Une oso zehatz batean, toki konkretu batean eta egileak hautatuko ikuspuntu batetik egindako irudiak dira argazkiak; istant baten isla zehatza, segundo batean gertatu zen zerbaiten betikotzea. Argazkiek askotariko helburuak eta intentzioak bildu ditzakete; asmo estetiko-artistikoa izan dezakete kasu batzuetan, edo, fotokazetaritzaren kasuan, informazioa ematea dute helburu nagusi. Testuek nola, irudiek ere informazioa igortzen dute kazetaritzan, baina beti ez da erraza argazki informatiboen esanahi zehatza deskodetu eta ondo ulertzea.
Konfinamenduak, eta hura arintzeak, irudi ugari utzi ditu, eta asko erabili dira herritarren jarrera desegokiak markatzeko ere. Argazkiak usteak berresteko baliatu direla uste du Gari Garaialde fotokazetariak, istant baten irudikapena errealitate oso baten isla bihurtzeko asmoz. «Argazkilariok momentu batean gertatu den zerbaiti argazki bat egiten diogu, une oso zehatz batean eta enkoadraketa batekin, eta horrekin islatzen dugu gertatu den guztitik azpimarratu nahi dugun gauza hori; baina askok esaten dute: 'Ez du errealitatea islatzen'. Eta jakina ezetz; ez du errealitatea islatzen, eta gainera ezin du islatu».
Irudien balioari eta adierazpenari dagokienez, zalaparta berezia sortu du irudi batek. Hego Euskal Herrian konfinamendua arintzeko lehen urratsa egin zenean, haurren estreinako paseo egunean, Juan Herrero Efe agentziako argazkilariak egindako argazki batek, hain zuzen. Haurrak izan ziren, haien gurasoekin batera, bi hilabete luzeren ondoren kalea zapaltzen lehenak. Kale hutsak jendez bete ziren, eta argazki eta lerroburuak ere hasi ziren aspaldiko partez aldatzen. Lehen egun hartan, Efeko argazkilariak Donostiako Zurriolako pasealekuan egin zituen argazkiak, eta bat asko hedatu zen. Argazkian jende ugari ikus zitekeen, lehen kolpean behintzat, bata bestearengandik oso hurbil. Berehala piztu zen eztabaida Twitterren.
Hainbat fase izan zituen: lehenbizi, eztabaidaren muina irudia egiazkoa zen ala ez frogatzea izan zen. Irudia 200 milimetroko teleobjektibo batekin aterata zegoela baieztatu zuen Efe agentziak Gipuzkoan duen ordezkaritzako kide den Rafa Herrero Burgik, eta eztabaidaren norabidea aldatu egin zen. Bi ondorio gailendu ziren Twitterreko erabiltzaileen artean. Batzuek adierazi zuten argazkilariaren intentzioa kalera irten zirenek distantziak errespetatu ez zituztela sinetsaraztea zela. Beste batzuek, berriz, argazkia distantzia horrek errespetatu ez zirenaren adierazletzat hartu zuten, herritarren jarrera desegokiaren erakusgarritzat.
Finean, nork bere aurreiritziak berresteko baliatu zen argazkia, Garaialderen ustez: «Azpian zegoena zen jendearen aurreiritzia, eta jendearen gogoa esateko: 'Ikusten? Ez ginen kalera atera behar, ze ez dugu distantzia mantentzen!' edo 'Bai, atera behar ginen ze mantendu dugu, baina zuek nahi diguzue sinetsarazi ez direla mantendu'».
Efektu optikoa ulertzeaz
Argazkirako erabili zen 200 milimetroko teleobjektiboak sortzen zuen efektuak aztoratu zituen herritarrak. «Irudia zapaltzen du teleobjektiboak, elementuak beraien artean hurbilago dauden itxura emanez», zehaztu du Maria Gorosarri EHUko fotokazetaritzako irakasleak. Efektu horrek piztu zuen txinparta; halere, Garaialdek zehaztapen bat egin du: «Edozein objektibok aldatzen du itxura, hiru dimentsioko mundua bi dimentsiotara ekartzen ari baikara. Ez dago bat zuzena eta beste batzuk okerrak. Berez, argazkitara ekartzean, errealitateko zerbait itxuraldatzen ari gara, eta hori da ikasi beharko genukeen lehenengo gauza». Argazkiak irakurtze horretan zailtasunak daudela uste du Garaialdek, eta horrek bide ematen diela interpretazio okerrei.
Funtsezkoa da objektibo mota bakoitzak sortzen duen efektua ulertzea: «Zenbat eta teleobjektibo luzeagoa izan, hau da, zenbat eta milimetro gehiago izan, sakonera gehiago zapaltzen da; urruti dauden gauzak erakarri egiten dira, eta gauza bat bestearengandik gertuago dagoela ematen du. Aldiz, zenbat eta angelu handiagoa erabili, hots, milimetro horiek gutxiagotzen joan ahala, areagotu egingo da elementuen arteko distantzia sentsazioa». Are, sakelako telefonoetako kamerek angelu zabalak erabiltzen dituztela erantsi du Gorosarrik.
Objektiboen erabileran, eta konfinamenduan nahiz arintzean ikusi eta hedatu diren irudietan, sailkapen bat egin daitekeela uste du Gorosarrik: «Gertatzen dena zera da: politikariak edo buruzagiak batzartzen direnean, orduan angelu handia erabiltzen da, eta optikaren ikuspegitik beren arteko distantzia areagotzen da; eta, aldiz, kalera irteten garenean, kontrako efektuaren menpe ipintzen gaituzte. Hori ere aztertu beharko litzateke». Ikusten ez denak ere kezkatzen du irakaslea. «Fabrika barruetako irudirik ez da bat bera ere ikusi». Herritarrek eskura dutena epaitu dutela dio, hots, ingurukoen jarrera. «Etxean egoteak dakar amorrua, eta bideratu da gertuko egoeretara, horiek gaitzestera. Lantokietara eta politikarien batzarretara heltzerik ez dagoenez, aisiako jarrerak kritikatzen dira».
Ander Gillenea argazkilariakez zuen argazkirik atera egun hartan, baina ez du irudiak sortutako zalaparta ulertzen. «Niri irudiak ez dit aparteko ezer esaten,eta badakit ez dela dirudiena». Ondorengo egunetan, terrazak ireki zirenean, adibidez, lanean aritu zen Gillenea; bere irizpide eta ikuspuntu propioak erabiltzen ditu. «Nire ustez oso zentratuta gaude alderdi negatiboan, argazkiek eman dezaketen joko horretan». Gilleneari oraingoz ez zaio eskandalagarria iruditu kaleko egoera. «Gu ez gara poliziak, argazkilariak gara, eta gure subjektibotasunak eta ikuspuntuak agertu behar dute». Ikuspuntua gezur noiz bihurtzen den, afera gatazkatsua iruditzen zaio hori.
Gorosarri eta Garaialde bat datoz Herreroren argazkia«nahasgarria» iruditzen zitzaiela esaterakoan, baina bestelako ondorioak ez dituzte argi. «Manipulazioa dagoen ala ez jakiteko, argazkilariari galdetu beharko genioke», esan du Garaialdek.
Testuinguruaren garrantzia
Informatzea helburu duten argazkiei, oro har, bere horretan «gehiegizko ardura» esleitzen zaiela deritzo Garaialdek: «Fotokazetaritzan, argazkien testuinguruak zehazten du gehiago manipulazioa edo manipulaziorik eza. Esaten da argazki batek mila hitzek baino gehiago balio duela, baina argazki batek mila hitz behar ditu; bestela, oso argazki polita izan daiteke, baina ez du informatzen». Interpretazio hutsune bat nabari du.«Ez dakigu argazkiak irakurtzen, eta hori gabezia bat da. Ez dugu ikasi, eta gainera testuak irakurtzea baino askoz zailagoa da argazkiak irakurtzea; irudiek, denotatu baino gehiago, konnotatu egiten dute».
Gorosarrik azaldu du objektibotasunaren printzipioa dagoela informazioaren oinarrian. «Kazetaritza berez intentzionala da, eta hortik dator objektibotasunaren teoria: gertakari bat hartu, gertakari hori bere testuinguruan ipini, eta horrek esan nahi du adierazgarritasun soziala duela, eta albistean parte hartzen duten ahots denak ipintzen dira, baina ez denak neurri berean, baizik eta kazetariak erabakitzen duen neurrian». Kasurako, Herreroren argazkia Espainiako ABC egunkariak erabili zuen, «askatasun egarria» izenburuarekin. Lerroburua dago manipulaziotik «hurbilago» Gorosarriren ustez. Kazetaritzan irudiak testuz lagunduta joaten dira, eta hor ikusten du arriskua Gilleneak: «Gertatu izan da erabiltzea argazki bat beste gai batekin erabat testuingurutik aterata, baina argazkian objektibo bat edo beste erabiltzea ez da manipulazioa, ikuspegi bat ematea baizik. Nabarmendu dezakezu zerbait gehiago, baina egia da». Dirudienak eta benetan denak ez dute zertan bat egin.
Argazkiak, errealitatearen isla?
Konfinamenduaz eta haren arintzeaz informatzeko erabilitako irudi zenbaitek zalaparta sortu dute; kasurako, Efe agentziako argazkilari batek haurren lehen paseo egunean ateratakoak. «Manipulazio» intentzioa salatu zuten askok; fotokazetariek, aldiz, testuinguruaren garrantzia nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu