Guadi Galego. Abeslaria eta musikaria

«Galizierazko musikan normalizazio prozesu bat gertatzen ari da»

Galegoaren aldeko aktibismoa eta musika bereizi ezin diren bi esparru dira Guadi Galegorentzat. Duela 11 urte hasi zuen bakarkako bidea. Eleaniztasuna sustatzeko 'Immersion' lanarengatik saritu berri dute.

CARLOS ABAL LOBATO.
Ane Eslava.
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Urteak dira kantuak sortzen eta abesten hasi zela, baina Guadi Galegok (Cedeira, Galizia, 1974) esparru berriak probatzen jarraitzen du. Immersion diskoan (2019), aurretik sortutako hainbat kantu bildu ditu, eta zazpi hizkuntzatan kantatu —galegoz, euskaraz, portugesez, araneraz, asturieraz, katalanez eta gaztelaniaz—, beste hainbat abeslari eta musikarik lagunduta. Espainiako Estatuko Errealitate Eleaniztunaren Sustapenerako Saria eman diote lan horregatik. Ostegunean Donostian izango da, Dabadaba aretoan.

Zer esan nahi du zuretzat sari honek?

Oso hunkigarria izan da sari hau jasotzea. Bizitza filosofia bati eman diote saria: aberasten eta handi egiten gaituen mundu pluralari. Izan ere, niretzat, hizkuntzaren alde egitea utzi diguten ondare bat defendatzea da. Inori ez litzaioke bururatuko hirietako katedral enblematikoak erortzen uztea; bada, hizkuntzekin berdin behar du izan.

Zergatik kantatu duzu diskoan zazpi hizkuntzatan?

Penintsulako herrietako kulturekin dudan loturarengatik, txiki-txikitatik toki horietako herri musikak entzun ditudalako etxean. Eta, bestalde, beste lurralde batzuetako artistekin egitea erabaki dut, gaur egun sortzen ari direnekin, erakusteko hau bizirik dagoela; gure hizkuntzetan eraikitzen ari garela. Niretzat honen guztiaren atzean konpromisoa dago; aktibismoa, militantzia.

Hizkuntzen aldaketek asko aldatu al dituzte abestiak?

Batzuk bai. Abeslariek, beren hizkuntzetan abesten dutenez, azentuaren eta hizkuntzaren arrastoa eman diete kantuei. Gehienak haiek egokitu dituzte: euskarazkoaren kasuan [Tribua], Ainhoa Aranburu bertsolariak eta Mikel Urdangarin kantariak egin zuten egokitzapena. Eta emaitza oso indartsua da: basatia.

Zer moduz euskaraz kantatzen?

Aurretik ere abestu izan dut euskaraz: Iñaki Plaza & Ion Garmendia taldearekin bi kantu abestu nituen. Eta letra irakurtzean ez zitzaizkidan ateratzen, baina kantatzean, bai. Bitxia da.

Beste artistekin abestea modu bat izan daiteke jendea galiziar musikara gerturatzeko?

Bai, noski. Niretzat garrantzitsua da muga kulturalak gainditzea eta nire jendeari erakustea beste leku batzuetan ari direla gauza izugarriak egiten beren hizkuntzetan. Diskoan badira gaztelaniaz abesten dutenak: Andres Suarez, Mercedes Migel Vega, Ivan Ferreiro... Filosofiarekin bat egin dute. Hau harago baitoa: hizkuntza aniztasunaren aldeko kantu bat da.

Diskoan esperimentatu nahi izan duzula esan duzu.

Bai. Oso ekoizpen minimalista da. Funtsean pop musika da, baina sartu ditugu tradizioarekin lotura duten elementuak, hala nola txalaparta. Eta aldi berean badu elektronika, jazza, rocka...

Harrera ona izaten ari da?

Diskoa Galizian mugitu dugu batez ere, eta zoragarria izaten ari da; txundigarria. Jendea naturaltasunez, alaitasunez eta jakin-minez sartu da hizkuntzen kontuan.

«Matriarkei» eskainitako kantu bat dago. Zertan datza?

Ama izan nintzenean, emakumeekin lotura duten abesti asko idatzi nituen. Matriarcas, Brilhantes Ativistas-ek hitz egiten du nik matriarkatu gisa ulertzen dudanaz. Galizian existitzen da gizarte matriarkalaren boterea, eta beste gizarte batzuetan ere bai, nik uste, batez ere landa eremuan. Matriarkak amak dira, baina baita amonak ere, izebak eta seme-alabarik ez duten baina familia nukleoen edo gizarte komunitateen zutabe ekonomiko eta soziala mantentzen duten emakume guztiak. Emakumerik gabe nire bizitza ez litzateke berdina izango; ni lehengusinek, ahizpek, lagunek, kideek salbatu naute beti.

Abesti berri bat ere badago.

Bai, Balada de Veran. Norberaren maitasunaren aldeko kantua da, zaren bezala, zure akatsekin, zeure burua maitatzearen aldekoa.

Urte asko daramatzazu musikan; hasieratik erabaki zenuen galegoz abestea?

Bai. 1997an Berroguetto taldean sartu nintzen, eta ordurako galizieraz egiten genuen. Eta gero ez nuen izan zalantzarik; niretzat ez zegoen beste aukerarik. Urte asko daramatzat hizkuntzaren aktibismoan; bizimodu bat da. Baina oraindik ere galdetzen didate ea zergatik kantatzen dudan galegoz, eta ez ingelesez edo gaztelaniaz. Hor gaude oraindik ere...

Zein da hizkuntza gutxitu batean kantatzearen alderik onena?

Bereizten zaituela. Globala ez den guztiak berezi bihurtzen zaitu. Hizkuntza gutxitu batean abestean norbaitengana iristen bazara, haren barruraino iristen zara. Emozioaren atalasea gainditzen duzu. Nik behin Mexiko Hiriko Zocalo plaza osoa ikusi nuen euskaraz kantatzen Fermin Muguruzarekin, eta txundituta geratu nintzen: 20.000 arima euskaraz abesten! Berdin zitzaien ulertzen zuten ala ez: dena ematen ari ziren. Niretzat hori iraultzailea da.

Nola dago orain galizierazko musika? Izan ere, hango abeslaririk ezagunenek beste hizkuntza batzuetan kantatzen dute.

Industriarik globalenean daudenek, oro har, ez dute galegoz kantatzen, baina gero eta jende gehiago ari da musika galegoz sortzen eta kanpoan eragina izaten. Adibidez, [Maria Xose Silvar] Ses-ek rocka eta egile musika egiten du,mezu handikoa, eta asko hedatzen ari da. Badira musika tradizionalarekin mugak gainditzen ari direnak ere: Xabier Diez, kasurako. Galizierazko musikan normalizazio prozesu bat gertatzen ari da, baita beste esparruetan ere: literaturan eta poesian, adibidez.

Folkarekin lotzen da Galiziako musika, baina beste generoetara zabaltzen ari da. Hori ere aldatzen ari dela esango zenuke?

Bai, normalizazio prozesuaren atal bat da. Euskal Herriko rocka, adibidez, oso indartsua da, baina urte asko daramatzazue rocka euskaraz egiten. Orain hori normala izateko prozesu bat egon behar izan du, eta hori da hemen gertatzen ari dena. Pixkanaka doa: urteak beharko dira, eta denok norabide berean bultzatzea.

Zuk zeuk hainbat estilo probatu dituzu musikan hasi zinenetik.

Ni musika tradizionalarekin jaio eta hazi naiz, eta, hortik abiatuta, gauza ugari konposatu ditut. Gero, esparru horretatik musika intimoagoetara mugituz joan naiz, eta orain pop estiloan nago. Hala ere, ez zaizkit gustatzen etiketak. Batzuetan behar ditugu eta ongi daude, baina gizarteak prest egon beharko luke aniztasuna onartzeko, denok etiketa bat itsatsita eraman behar izan gabe.

Donostian eman behar duzu kontzertua. Pentsatzen dut berezia izango dela Euskal Herrira halako disko batekin joatea.

Bai, ilusio handia egiten dit. Hainbeste urte dira ez naizela Euskal Herrira joaten... Berroguettorekin egon nintzen Getxokojaialdian [Bizkaia], duela hamabost bat urte, eta ordutik ez naiz itzuli. Oso pozik nago han euskaraz abestuko dudalako. Ea zer esaten didaten! Mikelek [Urdangarin] esaten zidan euskaldun exotikoa ematen nuela! Baina pentsatzen dut ez direla oso zorrotzak izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.