Erotikaren mataza, giltzapean

Itxialdiak asko murriztu du pertsonen arteko kontaktua, eta eraldatu egin ditu harreman erotikoak. Sextinga, masturbazioa edo, batera bizi direnen kasuan, jolas erotiko berriak dira kitzikapen tresna posibleetako batzuk.

TXAKUR GORRIA.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Musuak. Laztanak. Besarkadak. Ukituak. Denak kontaktu ekintzak, denak erotikaren ertz posibleak; eta, gaur-gaurkoz, denak ukatuak. Urruntze soziala edonoren ahotan dagoen garaiotan, aurrez aurreko hartu-emana ezereztu egin da, eta ikaragarri zaildu dira harreman erotikoak edukitzeko baldintzak. Debekuari aurre eginez, buruari eragin, eta plazera sentitzeko eta ligatzeko bide berriak urratzen hasi dira herritar asko; edo, behintzat, aurretik existitzen ziren tresna ugari askoz gehiago zukutzen. Egoerak askotarikoak dira; irudimena martxan jarri eta formula ezberdinak probatzen hasi dira asko. Erotikaren mataza giltzapean askatzea da helburua.

Sextinga, masturbazioa, jostailu sexualak eta ligatzeko baliatzen diren aplikazioak. Datuak eta adituak bat datoz: horiek dira konfinamenduan kitzikapenari eusteko gehien erabili diren baliabideak. Khoros AEBetako plataformak argitaratutako ikerketa baten arabera, martxotik apirilera %348 hazi da Twitter bidez bidalitako gorputz biluzien irudien kopurua. Smartme Analyticsek egindako beste azterketa baten arabera, 35 urtetik beherakoen artean nabarmen igo da ligatzeko plataformen deskarga kopurua: Badoo, %52; Wapo, %34; eta Tinder, %94, besteak beste. Pornografiaren kontsumoa ere gora eta gora ari da.

Datuen atzeko errealitateak azaldu dituzte adituek. Sextinga deritzo eduki erotikoa duten irudiak, bideoak edo mezuak trukatzeari. Noemi Casquet kazetariak azaldu duenez, sextinga ez da berria. «Konfinamendua baino lehen, batez ere gazteek praktikatzen zuten; orain, asko zabaldu da praktikatzen dutenen profila eta kopurua». Casquet sexologian aditua da, eta aholkuak eta edukiak zabaltzen ditu Instagramen. «Ezin dugunez aurrez aurreko harremanik izan, birtualki egitea beste aukerarik ez dugu».

«Dena ez da polita»

Dena ez da kitzikapena eta zirrara, ordea. Sextingak, sarean egindako praktika den heinean, zenbait arrisku ditu. Irudiek eta bideoek konnotazio erotiko altua izan ohi dute, eta Jon Imanol Etxabe sexologo eta psikologoak aipatu du posible dela irudiok igorleak nahi ez duen pertsonengana iristea: «Dena ez da polita». Horrela, norberaren intimitaterako eskubidea urratuko litzateke.

Azpeitiko (Gipuzkoa) Harremanak zentroko sexologo eta psikoterapeuta den Olatz Berastegik uste du «epaiketa soziala» oso bortitza izaten dela horrelako egoeretan. Etxabek, berriz, belaunaldien arteko arrakala nabari du. «Helduagoek asko baloratzen dute intimitatea, asko sustatu baita kalitatezko erlazio erromantiko batean edo pertsona baten bizitzan. Belaunaldi berrienak, berriz, Internet beren bizitzaren parte zelarik jaio dira. Interneten ezaugarrietako bat da gauzak zabaltzeko gaitasuna, eta, gauza guztien artean, intimitatea da beste bat».

Beldurra «normala» dela uste du Berastegik: «Beldurrari entzun egin behar zaio, baina beldurrak ez zaitu jan behar». Izuak norbanakoak edo bikoteak paraliza ez ditzan, badira segurtasuna areagotzeko egin daitezkeen zenbait gauza. Sare sozialen aukeraketa zorrotza egitea proposatu du Casquetek: «Denbora gehien duten sare sozialak erabiltzea komeni da: Instagram, Twitter eta Whatsapp, esaterako. Segurtasun maila altua dute». Instagramek, kasurako, irudi bat bidali ondoren, ezabatu egiten du. Beste babes neurri bat da, esaterako, aurpegia edo pertsona identifikatzea erraz dezaketen aztarnak ezabatzea argazkietan: «Kontuz ibili behar da piercing eta tatuajeekin, eta argazkiaren hondoan agertzen diren objektuekin», ohartarazi du Casquetek. Ñabardurei erreparatuz aztarna digitala «oso txikia» izan daitekeela dio Etxabek.

Norberaren nahiak errespetatzea da baldintza; bakoitzak jarri behar ditu marra gorriak, beldurrik gabe. «Erabakitzeko askatasuna da oinarria. Inor ez da behartua sentitu behar deseroso ezer bidaltzera. Aukeren artean, bakoitzak askatasunez erabaki behar du zer bidali eta zer ez», ohartarazi du Casquetek.

Sextinga edonork egin dezake, baina, egoeraren arabera, erabilgarriagoa suerta daiteke. Egoerak askotarikoak dira: baliteke bikote erlazio bat edukitzea eta etxe berean konfinatuta egotea; bikotea izan, baina bananduta igarotzea konfinamendua; noizbehinkako ugari izatea; edo polimaitasunezko erlazio bat izan eta bikotekideetako batekin egotea etxean itxita, besteak beste.

Ligatzeko aplikazioen erabilera, kasurako, ez da berria, baina halabeharrezko aldaketa bat izan du. «Halabeharrezko itxaronaldia» ezarri dela esan du Casquetek; elkartzeko aukerarik ezean, elkarrizketa gehiago eta luzeagoak izaten dituzte. Horrela, plataforma horiek sustatzen zuten joera hausteko aukeratzat dauka Casquetek. «Gorputzen kontsumora bideratutako joera bat ari zen gailentzen: azkar ezagutu, azkar geratu, larrua jo, eta ospa. Munduaren geldiune honek horretan ere erritmoa moteltzera behartu gaitu, eta, agian, honek lagun diezaguke sexua kontzienteago bizi izaten».

Beste gorputz batzuekin lotzeko aukerarik ezean, masturbazioan sakontzeko tartea dago. «Masturbazioak hainbat aldaera ditu; oso kreatibo bihurtu gara konfinamendu garai honetan, eta batek daki», uste du Etxabek. «Asperduragatik» bada ere, nork bere gorputza miatzen denbora gehiago hartu dezakete herritarrek. Berastegik uste du ariketa oso interesgarria dela: «Gure plazera gure esku dagoela erakusten du, sexualitatea miatzeko bestea beharrezkoa dela dioen ideia suntsituz». Sextinga ere bada nork bere burua ezagutzeko tresna, Casqueten aburuz: «Sextinga ariketa oso interesgarria izan daiteke autoaurkikuntza erotikorako; normalean ez dugu beharrik egin nahi duguna zehatz-mehatz azaltzeko: egin egiten dugu, eta kito. Sexuaren tabua hausteko aukera ere bada».

Harreman bat duten bi pertsona —edo gehiago— etxe berean giltzapetuta baldin badaude, ostera, arazoa ez da izango kontaktua eduki ezin izatea, baina, Berastegiren arabera, egoera berriak eragin zuzena du sexuan. «24 orduz espazio berean sartuta egonda, zaila izan daiteke norberaren intimatea zaintzea». Haurrak tartean baldin badaude, are zailagoa. Errealitatea aztertu eta bakoitzaren «beharrak» ondo komunikatzea gomendatu du psikoterapeutak. Norbanakoaren, bikotearen eta, kasuan-kasuan, familiaren premiak identifikatu egunerokoa moldatzeko.

Intimitatea, kolokan

Espazio berean itxita dauden bikoteen kasuan, Etxabek hainbat egoera irudikatzen ditu. «Baliteke ohituta egotea elkarrekin denbora gutxi pasatzera eta elkarrekin egoteak laguntzea erlazio estuago bat izaten eta horren bidez sexua maizago praktikatzen. Gero, izan daiteke gehiegi egoteagatik aspertuta egotea eta horrek liskarrak ekartzea. Izan daiteke, bestalde, denbora asko izanagatik jolas erotikoak edo rol jokoak probatzen hastea». Etxabek intimitatearen birkonfigurazioa dagoela uste du. «Kotimititate egoeran gaude; hau da, fusionagarriak ez diren intimitateak elkarrekin egon behar dira espazio mugatu batean; behartuta gaude intimitatea partekatzera. Kideetako batek uste badu bere intimitatea zapaldua izaten ari dela, bere espazioa eskatu behar du».

Are, kontuan hartu beharra dago ezohiko egoerek desira falta ere eragin dezaketela, estresaren ondorioz erotika baztertzea. Bere esperientziaz mintzatu da Casquet: «Nik neuk hainbat fase izan ditut: hasieran erabat blokeatu nintzen sexualki, eta ez nuen ezertarako gogorik; gerora, apurka berreskuratuz joan naiz, egoera barneratu ahala. Konfinamendua arinduz doan heinean, berriz, egoera berria da, eta blokeo egoerara bueltatu naiz». Kazetariak uste dut apurka orekatuko direla bi muturrak.

Oraina ez ezik, etorkizuna ere baldintzatu dezake egoerak. Etxabek arazoak aurreikusten ditu: «Errealitatea zailagoa izango da, eta nik uste dut erotikari ere aplikatuko zaiola: beldurrak eta segurtasunak baldintzatu egingo dute ligatzeko era». Berastegik bestelako ikuspegi bat du: «Gorputzak ez du galduko daukan indarra. Gorputza gara, gorputza daukagu, eta hori ezin izango dugu saihestu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.