EH Bilduk Otegi proposatu du koordinatzaile izaten jarraitzeko

Zuzendaritzarako zerrenda aurkeztu du Mahai Politikoak. Hilaren 26tik 29ra aurkez daitezke zerrendak; maiatzaren 6tik 8ra bozkatuko dira

Unai Urruzuno eta Ainhoa Beola, atzoko agerraldian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
jon olano
2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
EH Bilduko Mahai Politikoak proposatu du Arnaldo Otegik jarraitzea indar subiranistako koordinatzaile nagusi. Bigarren kongresua egiten ari da EH Bildu, eta Mahai Politikoak testuinguru horretan aurkeztu duzuzendaritza osatzeko zerrenda: Otegiz gain, Garikoitz Mujika proposatu dute zuzendari nagusi izateko; Pello Otxandiano programa zuzendaritzarako; Larraitz Ugarte komunikaziorako; Sonia Jacinto antolakuntzarako; Gorka Elejabarrieta nazioarteko harremanetarako; Ainhoa Beola politika instituzionalerako; eta Onintze Oleaga udal politikarako. Apenas dagoen aldaketarik orain arteko taldetik, eta berritasun nagusia da Otxandiano eta Jacinto sartuko direla zuzendaritzan.

Egunotan, aurkeztutako zuzenketak eztabaidatzen ari dira bilkideak, eta datorren ostegunetik larunbatera (22-24) izango dute zuzenketak bozkatzeko epea. Apirilaren 26tik 29ra, zuzendaritza plantxak aurkezteko epea izango da, eta maiatzaren 6tik 8ra egingo dira bozketak. Horrela, hilaren 8an proklamatuko dute zuzendaritza berria, eta 9an egingo dute bigarren kongresua bukatzeko ekitaldia, Barakaldoko BECen, osasun baldintzekahalbidetzen badute.

Ainhoa Beolak eta Unai Urruzunok eman dute Mahai Politikoaren proposamenaren berri, eta hura osatzen duen taldearen balioa goretsi du Urruzunok: «Zabaltzen zaigun fase politiko berri honi eta ekarriko dituen erronkei begira, talde honek erabateko bermea eskaintzen du ahalik eta modu egokienean aurre egiteko». Kongresu prozesuaren balorazio «oso positiboa» egiten ari da Mahai Politikoa: «Telematikoki egin behar izan dugu prozesu guztia, eta parte hartzea eta eztabaida mugatzen dute, baina datu esanguratsu batzuk daude: 358 herritan batzarrak egin dira prozesu honetan». Foro eta jardunaldi batzuk ere egin dituzte ponentzietako edukiak garatzeko, eta, guztira, 8000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte. «Eskertzekoa da inplikazioa», erantsi du Urruzunok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.