martxelo otamendi
Udal eta foru hauteskundeak. ANALISIA

Estatu politika berriro?

2019ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Europako hauteskundeetan bakarrik bozkatzen dugu batera Euskal Herri osoko herritarrok, bost urtean behin gertatzen dena. Atzoko hauteskundeen ondoren hauteskunde nazional batzuetan denok batera berriro botoa ematetik gertuago gauden edo ez izan liteke denborarekin aztertu beharko liratekeen ondorioetako bat.

Nafarroa zen askorentzat atzoko interesgune nagusia, jokoan zeudelako aldaketaren gobernua osatzeko aukerak ahalbidetu zituzten emaitzak. Gure herrian inon nabaritu bada Sanchez efektua, Nafarroako hauteskundeetan izan da, laugarrena izatetik bigarrena izatera pasatu baita PSN. Irabaziko ez zuela jakitun—nagusitasun handia erakutsi zuen atzo beste behin Nafarroako eskuinak Navarra Suma markaren barruan UPN, PP eta Ciudadanos bilduta—, PSN galtzaileen sailkapenean zein lekutan geratuko zen jakinahi nagusia zen atzo gauean.

Aldaketaren laukoak irabaziko ez zuela igarrita eta iragarrita zegoen, duela lau urteko garaipena oso estua izan zelako; bereziki Ciudadanoseko hautagaiak lortutako 9.993 botoak zakarrontzira joanda, UPN-PSN blokeari eragotzi ziolako gehiengoa osatzeko behar zuen eserlekua. Bigarren faktorea, oso emaitza onak lortu zituen Podemosen krisia izan zen; ezkerreko krisi guztiak bezala, zauritu asko utzi zituelako krisiaren eragileen artean eta etsitu asko boz emaileen artean. Podemosen krisi horri Sanchez efektua eransten badiogu, hobeto ulertuko dugu atzo PSNk lortutako eserleku kopurua.

Bigarrena gelditu da PSN Nafarroan. Bistan da ez dela gauza bera bigarrena gelditzea, Geroa Bai eta EH Bildu atzetik dituela, edo laugarrena gelditzea, bi alderdi abertzaleak aurretik geratuta. Bigarrena izanda, derrigorrez pentsatu beharra daukagu Txibitek bat egingo duela Navarra Sumarekin gobernua osatzeko orduan, onartuta ere urrea eskainiko diola Esparzak Txibiteri inongo tentalditan eror ez dadin?

2007ko udako aurrekaria daukagu. Orduko hartan Geroa Bai bigarrena geratu zen eta PSN hirugarrena. NaBaik lehendakaritza eskaini zion PSNri, nahiz azken hori atzetik geratu. Negoziazio luzeak izan ziren ekainean, uztailean eta abuztuan. Ezaguna da PSNko buruzagiak prest zeudela NaBairen eskaintza onartzeko eta borroka handia eduki zutela PSOEko zuzendaritza nagusiarekin. Azkenean, PSOEko buruzagi Jose Blancok agindua eman zien alderdikide nafarrei NaBairen eskaintzari uko egin eta, aurreko urteetan bezala, UPNrekin egiteko akordioa. 2007n izan zen hura, eta PSOEn erabakia hartu zutenak ez daude gaur egun, Blanco ez delako ezer alderdian eta, negoziazioa ezagutu zutenen ustez, benetako erabakitzailea izan zena, Rubalcaba, hilda dagoelako.

Bada elementu bat kontuan hartu beharko dena hurrengo asteetan, lehen lerrora azaleratuko delako. PSNko kide garrantzitsu baten esku dago PSOEren batzorde eragilean Lurralde Koordinazioaren idazkaritza: Santos Cerdan milagroarra. Behin eta berriro adierazi die ingurukoei, emaitzek horretarako bidea emanez gero, aukera guztiak baliatuko dituela UPNrekin akordioa ez egiteko, eta atzoko emaitza onek lagundu egingo diote ahalegin horretan. PSN bigarren geratu da, lekurik egokiena maniobra hori egin nahi dutenentzat.

Abuztuko kolpea 2007an geratu zen, orduko egoeran. Baina 2007a ez da, denon zorionerako, 2019a. Egoera asko aldatu da, eta orduan PSNk lehendakaritza hartzearen aurka PSOEn erabilitako zenbait argudio indargabetuta daude 12 urte pasatu eta gero. Nafarroa beti izango da estatu auzia Espainian, baina gehiago zen 2007ko abuztuan, gaur baino.

Laukoak gehiengoari eusteko erakutsi duen ezintasuna ikusita, urrezko aukera galdu baitu, epe luzera jokatu beharko dute Nafarroan, estatu politika propioarekin, aldaketa bultzatu duten alderdi abertzaleek, estrategikoa delako Nafarroako sozialistak UPNren bloke gogorretik ateratzea. Gaitz erdi litzateke.

Iruñea ere galdu du laukoak, nahiz Asiron alkateak emaitza ona lortu. Hiriburuko udal emaitzek baieztatu egin dute, aurrekoetan baino nabariago oraindik ere, Geroa Baik daukan Barkos menpekotasun larria, eragotzi egiten diona erakundeen bi maila nagusietan, gobernua eta udalak, neurri beretsuan erreferentea izatea. Eta egiturazko defizit horrekin hankamotz geratzen da koalizio horren eskaintza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.