Errefuxiatuentzat, Serbia trantsizio herrialde bat da Europako beste leku batzuetara iristeko», adierazi dio BERRIAri Geoffrey Bassek, MSF Mugarik Gabeko Medikuen Serbiako eta Bosniako taldeko arduradunak. MSFren klinikaren ondoan dagoen parkea Belgraden dauden errefuxiatuen geralekua da. Bassek esandakoa egiaztatu daiteke han. «Pakistandik nator, Turkiatik eta Greziatik pasatu eta gero; Serbiara iritsi naiz, eta nire helburua Alemaniara iristea da», kontatu du Nurhik, 16 urteko errefuxiatuak. Serbian bizi diren iheslarien egoera ez da erraza; esparruetan bizi direnek gabezia asko dituzte bizitza duina izateko, eta esparruetatik urrun bizi direnek, berdin, baina segurtasun falta gehituta. Pertsona horiek denek helburu bategatik ateratzen dute indarra egoera hori jasateko: Europa iparraldean etorkizun eder batekin amets egiten dutelako.
Profil ezberdinetako errefuxiatuak daude Belgraden. Esaterako, esparruetan bizi direnen artean gehienak Pakistandik edo Afganistandik iritsi dira, talibanengandik eta halako taldeetatik ihesi. Horiek dira Serbian dauden errefuxiatu gehienak. Normalean, familia osoak dira, eta esparruetan bizi dira, hor seguruago egongo direla pentsatzen dutelako. «Oraingoz, errefuxiatuen esparruan bizitzea erabaki dugu, kalean bizitzea baino hobea delako», adierazi du Umarrek. Pakistandik etorri da familiarekin. «Baina gure helburua Serbiatik laster ateratzea da». Esparruetatik urrun bizi direnen artean, Aljeriatik iritsitakoak dira gehienak; eta, horien artean, bakarrik etorritako gizonak. Askok pentsatzen dute errefuxiatu esparruetan arazoak izan ditzaketela, eta, horregatik, nahiago dute horietatik kanpo bizi. Bi errefuxiatu profil horiek, nahiz eta bizimodu ezberdina duten Serbian, helburu bera daukate: herrialde horretatik ateratzea ahal bezain laster.
Esparruetan dauden errefuxiatuen gabeziarik larriena osasun onari eusteko beharrezko zerbitzuena da. «Errefuxiatu esparruetako egoera ez da ona; adibidez, dauden medikuek ezin dute guztien beharretara iritsi», adierazi du Bassek. Botika falta handia dute esparru horietan. Gainera, horri gehitu behar zaio errefuxiatuek ez daukatela Serbiako txartela ospitaleetara joateko, eta horrek larritu egiten du botika faltaren arazoa. Esparruetatik urrun bizi direnek ere, noski, gabezia berberak dituzte osasunari dagokionez.
«Errefuxiatuen gaixotasun ohikoenak azaleko gaixotasunak dira. Hona etortzen dira ez daukatelako lekurik bizitzeko, eta ez daukatelako garbitzeko aukerarik. Horregatik jarri ditugu dutxak, hemen garbitzeko aukerak izateko eta arazo horiek saihesteko», azaldu du Marko Isajlovicek, MSFren Belgradeko klinikako medikuen arduradunak. Ohiko osasun arazoak alde batera utzita, gaixotasun kronikoak dituztenek izaten dituzte zailtasunik handienak soluzio bat aurkitzeko. «Arazo handia da. Gaixotasun kroniko bat baldin badaukazu, zure medizina lortzeko preskripzio bat behar baduzu eta hori lortzeko Serbiako txartela behar duzu, errefuxiatuentzat arazo asko sortzen dira botika horiek lortzeko», kontatu du Isajlovicek.
«Gaixo horiek galduta daude. Hona etortzen dira, eta hilabete baterako botikak lortu ditzakegu, baina hori ez da soluzioa». Arazo bera daukate premiazko ebakuntza bat behar dutenek. «Apendizitisarengatik ebakuntza bat behar zuen kasu bat izan genuen. Pertsona horiek ospitalean tratatzeko aukerarik ez dutenez, saiatu behar dugu nola edo hala bidea bilatzen tratatu ahal izateko, bestela hiltzeko arriskua izan baitezakete». Baina osasun arazo fisikoez gainera, psikologikoak ere jasan behar dituzte askok. «Depresio kasuak edo gizartetik bakartzen direnen kasu asko daude; egoera traumatikoak izan dituzte, eta psikologikoki gaizki heltzen dira asko», kontatu du Isajlovicek.
Bosnia, infernu handia
Argi dago errefuxiatuek Serbian duten egoera ez dela ona, baina Serbian ez dute denbora asko pasatzen. Bosnia eta Herzegovinarantz jarraitzen dute bidaia, eta muga pasatzeko arazorik ez dute. Serbiako infernu txikia atzean utzita, ordea, Bosniako infernu handira iristen dira, han arazo larriagoak baitituzte. «Errefuxiatuen kontrako biolentzia gehien ikusten den lekua Kroaziaren eta Bosniaren arteko muga da», azaldu du Bassek. Errefuxiatuak Bosniaren eta Kroaziaren arteko mugara iristen direnean, izugarrizko arazoak izaten dituzte Kroaziara jarraitzeko. Pasatzea lortzen badute, gehienetan, Poliziarekin topo egiten dute, eta horiek, bortizkeriaz, Bosniara bueltatzen dituzte, legez kanpo.
Errefuxiatu batzuk laguntza eskatzeko kartelekin, iaz, Valika Kladusan (Bosnia eta Herzegovina). Fehim Demir / EFE.
Horri gehitu behar zaio Bosniako mugako herrietan bertako biztanleen eta errefuxiatuen arteko erlazioa ez dela ona. «Egoera politikoak Bosnian garrantzi handia dauka arazo honetan», kontatu du MSFko arduradunak. «Bosnian kantonamendutan zatituta dago boterea, eta, kasu honetan, Sarajevoko kantonamenduak ez die batere laguntzen Kroaziaren mugan daudenei». Duela bi egun, Poliziak hogei pertsona atxilotu zituen errefuxiatuentzako zentro batean piztu zen liskar batean, Kroaziaren mugan dagoen Velika Kladusa udalerrian. Joan den astean sute bat piztu zen zentro horretan, eta bizi baldintzak okertu egin direla salatu dute han dauden migratzaileek.
Izan ere, Balkanetan dauden errefuxiatu gehienek pentsatzen dute ahaztuta daudela. Badago pertsona horiek behin eta berriro errepikatzen duten esaldi bat: «Ez gara etorri oporretan Europara, edo diru gehiago irabaztera; gure herrian hiltzeko arrisku handia daukagulako etorri gara».
Balkanetako harresia
Milaka errefuxiatu bizi dira oraindik Serbian, eta Bosnia eta Herzegovinan. Haien egoera jasanezina bihurtu da, eta inork ez die eman inolako konponbiderik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu