Siluruaren lorratza

Sobrongo urtegian siluruak daudela berretsi dute. Espezie inbaditzaile bat da, eta horien inguruan egiten diren kirol arrantza eta kudeaketa ere badakartza mahai gainera. Arrain harrapakari horrek bi metroko luzera eta 100 kiloko pisua izan dezake, eta sarraskiak eragiten ditu ur gezetako hainbat ekosistematan.

Siluru gazte bat (Silurus glanis), urtegi baten hondoan. BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Tamainaren parekoak ditu kondairak, eta sortzen dituen errezeloak. Haren lorratzari jarraitzea bada korrontearen kontra egitea (ere). Ez dago datuei eta ekinbideei buruzko informazio handirik, eta gehiago dira ixten diren ateak irekitzen direnak baino. Iturriek hitz egiten dute izenek baino gehiago, eta sail batetik bestera egiten du jauzi gaiak: espezie inbaditzaileak eta kirol arrantza.

Ez da asmoa alarma eragitea, ez dagoelako, oraingoz, alarmarako motiborik. Baina datu objektiboak bai: Sobrongo urtegian —Burgosko eta Arabako lurralde zatiak hartzen ditu ur masa horrek—, siluruak agertu dira (Silurus glanis). Gaztela eta Leongo Gobernuak eman ditu datuak, eta haien kontrolerako plan bat ezarri du—2019an hasi ziren, eta Sobronen gutxienez hamar siluru arrantzatu dituztela nabarmendu dute—. Arabako Aldundiko Ingurumen Saileko iturriek diote haiek ez dutela halakoen berririk. BERRIAk arrantzaleen inguruko iturrietatik jakin du: «Silurua Sobronen aspalditik dago, eta Arabako beste urtegiren batean ere bai. Egon badaude, nahiz eta ez diren asko». Aldunditik dioten bestea: «Gaur egun, araudian, silurua ez dago espezie inbaditzaile gisa katalogatuta. Horrek ez du esan nahi araudi hori aldatuko ez denik».

Hori hala da, eta Araban ezin da, berez, silururik arrantzatu. Espezie Exotiko Inbaditzaileen Katalogoan daude zerrendatuta animalia horiek, Espainiako Gobernuak 2013an argitara emandako dekretuaren bidez. Han silurua agertzen da —beste hainbatekin batera—, baina Arabako Aldundiaren zerrendan 2007a baino lehen sartu zituzten espezie inbaditzaileak daude, eta haien arrantza baimentzen dute, baina kontrolatzeko eta desagerrarazteko bada: ortzadar amuarraina (Oncorhynchus mykiss), alburnoa (Albrunsun alburnus), black bass (Microrepterus salmoides), zamo arrunta (Cyprinus carpio), eta lutxoa (Esox lucius). Arrantzatu eta ezin dira berriz uretara itzuli; sakrifikatu egin behar dira.

Bizkaiko Aldundiak 2018an aldatu zuen 2007ko bere legea, eta eguneratu du espezie inbaditzaileen atala: ortzadar amuarraina eta black bass delakoa arrantza daitezkeen espezien zerrendan daude, «baina mugatze kartografikoa egin den ur masetan». Aldiz, debekatuetakoen zerrendan ditu, besteak beste, silurua eta lutxoa: «Espezie horietako arrainen bat nahigabe harrapatuz gero, hil egin beharko da, neurriari begiratu barik, eta arrainaren neurria eta harrapatu den lekua jakinarazi beharko zaizkio Arrantza Kudeatzeko Zerbitzuari».

Gipuzkoako Aldundiak ere eguneratuta dauka bere araudia. Gaur egun, arrain espezie inbaditzaileak Urkulu urtegian bakarrik arrantzatu daitezke, eta zerrendan ez da silururik ageri: ortzadar amuarraina, zamo arrunta, alburnoa, perka (Perca fluviatilis), eguzki perka (Lepomis gibbosus), eta black bass-a ageri dira: «Ezingo da inola ere uretara itzuli bizirik dagoen aipatutako arrain espezierik, eta berehala hil beharko dira harrapatutako guztiak».

Nafarroan ere gaurkotua dute araudia. Baimenduta dago siluruak, zamo arruntak, lutxoak, black bass-ak, alburnoak eta katu arrainak arrantzatzea, baina, espezie inbaditzaileak direnez, ezin dira uretara itzuli edo bizirik utzi. Aldiz, debekatuta daude ganbusiak, perkak, eguzki perkak, lutxo perkak eta eskardinoak.

Ipar Euskal Herrian, silurua ez dago espezie inbaditzaileen zerrendan sartuta. Frantziako Ekologia Ministerioak kudeatzen du EEE Espezie Exotiko Inbaditzaileen zerrenda, eta ageri direnak bestelakoak dira: Perca fluviatilis,Perccottus glenii, Plotosus lineatus eta Pseudorasbora parva.

Bakoitzak du, beraz, bere araudia, baina mahai gainean dagoena da espezie inbaditzaileen kontrola eta kirol arrantza. Uztartze horren balekotasuna, eta eraginkortasuna. Siluruak, azken batean, irudia jartzen dio horri: hura da handiena tamainaz, sonaz eta kaltez. Bi metrotik eta 100 kilotik gora izan ditzake. Ibaien eta urtegien hondoetan bizi da, baina ur gazietan ere molda daiteke, eta bokaleetaraino iritsi. Ez du oxigeno askorik behar, eta kontaminazioak ez dio eragiten. 30.000 arrautza jartzen ditu aldiro, eta 20 urtez bizi daiteke. Harrapakari oldarkorra da, parean jarritako ia guztia jaten duena: bertako arrainak, beste inbaditzaileak, eta anfibioak eta ahateak ere bai.

Europako ekialdean eta Asia erdialdean du jatorria, baina Mequinenzako urtegian (Aragoi, Espainia) sartu zuten arrantzale alemaniar batzuek (1974), eta Iberiar penintsulako ibai eta urtegietara hedatu da geroztik —ekonomia eta turismo oso oparo bat ere eraiki da haren arrantzaren inguruan—.

«Oso zaila da hau kontrolatzea eta kudeatzea», nabarmendu du hasieratik Rafael Mirandak, Nafarroako Unibertsitateko Biodibertsitate eta Ingurumen Institutuko biologo eta Invasaqua proiektuko ikerlariak. «Espezie inbaditzaileei buruz legeak dioena da desagerrarazi egin behar direla. Baina zer gertatzen da? Haietako asko arrantzatu egin daitezkeela. Administrazioarentzat oso zaila da hori. Espezie bat arrantzatu egin daitekeela erabakitzen baduzu, horren ondorioa da ez duzula desagerraraziko. Siluroa arrantzatu daiteke, karpa arrantzatu daiteke... horrek ziurtatzen dizuna da beti izango dituzula arrain horiek. Kontraesan horrekin egiten du topo administrazioak».

Nafarroako Gobernua da administrazio horietako bat. Ebro ibaian dituzte siluruak eta beste hainbat espezie inbaditzaile. Arrantza Kudeaketako Bulegoko buru Jose Ardaizek zintzoki dio: «Ahal duguna egiten ari gara; arazoa sekulakoa da. Gerra bat daukagu espezie inbaditzaile exotikoen kontra, eta aldiko agertzen zaizkigu bataila gehiago, espezie gehiago, eta jada bataila asko dira, eta espezie asko dira». Mirandak jarri dio neurria: «Ebroko ardatzean jada gehiago dira espezie inbaditzaileak, bertakoak baino».

«Autoan bidaiatzen dute»

Nafarroako Unibertsitateko biologoak dio silurua ez dela «migratzaile handi bat». Nolatan agertu da orduan Araban? Edo nolatan Europa osoko urtegietan azken hamar urteotan? «Esango dizut esaldi bakarrean, eta ulertuko duzu ongi: arrainek kotxean bidaiatzen dute. Kito. Horrekin dena dago esanda», azaldu du Mirandak. «Haiek, noski, ez dute errurik. Arazoa da nork mugitzen dituen eta zergatik mugitzen dituen», erantsi du Ardaizek. Biek argitu dute ez dutela arrantzaleen kolektiboa seinalatzen: «Badaude arrantzale kontzientziatuak eta badaude arrantza mota honetara afizionatu direnak eta sustatzen dutenak ere. Badago jende gaztea bere inguruko ibaietan besterik ikusi ez duena: lutxoak, karpak, siluroak... Hori da haientzat bertakoa. Eta, gainera, haien sustapena egiten da, inbaditzaileena. Saltzen duena zer da? Handia izatea. Geroz eta handiagoa, hobe».

Esan dute arrain «oldarkorrak» direla, «goi mailako» harrapakariak direla, eta gakoa: «Ez dago haiei aurre egingo dien bertako espezierik». Egia da Euskal Herriko ibai eta urtegietan ez dagoela siluru asko. «Jendeak esan dezakeena da 'biologo hauek, ekologista hauek... beti berdin daude, eta ez da ia inoiz gertatzen siluro bat arrantzatzea'. Zer gertatuko da, bada?'». Bada, zerbait gertatzen dela dio Mirandak: «Ur masa batean halako animalia bat sartzen duzunean, goi mailako predatzaile bat sartzen ari zara. Nahiz eta gutxi izan, eragiten duten inpaktua sekulakoa da. Nahikoa da ekosistema horretan izutzen dituenekin; ekosistema hori mugitu egiten du, erauzi egiten du, eta jada ez dute funtzionatzen funtzionatu beharko luketen bezala. Eta errekak sufritu egiten du, eta errekak galdu egiten du».

Konponbidea? «Soluzio zaila» duela dio Mirandak, eta «denak debekatzea» ez dela horietako bat. Ardaiz: «Erreminta bakarra dago honi aurre egiteko: jendea kontzientziatu dadila inbaditzaileen arazoaren tamainaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.