Ez da ezustekorik egon, eta Maria Txibite berriro hautatu dute PSNko idazkari nagusi, botoen %97,22 lortuta. Ez zegoen beste hautagairik ardura horretarako. Emandako 144 botoetatik, Txibite buru duen zuzendaritza berriak 140 boto eskuratu ditu, eta gainerako lauak boto zuriak izan dira.
Nafarroak aurrera egiten du lelopean, PSNk XII. batzarra egin du Iruñeko Baluarte batzar jauregian, eta Txibiteren inguruan batasun irudia emateko balio izan du. Batzarraren amaieran, idazkari nagusi hautatu berriak hitzaldi bat egin du, eta nabarmendu du alderdiak duen garrantzia «aurrerapenak» lortzeko: «PSN beharrezkoa da aurrera egiten jarraitzeko, guretzat pertsonak garrantzitsuenak direlako eta Nafarroako herritarren zerbitzura gaudelako».
Txibitek eskuina kritikatu du bere hitzaldian, eta esan du haientzat uzten dituela «irainak eta zarata egitea»: «Guk, berriz, elkarrizketaren eta akordioaren alde egiten dugu».
2023an, berriro agintean
Txibitek alderdiaren programa politikoaren puntu nagusiak azaldu ditu, eta ziur agertu da bi urte barru berriro lortuko dutela agintean egotea: «Adostasunen eta gehiengo sozialaren alderdia gara».
Esan duenez, PSNren proiektu politikoa «ezkerrekoa» da, «Nafarroa forala» defendatzen du, eta «aniztasuna» sustatzen: «Etorkizun berdeago eta justuago baten alde lan egiten dugu. Batzen duen alderdia gara», erantsi du. Gazteei mezu berezia igorri die, eta proiektu horrekin bat egiteko eskatu die.
PSNko Antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizek ere hitz egin du batzarrean, eta esan du alderdi sozialistak «Nafarroa solidario, zintzo, duin, ekologiko eta askotarikoa» ordezkatzen duela. Nabarmendu du «batasuna, ilusioa eta itxaropena» izan direla ezaugarri nagusiak batzarrean: «Urte askoren ostean, zalantzarik gabeko politika egiten ari gara, ematen ditugun pausoez seguru gaudelako».
Maria Txibite PSNko idazkari nagusi izendatu dute berriro ere
Botoen %97,22 eskuratu ditu alderdiaren XII. batzarrean. Txibiteren ustez, PSN beharrezkoa da «Nafarroak aurrera egiten jarrai dezan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu