'Txoriontasuna' ote?

Kielgo Unibertsitateak argitaratutako ikerketa baten arabera, geroz eta txori gehiago ikusi, orduan eta zoriontsuagoa da jendea. Adituen ustez, hainbat arrazoi egon daitezke zoriontasun sentsazio horren atzean.

Regulus Igniacapilla espezieko hegazti bat. ANNAÏS PASCUAL / EFE.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Animalia txikiak, edo ez hain txikiak, bihurriak agian, mugituak, alaiak... horrelakoak izan daitezke txoriak. Batzuentzat lasaigarria izan daiteke haien kantua, eta beste batzuentzat, ordea, nekagarria. Kielgo Unibertsitateko (Alemania) ikerketa batek zoriontasunarekin lotu ditu txoriak.

Hain zuzen, haien ikerketaren ondorioetako bat honako hau izan da: geroz eta txori gehiago ikusi, orduan eta zoriontsuagoa omen da jendea. Ikerketak 26 herrialdetako 26.000 pertsonaren erantzunak izan ditu aztergai —Austria, Alemania, Danimarka, Grezia... besteak beste.

Edorta Unamuno Urdaibai Bird Centerreko ornitologoa da, eta aipatu du bertan lan egiten duenetik «oso zoriontsua» dela. Urdaibaiko paduran dauden hegaztiak ikertzeaz, horren dibulgazioaz eta espezieen eta ingurunearen kontserbazioaz arduratzen dira bertan. Haren ustez, naturan lan egiteko aukera duen jendeak zoriontasun hori izateko aukera du, «luxu bat» baita bertan lan egitea.

«Orokorrean txoriak askatasunarekin lotzen ditugu, hegan ikusten ditugulako. Horrek zerikusia izan dezake zoriontasunarekin», aipatu du. Unamunok gehitu du ez dela ahalegin handirik egin behar txoriak ikusi ahal izateko, gutxien esperotako lekuetan topatu daitezkeelako, bai herrietan eta baita hirietan ere: «Atentzio pixka bat jarriz gero, ikus daiteke hor daudela».

Txoriek bidaiatzeko aukera eman dezakete, bai literalki eta bai metaforikoki. Txorien migrazio bidaiak ezagutuz, tokitik mugitu gabe bidaiatzeko aukera baitago. Enarak neguan Finlandia ingurutik Afrika iparralderaino joaten dira, tenperatura epelagoen bila. 16 gramo soilik pisatzen duten animalia txikiak dira. Udaberri inguruan ikus daitezke Iberiar penintsulan, eguraldia epeltzen hasten denean.

Ingalaterran eta Herbehereetan, adibidez, txoriak behatzeko zaletasun handia dago. Ornitologia gizartean erabat txertatuta dago, eta, Unamunoren hitzetan, oso ohikoa da hango familietan txoriak behatzera joateko plana egitea. Euskal Herrian ere geroz eta gehiago dira ornitologiarekiko zaletasuna duten pertsonak. Unamunok oroitu duenez, Urdaibai Bird Center eraiki zutenean, Gautegiz Arteagako (Bizkaia) herritarrek ez zuten uste jendea hara txoriak eta hegaztiak ikustera joango zenik. Orain 40.000 bisitari izaten dituzte urtean. «Oso ohikoa izaten da herrian jendea prismatikoekin edo argazki kamerarekin ikustea».

Gozatzeko aukera

Hauek dira ornitologoak ematen dituen aholkuak, txoriak behatzen hasi nahi dutenentzat: «Momentua aprobetxatu behar da, txoriak ikusteko egiten ari garen ibilbideaz. Ibilbide horretan txoriren bat ikusteko aukera baldin badago, ondo baino hobeto». Gainera, gehitu du zaletasun horretan gehiago sakontzeko aukera dagoela teknologikoki izan diren aurrerapenei esker. Adibidez, zenbait aplikazio daude txorien kantuak identifikatzeko.

Unamunok esan du Euskal Herrian txoriak behatzeko «toki paregabeak» daudela. Batez ere, hasiberrientzako toki aproposak dira honako hauek: Plaiaundiko parke ekologikoa (Irun, Gipuzkoa), eta Pitillas (Nafarroa) ingurua, esaterako. Kontatu du pixkanaka hasitako jendea, urte batzuen ostean, txoriak ikusteko asmoz bidaiatzen aritzen dela.

Santurtziko (Bizkaia) Villena txori dendako jabea da Montse Villena. Haren amak ireki zuen denda, 1986an, eta hark erretiroa hartzean, ez zuen zalantzarik izan dendaren ardura hartzeko. 25 urtetik gora daramatza negozioan. Mota askotako txoriak ditu dendan: kanarioak, perikitoak, loroak, agaporniak...

«Txoriek eguna kantuan pasatzen dute, eta horrek alaitasun handia ematen die bai jabeei eta baita ingurukoei», adierazi du. Villenak «izugarri» atsegin du txoriekin lan egitea; beraz, txoriek nolabaiteko zoriontasuna ematen dutela baieztatzen du.

Gainera, azaldu du etxean txori bat izateak balio eta ohitura batzuk barneratzeko aukera ematen duela: «Adinaren arabera, gauza desberdinak ekar ditzake. Haur batek ikasiko du jaten ematen eta ardura bat izaten. Jabe helduagoen kasuan, zeregin bat izaten laguntzen du».

Naturaren garrantzia

Azken finean, txoriak behatzea eta haiekin egotea naturatik gertuago sentitzeko bi jarduera izan daitezke. Joseba Miranda, besteak beste, zainketa aringarrietako psikologoa da Santurtziko San Juan de Dios erietxean, eta Bizkaiko Psikologoen Elkargoko kide ere bada. «Ez da ikerketa oso sakonik egin behar naturarekin zerikusia duen zerbaitek zoriontsu egiten gaituela frogatzeko», aipatu du. Haren ustez, gizakiek eguneroko bizimoduan alde batera utzi dute natura: «Oso mentalak bilakatu gara; gure pentsamenduetan zentratuta bizi gara, eta ingurukoa ahaztu zaigu».

Mirandaren hitzetan, garuna gezurra esateko gai den organo bakarra da, eta sarritan, hari kasu egiteagatik, ahaztu egiten da gorputzari onura egiten diezaiokeena. Txoriek, edota orokorrean animaliek, eta naturak, gorputzak behar duen lasaitasun hori eman dezakete. «Natura gure eguneroko bizimodutik ezabatu dugu, eta asfaltoarekin aldatu dugu».

«Funtsean, animaliak gara, eta gorputzari kasu egiten diogunean ikusten da hobera egiten dugula», aipatu du. Psikologoak kontatu du gaur egungo bizitza erritmoaren ondorioz duela zenbait urte existitu ere egiten ez ziren hainbat nahasmendu agertu direla; adibidez, nortasun nahasmenduak.

Mirandarentzat, naturak aukera ematen du norberarekin, norberaren zentzumenekin eta pertzepzioarekin bat egiteko. Fisiologikoki gorputzean hainbat onura eragiten ditu natura gertu sentitzeak: presio arteriala murrizten du, nerbio sistemaren asaldura gutxitzen du, immunitate sistemaren funtzionamendua hobetzen du, kortisola murrizten du, eta oxitozina igotzen du, besteak beste. «Gure gorputza ondo ikusten badugu, metabolismo egokiarekin, geure burua ere osasuntsu egongo da. Lotuta daude». Horretarako, Mirandak lasai bizitzen saiatzea gomendatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.