Eginbeharrak, gerotik gerora

Ohitura zaharra eta hedatua da lanak eta eginbeharrak atzeratzea, eta haien ordez zeregin errazagoei eta atsegingarriagoei ekitea, nahiz eta hori egiten duenak badakien geroago heldu beharko diela geroratutako betebeharrei. Prokrastinazioa deitzen dute. Gizakiaren berezko jokabide irrazional bat.

BERRIA.
jakes goikoetxea
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Lasai. Prokrastinatzea ez da gutxi batzuen ohitura, jokabide zabaldua baizik; Gizakiaren berezko ezaugarri bat. Nork ez ditu geroratu edo atzeratu lanak eta eginbeharrak, denbora zeregin arinagoetan eta atsegingarriagoetan pasatzeko, jakinda geroratutako betebeharren itzalak eta zamak hor jarraituko duela eta azkenean egin egin beharko dituela, presaka eta gaizki pasatuta bada ere?

Latinetik dator prokrastinatu hitza: procastinare-k zera esan nahi du, zerbait biharko utzi. Gauzak biharko atzeratzea, beraz. Gainera, latinez badago beste hitz bat, gauzak are gehiago atzeratzea adierazteko: perendinare, perendinatu, gauzak etziko uztea. Aspaldiko fenomenoa da. Erromatarrek asmatu zuten, eta, asmatu bazuten, gertatzen zelako izan zen. Gerotik gerora ibiltzea deitu zion Pedro Agerre Axular-ek Gero klasikoan.

Fenomeno zaharra da, baina gaurkotasun handikoa, eta, haren zabalkundea ikusita, liburu, webgune eta aditu ugari daude eginbeharrak geroratzen dituztenei laguntzeko, mandamentu itxurako konponbideen zerrendekin. Dozenaka ikerketa daude, bai garunaren funtzionamenduan oinarrituak, bai giza portaera aztertu dutenak. Kontrako fenomenoa ere izendatu dute: prekrastinatzea. Lanei eta eginbeharrei berehala ekiteko premia, ahalik eta azkarren bukatzeko. Ez dago geroratzea bezain zabaldua.

Prokrastinatzea ez da zerbait besterik gabe atzeratzea, zerbait geroratzea erabakitzea. Egunero atzeratzen dira eginbeharrak, beste batzuk garrantzitsuagoak direlako. Lehentasun kontua. Ez da lanen artean atseden hartzea ere, atseden hartzea beharrezkoa baita.

Prokrastinazioaren kasuan, zerbait atzeratzen duenak badaki eginbeharra saihesten ari dela eta horrek gero kalteren bat eragingo diola. Eta, hala ere, atzeratu egin egiten du. Izan ere, prokrastinazioa, funtsean, irrazionala da, zentzugabea, kaltegarria izango dela jakinda ere egin egiten baita. Autosuntsitze modu bat da. «Norbere buruari min egitea da», esana du Piers Steelek, Calgaryko Unibertsitateko irakasle (Kanada) eta prokrastinazioari buruzko ikertzaile nagusietako batek.

Bizitzako arlo guztietan

Eginbeharrak atzeratzea lanari lotutako fenomeno gisa azaltzen da sarritan, baina bizitzako arlo guztietan gertatzen da, baita lanetik kanpokoetan ere. Izan daiteke etxeko ganbararen, armairuren baten edo garajearen txukunketa atzeratzea, edota medikuari egin beharreko deia geroratzea. Lan horietako batzuen kasuan, atzerapenak ia ez du mugarik, aste-barruan astirik ez eta asteburuetan egin behar direlako, hau da, norberak lasaitu nahi duenean edo denbora bestelako gauzetan zukutu nahi duenean. Bizitzako eremu batean eginbeharrak atzeratzeak ez du esan nahi besteetan ere hala egiten denik.

Prokrastinazioaren ohiko adibide dira urte hasieran jarri ohi diren helburuak: argaltzea, erretzeari uztea, hizkuntzak ikastea... Eginbeharrak geroratzen dituzten kolektiboak zehaztean, ikasleak aipatzen dira gehien. Askotan ikertu da prokrastinazioa ikasleetan.

«Prokrastinazioaren arazoa da azkenean ohitu egiten garela», dio Jose Ignacio Azkuek. Produktibitatean aditua da, eta Depro aholkularitza enpresaren sortzailea. Produktibitateari buruzko ikastaroak eta mintegiak eskaintzen dizkie enpresei, eta prokrastinazioa ere lantzen du. «Eginbeharren ordez, epe motzean plazera ematen diguten gauzak edo ekintzak egiten ditugu. Beraz, buruak engainatu egiten gaitu, dopamina dosi txikiekin, eta momentuan ondo sentiarazten gaitu, bakean eta atsedenean».

Lanak eta eginbeharrak geroratzeak, ordea, badu ifrentzua. Prokrastinatzaileak badaki egiteko dituela: «Badakizu gaizki jokatzen ari zarela, eta azkenean sentitzen duzu ez duzula erremediorik, ezin izan duzula zerbait egin, eta emozio negatiboetan hondoratzen zara. Beti sentitzen zara gaizki». Beraz, berez momentuan ondo sentitzeko egiten da, baina azkenean gaizki sentiarazten du. Errudun ere bai. «Erruduntasun sentsazio handia eragiten du», nabarmendu du Pablo Gomez de Maintenant psikologo kliniko eta Deustuko Unibertsitateko psikopatologia irakasle ohiak: «Indartu egiten ditu erruduntasun eta gutxiagotasun sentimenduak».

Zama, gainera, gero eta handiagoa izan daiteke: orain egin gabeko gauzei gero egin beharrekoak gehitzen zaizkie.

Eginbeharrak geroratzeko joerak bi ezintasun adieraz ditzake: alde batetik, lana ondo antolatzekoa; bestetik, lan jakin batek sortutako emozio negatiboak kudeatzekoa.

«Prokrastinazioa emozioak erregulatzeko arazoa da, ez denboraren kudeaketa arazoa», esana du Tim Pychyl Ottawako Carleton Unibertsitateko psikologo eta Prokrastinazioaren Ikerketa Taldeko kideak. Eginbeharrak geroratu egiten dira, eginbehar horiei lotutako emozioak saihesteko. Pychylek eta taldekideek 2013ko ikerketa batean ondorioztatu zutenez, prokrastinazioan gogo aldarte negatiboak kontrolatzea eta konpontzea bihurtzen da premiazkoa, ez lana egitea.

Lan edo betebehar batek eragin ditzakeen gogo aldarte negatiboen artean daude antsietatea, asperdura, autoestimu arazoak, beldurra, frustrazioa, segurtasun falta... Lanak geroratzeak emozio negatiboak indartu ditzake, gurpil zoro bat bihurtzeraino, norbere burua kontrolatzeko gai ez dela sentitzeraino. Estresa ere handitu egiten du.

Gizakiaren berezko joera izanda ere, arazo bihur daiteke. Ez da nahasmendutzat hartzen. «Psikopatologiari buruzko eskuliburu ofizialetan ez da agertzen», zehaztu du Gomez de Maintenantek. «Psikologook asko lantzen dugu, baina ez diogu prokrastinazioa deitzen, gauzak edo arduraksaihesteko jokabidea baizik».

Tentaldi gehiago

«Zenbait nahasmendutan agertzen da; beste nahasmendu batzuetatik eratortzen da», gehitu du. Horien artean daude depresioa, nahasmendu obsesibo-konpultsiboak eta mendekotasunak, «teknologikoak batez ere». «Normalean, prokrastinazioa beste arazo psikologikoei eta psikopatologikoei lotuta egon ohi da; batzuetan, mozorrotuta». Kasurik okerrenetan, ondorio pertsonalak ditu, eta senideekiko harremanetan ere eragiten du.

Kasuistikari eta jatorriari dagokionez, askotarikoa da. «Nik, psikologo kliniko gisa», azaldu du Gomez de Maintenantek, «garrantzi handia ematen diet hezkuntzari eta sozializazioari lotutako faktoreei». Kasu bakoitza bat eta bakarra dela dio.

Sarritan, eginbeharrak geroratzea alferkeriari lotzen zaio. Ez dute zerikusirik, Azkueren eta Gomez de Maintenanten iritziz; uste dute beste faktore batzuk garrantzitsuagoak direla. Lau arrazoi nagusi aipatu ditu Azkuek: zerbaiti ekiteko beldurra, lanaren antolaketa txarra, energia falta eta egin beharreko lana oso handia izatea.

Ulergarria izan daiteke lan handi bati ekiteko momentua atzeratzea, egin beharrekoaren neurriak ikaratu egin dezakeelako edo jakina delako ahalegin handia eskatuko duela. Baina eginbehar txikiak ere geroratzen dira: telefono dei bat egitea, esaterako.

Lanaren kasuan, lan egiteko moduaren aldaketak erraztu egin du betebeharrak geroratzeko joera, lana asko aldatu baita urte gutxian, XX. mendearen amaieratik gaur egunera. «Gaur egun, dena da berehalakoa, eta, gainera, guztiz konektatuta gaude, ordu eta egun guztietan», azaldu du Azkuek. «Horrek zer eragiten digu? Lanean etengabe ditugu tentaldiak denbora-pasak eta gauza errazagoak, lehentasunezkoak ez direnak, egiteko. Horrek lanak geroratzea errazten du». Garunarentzat erakargarriagoak dira denbora-pasak, lana eta ahalegina eskatzen duten eginbeharrak baino.

Langile askok denbora-pasa eta tentaldi gehiago dituzte gaur egun, COVID-19aren ondorioz etxetik ari baitira lanean, duela urtebetera arte izan zuten lanerako eremu formaletik, lantokitik, kanpo. Ordutegiak likidoagoak bihurtu dira; zaila da etxean lanerako eremu pribatu bat edukitzea; etxean, lanerako eta aisialdirako eremuek bat egiten dute; etxean, ondoan daudenak ez dira lankideak, senideak baizik.

Telelana

Azkuek nabarmendu nahi izan du kasu horretan arazoa ez dela telelana bera, baizik eta enpresak eta langileak ez daudela prestatuta telelana egoki egiteko: «Inprobisatu egin da etengabe; paraxutik gabe hegazkin batetik jauzi egitearen parekoa izan da».

Izurritearen aurretik telelana oso eraginkorra zela dio. Orain, gutxiago, telelana egiteko baldintzengatik eta, besteak beste, bilera gehiago egiten direlako eta lanaren kontrola handitu egin delako. «Prokrastinazioa handitzea eragin dezakete, ez telelanak, baizik eta telelana egiteko baldintzek».

Uste du eginbeharrak antolatzen jakiteak horiek geroratzea zaildu dezakeela: «Egin beharrekoak ondo zehaztuta eta antolatuta badituzu, oso erraza da zure hurrengo lana aukeratzea».

Lan edo egiteko handiei ekiteko sentitzen den ezintasunarentzat, bada gomendio klasiko bat: betebehar handi hori zati txikitan zatitzea eta pixkana-pixkana egitea. Badira beste asko ere: denbora ondo antolatzea, lehentasunak ezartzea, lortzeko moduko helburuak jartzea, norbere burua gehiegi ez estutzea, ahal baldin bada lanak edo zereginak beste norbaitekin partekatzea, jarritako helbururen bat lortutakoan norbere burua saritzea...

Eginbeharrak geroratzea arazo bat da, baina, paradoxa badirudi ere, Azkueren iritziz hori da produktibitatearen gakoa: «Gauzak atzeratzen ikastea, horiek egiteko unerik egokienera». Une bakoitzean zer egin jakitea, alegia. «Momentu bakoitzean ikusten duzu nola zauden eta zein den egin dezakezun lanik onena, eta bilatzen duzu une bakoitzerako lan egokiena». Norberaren egoerari, emozioei eta momentuko gaitasunei egokitutako lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.