Bilboko portuko zamaketarien grebak egun bat gehiago iraungo du gutxienez. Espainiako Lan Ministerioak gatazka konpontzeko bilera bide-orri bat proposatu zien zamaketarien ordezkariei eta Bilbo Estiba Bilboko portuko zamaketa enpresei, eta atzo bukatzen zen erantzuteko epea. Zamaketariek baietz erantzun zuten astelehenean, eta Bilbo Estibak atzo onartu zuen eskaintza, baina baldintza zorrotzak ezarrita. Bi marra gorri ezarri zituen: portuko lan osagarriak eta lan horizontala negoziaziotik kanpo uztea. Erantzun baldintzatua dela ikusita, zamaketarien sindikatuak gaur goizean bilduko dira euren jarrera berrikusteko. Ikusteko dago, halaber, ministerioak enpresen baldintzak onartzen dituen ala ez.
Bilbo Estibak ez zion erantzun argia eman Lan Ministerioaren eskaintzari. Are gehiago, plazaratutako agirian «uko egin ezinezko baldintza» gisa ezarri zuen portuko lan osagarrien eta lurreko lan horizontalen inguruan ez hitz egitea. Enpresak, era berean, Espainiako Lehia Batzordearen agiri bat gehitu zuen, zeinak dioen lan osagarriak lan hitzarmenetatik kanpo uzten ez dituzten klausulek ez dutela indarrik.
Eta hain garrantzitsuak al dira jardun horiek? Bada, bai. Portuan itsasontziekin harreman estu- estua ez duten jardunak dira: azpiegitura barneko garraioa... Orain arte zamaketariek egin zituzten, eta haiek gabe lan karga handia galduko lukete. Berez, jardun horiek liberalizatuta daude, eta enpresek aldi baterako lan enpresen bitartez kontrataturiko langileekin ere egin izan dituzte. Haien lan hitzarmena zamaketariena baino kaskarragoa da.
Zamaketarien ordezkariak gaur bilduko dira, baina litekeena da bide orriarekin jarraitzea onartzea. Horrek greba bertan behera uztea eragingo luke, eta bihar lanera itzuliko lirateke —gaurkoa 56. eguna da—. Ministerioak baldintza hori ezarri zien esku hartzeko. Zamaketarien eskaera argia da: lan karga 320 langile finkoentzat eta hamabi urtez behin-behinean aritu diren 103entzat.
Bilbo Estibak marra gorriak jarri ditu zamaketariekin biltzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu