Pista bordara, edo borda pistara

Aralarko pisten auzian, proposamen bat egin du EH Bilduk: bide berriak eraiki ordez, jadanik eginda daudenen alboan txabola berriak eraikitzea. EHNEk dio horrek ez dituela artzainen eta abeltzainen beharrak aseko, eta Landarlanek gogora ekarri du azken bi pistak auzibidean daudela.

Pista bordara, edo borda pistara.
Maite Asensio Lozano.
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Zauria du Aralarrek. Duela hiru urtetik, gatazkaren sinonimo da Euskal Herriko inguru natural esanguratsu horren aipamena: artzainen txaboletara iristeko eraiki nahi dituzten pistek agerian utzi dute sarri zaila dela ingurumena zaintzearen eta abeltzainen jarduna babestearen arteko oreka, eta aurrez aurre jarri dituzte natur parkea kudeatzeko ereduak. Zauria sendatzeko bidean,erdibideko aukera bat jarri du mahai gainean EH Bilduk asteon, Enirio-Aralar Mankomunitateko (Gipuzkoa) aholku batzordean: pista berriak egin ordez, jadanik eraikita daudenen alboan txabola berriak egitea proposatu du. Egitasmoak ez du guztiz ase Landarlan ingurumen elkartea, eta EHNE sindikatua ere aurka agertu da, baina auziari beste ikuspegi batetik heltzeko bidea ireki du.

Enirio-Aralarko larreak antolatzeko plana osatzeari begira, adituek eginiko txosten bat aurkeztu zuen EH Bilduk asteazkeneko bileran. Izan ere, maiatzeko bozez geroztik, koalizioaren esku daude mankomunitatearen lehendakaritza eta gehiengoa. Hala ere, Adur Ezenarro Ordiziako alkate eta mankomunitateko presidenteak nabarmendu du oraingoz «proposamen bat» baino ez dela: «Ez dugu ezer onartu, ezta erabaki ere; txostena aurkeztu egin dugu, eta ekarpenak eskatu». Lasaitasunez eztabaidatzeko deia egin du: «Polarizazio bat dago: pistak bai ala pistak ez. Baina Aralar hori baino askoz gehiago da».

Izatez, argazki orokor bat eskaini du EH Bilduk aurkeztutako txostenak. Bertako datuen arabera, Aralarren dauden 40 txaboletatik hemeretzik dute bertara iristeko pista, eta beste hirutara traktorez hel daiteke; hamahiruk dituzte «irisgarritasun arazo larriak». Borda horien erabiltzaileen artean premia berezia dute mendian ardiak jetzi eta gazta egiten duten artzainek, txabolarako joan-etorriak maizago egin behar dituztelako, eta, beraz, bide azpiegituren behar handiagoa dutelako; egoera horretan daude hamazortzi artzain, eta horietatik hamahiruk «kopuru esanguratsuetan» egiten dute gazta.

Horiek eskatu dituzte pistak, txaboletara autoz igo ahal izateko; izan ere, borda batzuetara oinez joan behar dute artzainek, edo autoz, Nafarroan barrena, bide nabarmen luzeagoa eginda. Premia horren aurrean, baina, txostenak aurreikusten du txabolen erabilera jaitsi egingo dela epe labur eta ertainean: artzaintza beheranzko joeran da, eta artzain zahar askok ez dute erreleborik ziurtatua.

Dena den, legea da pisten oztopo nagusia: parke natural izendapena du Aralarrek, eta halako obrarik ezin da egin han. Txostenak ere argi adierazi du: «Aralarko Natur Baliabideen Antolamendurako Planak erabat mugatzen ditu pista berriak egiteko aukerak, eta txabola horiei bidea irekitzeko aukerarik ez du uzten». Ezenarrok gogora ekarri du 2016tik bi pista egin direla, «trikimailuak» erabiliz: «Justifikatu dira orain dauden bideak berritzea izango balira bezala, baina hori zalantzan jar daiteke».

Bi egitasmo horiek auzitara eraman dituzte ekologistek, pistak legez kanpokoak direlakoan. Izan ere, bideen inguruko plan orokor bat ondu ordez, eta ingurumen azterketa egin behar ez izateko, proiektua zatitu egin zuen mankomunitateak aurreko legegintzaldian, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu zituen bi pisten obrak. «Baina aldundiak berak esana du hirugarren pistarik ezin dela egin prozedura sinplifikatuaren bidez», oroitu du Ezenarrok.

Txabola laguntzaileak

Hortaz, artzainak txaboletara iristeko modurik ezin bada bideratu, txabolak artzainengana hurbiltzea proposatu du EH Bilduk. Egungo azpiegiturak baliatuz egingo lukete, hau da, borda berriak eraikiko lituzkete jadanik eginda dauden pisten inguruetan. Kasu zehatzak aipatu ditu txostenak. Adibidez: Goroskintxura joateko pista bat baden arren, pistarik gabeko bost txabola daude gune horretan, eta bitan gazta egiten dute lau artzainek, gainera; beraz, Goroskintxun txabola laguntzaile berri bat eraikitzea proposatu dute, artzain horiei laguntzeko, ibilgailuz eramandako materiala bertan gorde dezaten. «Bazka eremuak mantenduta, txabolak pistetara gerturatzean datza», zehaztu du Ezenarrok.

Ez da nahikoa, Garikoitz Nazabal EHNEko ordezkariarentzat. «Mendia ez ezagutzea» egotzi die txostenaren egileei. Gogora ekarri du aurrez ere izan direla bordak lekualdatzeko proposamenak: «Ez dago txabolak mugitzerik, artaldea ere mugitu behar delako, eta horrek ekarriko lukeelako artaldeak puntu jakin batzuetan biltzea eta erosioa handitzea; garai batean zerbaitegatik sakabanatu zituzten txabolak mendian, orekatuagoa izan zedin». Oraingo planteamenduak ere ez ditu hobetuko artzainen eta abeltzainen lan baldintzak, haren ustez: «Baten batek ba al daki zer den Goroskintxutik Txindokiko lepondoa igotzea txabolak dauden lekura, egunero lanerako behar diren gauzak bizkar gainean hartuta?».

Landarlan elkarteak ere hutsune bat ikusi dio proposamen horri, Edurne Huesa kideak azaldu duenez: «Ez dute kontuan hartu azken bi pistak auzibidean daudela, eta ez dakigula zer gertatuko den. Epaitegiek ebazten badute pistak legez kanpokoak direla, lur horiek lehengoratzea proposatuko dugu guk». Aldiz, ontzat jo ditu txostenak proposatutako beste neurri batzuk, hala nola irisgarritasun arazo handienak dituzten borden erabiltzaileei diru laguntza «gehigarriak» eta «ibilgailu espezializatuak» ematea. «Guk ere halakoak proposatu izan ditugu», esan du Huesak.

Abere kopurua, auzitan

Izan ere, aspaldikoa da pisten inguruko eztabaida. 1994an izendatu zuten Aralar parke natural, eta, horrekin batera, hura babesteko araudi berezia ezarri. Ordutik, ordea, maiz aipatu izan da parkean pistak egitea. 2003. urtean bertan behera utzi zuten horretarako plan bat, Aranzadi zientzia elkarteak azterketa sendo bat aurkeztu eta gero: pistek «atzera-bueltarik gabeko kalte larria» eragingo zuten Aralarren. 2016an berpiztu zen pistak egiteko proiektua, eta Aranzadik 2003ko ondorioak berretsi zituen beste txosten batean.

Dena den, asteazkeneko bileran ez ziren iritsi pisten inguruan eztabaidatzera, txostenaren aurreko puntuetan katramilatu baitziren: artzainen eta abeltzainen jarduerari buruzko datuetan. Lan horiek lotura zuzena dute parkearen kudeaketarekin; bada, txostenak ohartarazi du «gainkarga» dagoela, eta epe ertainean aldaketak egin beharko liratekeela: Aralarren abere gehiegi dago, eta bertako larreek ez dute gaitasunik denentzako bazka sortzeko.

Ardi kopurua egonkor mantentzen ari den arren —azken hamar urteetan, 17.000 eta 18.000 buru artean izan dira—, behi eta behor kopuruak nabarmen igo dira: 2014tik %13, txostenaren arabera. Ezenarrok azaldu du ganadu larriak arazo batzuk dakartzala: «Behiak eta behorrak ez dira egoten ardiak bezain barreiatuta, eta horrek eragiten du dentsitate handiagoa eta higadura handiagoa. Txostenak proposatu du, adibidez, aska berriak egitea, ganadu hori hobeto barreiatzeko. Halere, ganaduaren igoera esponentziala izaten ari da, eta mugaren bat jarri beharko zaio».

Huesari «guztiz logikoa» iruditu zaio larreen zama jaistea: «Mendiak ematen duen mugaren barruan antolatu behar da bertako jarduna: ezin da kontrolik gabe aritu». Landaketa batzuk egitea ere aipatu dute txostenean, baina, Landarlaneko ordezkariarentzat, ez da nahikoa: «Ezin dugu ahaztu baso asko galdu dela Aralarren azken bi mendeetan. Gainera, klima aldaketaren eragina ere aztertu beharko litzateke».

Nazabalen hitzean, ordea, txostena «adarjotze» bat da sektorearentzat. Datuak asmatzea leporatu die egileei: «Eragile nagusiarekin hitz egin gabe landu dute. Agertoki bat planteatu dute ondorio batera iristeko, baina agertoki hori ez da erreala: larreei, animaliei, artzainen adinari edo hutsik dauden txabolei buruzko datuak ez dira egiazkoak». Ezenarrok, aldiz, defendatu egin ditu txostenaren egileak: «EHUko irakasleak eta adituak dira. Lan akademiko eta zientifiko bat da». Huesak erantsi du datuak erakunde publikoetatik hartuak direla: «Eta administrazioak baditu datu errealak, horien arabera ematen baititu esleipenak eta diru laguntzak. Larria da datuok auzitan jartzea».

Prozesu «gardenagoa»

Harago doa Nazabalen ezinegona, dena den. Sektorerako epe luzerako politikarik ez edukitzea egotzi die erakundeei: «Aspaldi ari dira esaten lanbideak ez daukala erreleborik, nahiz eta gazteak iristen ari diren. Kanpotik begiratuta, erraza da: zertarako egin pista berriak, sektorea desagertuko bada? Baina kolektibo honetan gaudenontzat, latza da hori. Laguntzera datoz, ala amaiera ematera?». Aitortu du badakitela esku hartze batzuek kalteak eragingo lituzketela. «Baina uste dugu beharrezko kalte bat dela onura handiago bat lortzeko».

Asteazkeneko bilera «abiapuntu okerra» izan zen EHNEko kidearentzat, baina ibilbide berri baten hasiera izan zen Landarlaneko ordezkariarentzat. Mankomunitateak aholku batzordea martxan jarri izana txalotu du Huesak: «Aspalditik eskatzen ari ginen gaiak ordezkari politikoen batzarrera heldu aurretik herritarrok eta eragileok aukera izan behar genuela ekarpenak egiteko eta eztabaidatzeko. Bilera irekiak egitea ona da».

Ildo horretan, Ezenarrok azaldu du parte hartzea sustatu nahi dutela agintaldi honetan: «Orain arteko funtzionamendua oso itxia izan da, arazo handiak izan ditugu dokumentuak ikusteko, eta horrek tentsio handiak sortu ditu. Gardentasun ariketa bat da aholku batzordea abiatzea». Pisten auzia beste modu batera kudeatzeko aukera emango duela uste du: «Orain badugu eragile guztiak bilduko dituen eztabaida foro bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.