren etxea kausitu arte.

[Piarres] Xarriton estudiantea abiatu zen [Jose Antonio] Agirre lehendakariaren ikustera toki baten eskean, Saint Gers karrikan, hor baitzen orduan euskal gobernua. Ni ere izan nintzen [Jesus Maria] Leizaolarengana, ongi oroitzen naiz bere apartamentuaz, XVI.nean, Passyn. Gobernuko etxe horretan hasi ginen biltzen gazteri andana bat igande arratsaldeetan, harmonika ttipi batekin, ze arrakasta! Oroit naiz batzuk dantzan hasirik eta Xarriton kexaturik.

Bitartekari lanetan aritu zinen.

Bazterren kalmatzeko joaten nintzen etxezainarekin egotera, errotik abertzalea hura, eta 36ko gerlako artxiboak erakusten zizkidan zeintzuetan ikusi bainuen zer zen kanpoan bizitzea. Bazuten ere kazeta bat orduko euskara sabiniarrean: Euzko Deia. Parisen nintzen abertzaletu.

Lekuak hustu zenituzten.

Bazterrak amiñi bat berotu zirenez, Xarritonek atzeman zuen ikasleen lokal bat: Richelieu. 1.000 arte bildu izan gara! Orotara baginen 10.000 euskaldun Parisen. Urte guziez 1.000 bat jendek Euskal Herria uzten zuen. Haatik, hor ere bazterrak mindu ziren kantuz ari baikinen eta. Hartan, berriz ere Xarritonen bidez, St Severin parrokia pre kontziliarreko kripta baliatzen hasi ginen, Harenbat garaztar fraidea zela medio, baina baginen sobera.

Orduan genuen deliberatu: «behar dugu guhaurren euskal etxea». Louis Domeck jarri genuen lehendakari, eta ni haren ondokoa. Xarriton eta Guichandut zapataginak atzeman zuten Duban karrikako etxe animalia. Oihal garbitegia izana zen, nik ez nuen batere maite, baina afera bat zenez... Uste dut 19 milioi libera zaharretan erosi genuela, 1953an. 1.500 libera zahar eta apezpikutegiaren bermearekin agertu ginen.

Nondik bildu zenuten sosa?

Neskame andana batek hilabete-sari bat eman genuen; gero, bakoitza bere eskualdean izan ginen eskean. Gisa beraz, [Piarres] Narbaitzek emakumeak biltzen zituen ligako buruak galdegin zidan Euskal Herrirat joan nendin eskual etxeaz mintzatzerat, eske baten egiteko. Hala, Euskal Herri guziak eman du sosa.

Gainera, gure enplegatzaile andana batek ere sosa eman zuen Les amis de la maison basque elkartea sortuz, golf zeingehiagokak antolatu zituzten luzaz.

Egoitzaren jabe izaki usaietan berdin segitu zenutena?

Bai, eta hasi ginen ere euskarazko alfabetatzearekin, [Paul] Gilzu apeza irakasle. Gero, etxera itzuli nintzen aita gaizki jarri baitzen, eta Xarritonek Euskaldun Gazteriaren arduradun izan nendin galdatu zidan. Gazte hilabetekariaren edizioan parte hartzen nuen. Besteen artikuluak oro zuzentzen nituen, makinan jo eta igortzen. 1957tik 1961era arte aritu nintzen, ezkondu bainintzen; damugarria da, baina garaian hola zen.

Animazioak ere antolatzen zenituzten.

Bai, ostalaritza formakuntza egunak sasoilarientzat, Ttalek [Ouret] emanik: biziki baitziren abian kosta edo Lourdeserat. Ikasketa bidaiak ere antolatzen genituen: 1957an Suitzarat; eta 1958an Gipuzkoa, Araba eta Bizkairat. Gibelerakoan, Getarian baratu ginelarik kaia jendez mukuru zen; arrantzaleak abian ziren, eta emazteak beltzez beztiturik ikusi genituen, bikote gazte batzuk negarrez. 1961ean, Bretainian izan ginen laborariekin punta-puntako teknikak ikus zitzaten. Sehiendako ere formakuntza antolatu genuen Baionan, eta neska haiekin Italian izan nintzen, bai eta Igeldon ere, Hazparneko oski-industriako emazte-langileekin.

Aljeriako gerlaren garaia zen.

Soldaduek igortzen zizkiguten berriak aldizkari batean biltzen genituen, eta soldadu oroer banatzen, oro euskaraz, Roneoan egina. Beren burua zentsuratzen zuten, ez baitzuten erran nahi zer bizitzen zuten, salbu zenbaitzuek: [Jean] Hiriarte eta [Mixel] Itzaina apezgaiek; eskola gehiago baitzuten.

Bi alaben ama zara, baina baita Hazparneko ikastolarena ere.

1972an sortu genuen guraso multzo ttipi batek.

Emazteei boza ere eman zenien.

Preseski, ikastolaren alde panpina batzuk egiten hasi ginen emazte multzo bat. Hala, emeki-emeki Eihartzean egoitza hartu genuen Emazteek Diote elkartea sortuz; bertzeak bertze, Jeanne Krekelberg eta Jeanne Duhalderekin. Haurtzaindegia eta Planning familial-a ezartzea entseatu ginen, baina kausitu ez. Gure arrangurak beti emazteenak ziren, Hazparneko zapatagintzak leher egin baitzuen, eta bazen andana bat langabezian galdurik. Etxarrin Gure Lana kooperatiba muntatu genuen bost urtez, euskal jantzien egiteko, baginen hamar bat emazte-langile.

Bozetara ere aurkeztu zinen.

1977ko herriko bozetan: lehen aldia zen abertzaleak aurkezten zirela, zentrista eta gaullisten lehian, sozialistekin batera. Laurehun boz bildu genuen, sozialistek baino gehiago!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.