KRITIKA. Dantza

Preljocaj berriz gurean

Agus Perez.
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun

'Winterreise'

Konpainia: Preljocaj balleta. Koreografia eta jantzien diseinua: Angelin Prljocaj. Musika: Franz Schubert. Eszenografia: Constance Guisset. Argiak: Eric Soyer. Pianoa: James Vaughan. Baritonoa: Thomas Tatzl. Lekua: Donostiako Kursaaleko aretoa. Eguna: Azaroaren 2a.

Aspaldi ez genuen Euskal Herrian jaso Preljocaj balletaren bisita, baina berriro etorri da Kursaal Eszenaren programazioan emandako Winterreise lanarekin.

Franz Schubert austriar konpositoreak 24 lied bildu zituen bere Winterreise (Negu bidaia) izeneko bilduman, horrela emanez bere musika-erantzunik aproposena Wilhelm Müller alemaniar poetaren olerkiei. Nolabaiteko profezia kutsua dauka Schuberten neguko bidaiak, osorik argitaratua izan eta sei astera hil zelako, gazte, konpositorea. Printzipioz, amodio ez itzuliaren gaia da nagusia, baina egiatan, paisaia desolatuak, iluntasuna eta naturaren indarrek ariman duten eragina —oso gai kuttuna Erromantizismoaren garaian— nagusitzen dira konposizio gehienetan.

Angelin Preljocaj koreografo frantziarrak heriotza bilatzen duen gizakiaren istorio bilakatu du jatorrizko bidaia hura, baina ez era pertsonalizatuan, hau da, dantzari nagusi bat bidaia ilun horren protagonista jarrita. Alderantziz, era kolektiboan eta despertsonalizatuan tratatu du gaia, eta bidaia desesperatu horren protagonista konpainiako hamabi dantzariak izan dira —seina emakume eta gizon—, alde horretatik ez generoari ez dantzariei esangura berezirik eman gabe, jantziek eta ballet klasikoaren lege fisikoek ezarritakoaz aparte.

Zuzenean jotako pianoak eta baritonoak interpretatu dituzte Schuberten liedak, txukuntasun osoz interpretatu ere, eta eszenan gertatzen denari behar zen besteko giro ilun eta mortua emanez, ustez alaiagoak izan behar ziren liedetan barne, haietan ere nagusitu delako konpositorearen sakoneko tristezia gaixotia. Hileta-giro hori lehenetsita, errautsez estalita agertu da eszenatokia, baina beharbada elurra zen elur grisa, dena den, goitik aldian behin emeki bota duenaren arabera. Jantziak ere beltzak izan dira gehienetan, une batzuetan udazken-tonu koloretsuagoak hartu dituzten arren. Azkenik, argien diseinua urdin eta grisen paletan kokatu da gehienbat, eta batzuetan giro espektral betean murgildu ditu dantzariak.

Normala denez, koreografiaren diseinua lieden segida bezain zatikatua izan da, horrela eragotziz edozein progresio eszeniko edo emozioren garapena. Bide horretatik, askotan dantzarien mugimenduek lotura estua izan dute pianoko notek markatutakoarekin, eta beren eboluzio ia akrobatikoak melodia malenkoniatsuen geldotasun harrigarrian gauzatu dira beti. Seguruenik ez da erraza 24 liedetarako koreografia diferenteak sortzea, baina frogatua geratu da Preljocajen hiztegi koreografikoa oso aberatsa dela, eta gainera, umore-txinparta ia atzemanezin batzuk tartekatu ditu han-hemenka pasarte batzuetan, gauza bat delako Herio jaunaren bila ibiltzea eta beste bat zure betiko izaera jostagarria horregatik galtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.