Txina

Festa amaitzen ari da

Txinan, pandemiaren ondorengo susperraldi ekonomikoa itzaltzen ari da: hazkundea moteltzen ari da, etxeen merkatua ez dabil ondo, eta gazteen langabezia tasa inoiz baino handiagoa da. Agintariak kezkatuta daude.

Graduazio eguna Pekingo Renmin unibertsitatean. Inoiz baino graduatu gehiago daude, baina lan merkatua gainezka dago. WU HAO / EFE.
Josep Solano
Tokio
2023ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Txinaren susperraldi ekonomikoa moteltzen ari da pixkanaka, Asiako erraldoia inoiz ez bezala baitago: hazkundea ikaragarri apala da, inoiz baino gazte gehiago daude langabezian, eta etxeen merkatua krisi betean dago; baliteke horrek guztiak kolokan jartzea Txinak munduan duen tokia.

Duela egun batzuk, Pekinek jakinarazi zuen urtetik urterako %6,3ko hazkundea izan duela urteko bigarren hiruhilekoan, aurreikusi baino askoz txikiagoa, %7,1 haztea espero baitzen.

Txinako Estatistika Bulego Nazionaleko bozeramaileak (NBSC ingelesez), Fu Linghuik, komunikatu baten bidez ziurtatu du herrialdeko ekonomiak «bultzada ona» izan duela «suspertzeko bidean», urtetik urtera %4,5 hazi baita lehen hiruhilekoan, eta %6,3 bigarrenean. «Merkatuaren eskaria suspertu egin da pixkanaka; produkzio eskaintzak gora egiten segitu du; enplegua eta prezioak egonkorrak izan dira oro har; eta herritarren irabaziak handitu egin dira etengabe», adierazi du prentsa ohar batean.

Zenbait analista bat datoz azken hiruhilekoko hazkundearen datua, %6,3koa, puztua dagoela; izan ere, COVID-19aren pandemia zela eta, 2022ko tarte berean mugatuta egon zen jarduna, eta herrialdeko hiri batzuk konfinatuta zeuden oraindik. Duela urtebeteko denbora tarte berean, urtetik urterako %0,4ko hazkundea erregistratu zen Txinan, murrizketa batzuk baitzeuden orduan, hala nola bat-bateko itxierak, bidaiatzeko debekua eta fabriken itxiera; Txinan azken urteetan hiruhileko batean bildutako daturik okerrenetako bat da hori.

Hiruhilekotik hiruhilekorako hazkunde datuei dagokienez konparazio oinarri errealistagotzat jotzen da, munduko bigarren ekonomia %0,8 baino ez zen hazi apiriletik ekainera. Datu hori txikiagoa da aurreko hiru hilabeteetan erregistratutakoa baino (%2,2), eta urritik abendura ere apala izan zen jarduera. Beste datu batzuek, hala nola txikizkako salmentari dagozkionek, erakutsi dute pandemiaren osteko suspertzea moteltzen ari dela: NBSCren arabera, datu hori %3,1 handitu da, eta horrek esan nahi du hazkundea geldotzen ari dela, maiatzean %12,7 handitu baitzen.

Inflazio tasa, berriz, negatiboa da uztailean (-%0,3) eta arazo sakonen ohar gisa erabili dute analista batzuek.

Yasuhiro Ueda ekonomialari eta burtsako adituak BERRIAri azaldu dionez, herrialdearen hazkundea «ekonomiako agintariek espero baino azkarrago» moteldu da, herrialdea berriz irekitzeko bultzadaren ondorengo beherakada dela eta. «Ez da harritzekoa Txinako arduradun politikoak gero eta kezkatuago egotea joera horretaz, eta ulertzekoa da ekonomia sendotzeko neurriak hartzea, nahiz eta badirudien neurri horiek ez dutela balio izan bultzada nabarmenik emateko», esan du Uedak.

Adituak adierazi duenez, gaur egun dituzten datuek erakusten dute moteltzeko joera hori ez zela ekainean amaitu: itxuraz, hirugarren hiruhilekoaren erdialdera arte iraungo du gutxienez, eta etorkizunerako aurreikuspenak ere ez dira preseski itxaropentsuak.

Gazte langabeak nonahi

Estatistika zentroak beste datu baten berri ere eman du: 16 eta 24 urte arteko gazteen %21,3 lanik gabe zeuden ekainean, eta maiatzean %20,8 ziren. Datu ofizialak biltzen direnetik erregistratutako daturik okerrena da.

Kopuru horiek berretsi egiten dute ekainean zabaldutako irudietan ikusten zena: Txinako sare sozialak ia kolapsatu egin ziren, graduatu berriak ziren hainbat erabiltzailek argazki eta curriculum pila jarri baitzuten sarean, etsi-etsian enpresa handi batean lan egiteko aukera baten bila. Mendebaldeko hedabide batzuetan, zenbait adituk ziurtatu dute litekeena dela Txinako autoritateek emandako kopurua halako bi edo gehiago izatea benetan gazte langabeak, eta uste dute agian %50 baino gehiago ere badirela.

Gaur egun, Txinan graduatu berri direnek bi aukera baino ez dituzte ia: landa eremuetara itzuli eta eskuz egiten diren lanak onartzea, edo gaizki ordaintzen den sektoreetan lan egitea, haietan enplegua oraindik ere ugaritzen ari baita neurri batean, talentu gazteak esplotatzearen kontura. Ikasle horietako gehienentzat eta haien familientzat, ez da erraza aukera horietako bat ere onartzea; izan ere, gurasoek ikaragarrizko sakrifizioak egin behar izaten dituzte seme-alabek goi mailako ikasketak egiteko modua izan dezaten. Azken egunetan, graduatu berri horietako askok sare sozialetan kontatu dute lana eskaini dietela landa eremuetan, eta hainbatek aitortu dute onartu egin dutela eskaintza.

Egiturazko arazoak

Enplegu falta hori 2021 erdialdean hasi zen, teknologia sektorean ehunka mila lanpostu kendu baitzituzten, zenbait arrazoirengatik: COVID-19aren pandemia zelako, kapitalaren erregulazio zorrotzak eta monopolioen aurkakoak ezarri zirelako, eta Pekingo gobernuak «teknologiaren sektorea estu hartu» zuelako. NBSCko bozeramaile Fu Linghuik aitortu du «egiturazko arazo nabarmenak» daudela lan merkatuan, eta iragarri du gazteen langabezia tasa are handiagoa izango dela, 2023an inoiz baino jende gehiago graduatu baita unibertsitatean.

Txinan ekonomia moteldu izanaren beste faktore garrantzitsu bat zera da, etxeen sektorearen krisia: zenbait analistaren arabera, herrialdeko BPGaren %30 inguru hartzen du —zeharkako faktoreak gehituta—. Sektore horretako enpresa asko likidezia arazoak izaten hasi ziren 2021ean, Pekinek mugak jarri baitzizkion palanka efektuaren bitartez finantzatzeko moduari. Ondorioz, erosleek konfiantza galdu zuten, merkatua moteldu egin zen, eta prezioak merkatu egin ziren, kezka sortzeraino; izan ere, etxebizitza da Txinako familiek inbertsioak egiteko erabiltzen duten bide nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.