Zeelanda Berria. Moody (Ben Franks, 59. min.), Coles (Mealamu, 65. min.), Owen Franks (Faumuina, 54. min.), Retallick, Whitelock, Kaino
(Vito, 71. min.), McCaw (Cane, 80. min.), Read, Aaron Smith (Kerr-Barlow, 71. min.), Carter, Savea, Nonu, Conrad Smith (Williams, 40. min.), Milner-Skudder (Barrett, 65. min.) eta Ben Smith.
Australia. Sio (Slipper, 59. min.), Moore (Polota-Nau, 56. min.), Kepu (Holmes, 59. min.), Douglas (Mumm, 15. min.), Simmons, Fardy (McCalman, 60. min.), Hooper, Pocock, Genia (Phipps, 70. min.), Foley, Mitchell, Giteau (Beale, 26. min.), Kuridrani, Ashley-Cooper eta Folau.
Markagailua, bost minutuan behin. 0-0; 3-0, 3-3, 3-3, 3-3, 6-3, 6-3, 16-3 (atsedenaldian); 21-3; 21-3, 21-10, 21-10, 21-17, 24-17, 27-17 eta 34-17.
Epailea. Nigel Owens (Gales). Txartel horia atera zion Zeelanda Berriko Ben Smithi (51. min.).
Bestelakoak. Lepo bete zen Londresko Twickenham estadioa: 80.125 ikusle.
Elastiko beltz ederra, Haka borroka dantza maoritar beldurgarria... mistikak inguratzen du Zeelanda Berriko errugbi selekzioa. Baina All-blacks-ak merchandising-a eta tradizioa baino gehiago dira. Selekzio beldurgarria dira, munduko onena. Merezia dute irabazitako ospea eta haien inguruko kondaira. Eta kondaira hori are handiagoa da atzotik,34-17 irabazi baitzioten atzo Australiari Londresko Twickenham estadioan, Munduko Kopako finalean. Hirugarren Webb Ellis kopa dute, inork baino gehiago. Atzo arte berdinduta zeuden Australiarekin eta Hegoafrikarekin. Atzotik, baina, bakarrik daude gailurrean. Bigarrena dute jarraian ere. Hori ere ez du beste inork lortu.
Handia da zeelandaberritarrek egindakoa. Ezustekotik, ordea, oso gutxi du. Izan ere, gutxi ziren haren garaipena zalantzan jartzen zutenak. Berdin zion finalean Australiaren gisako selekzio benetan indartsu bat aurrean izateak. Ia denek jotzen zituzten faborito All-Blacks-ak. Estatistikak argigarria ziren: 154 aldiz jokatu zuten elkarren aurka, eta 105 alditan izan ziren irabazle zeelandaberritarrak, jokatutako partiden ia %70. Argigarriagoa zen, ordea, beste estatistika hau: Zeelanda Berriak hiru lehia besterik ez zituela galdu azken lau urteetan, Steve Hansen hautatzaile zenetik, hain zuzen. Baina datu ikusgarri horien artean bazegoen argi izpi bat Australiarentzat, hura izan zela azkena zeelandaberritarrak makurrarazten, joan den abuztuan, etxean, Sydneyn: 27-19.
Eta argi izpi hori piztuta egon zen minutu askotan atzo. Lehen zati ia osoan, adibidez. Lehen 35 minutuetan, Australia gai izan zen Zeelanda Berriari aurre egiteko (6-3), baina azken bost minutuetan Zeelanda Berriak hamar puntu lortu zituen: Dan Carterrek bere hirugarren zigor kolpea gauzatu zuen, Nehe Milner-Skudderrek finaleko aurreneko entsegua lortu zuen, eta Carterrek hura biribildu zuen transformazioan asmatuta. Hamahiru punturen aldea zen lehen zatiaren amaieran (16-3). Zeelandaberritarren lehen kolpeak, gainera, segida izan zuen bigarren zatia hasi eta berehala, Ma'a Nonuk partidako bigarren entsegua lortu baitzuen bigarren minutuan. Carterrek ez zuen jokaldia errematatu, baina, hala ere, zuloa handia zen (21-3).
Kolpeari kolpea
Jota zirudien Australiak, eta erabakita lehiak. Baina zeelandaberritarren erauntsiak indar handien zuenean suspertu ziren australiarrak. Zeelanda Berriaren 10-0eko partzialari 14-0eko batekin erantzun zieten, ordu laurden eskasean. David Pocockek eta Tevita Kuridranik entsegu bana lortu zuten, eta Bernard Foleyk ez zuen huts egin ez batean ez bestean baloia hagen erdian sartuta. 21-17, eta ordu laurden finala amaitzeko. Bizirik zegoen Australia.
Baina une erabakigarrienean jokalaririk erabakigarriena azaldu zen, Carter. 33 urteko irekitzaile bikainak drop bat gauzatu zuen ia zelaiaren erditik, amaitzeko hamar minutu falta zirela (24-17). Bost minutu geroago, berriz, bere laugarren zigor kolpea gauzatu zuen antzeko distantziatik (27-17). Bost minutu besterik ez ziren falta. Australiak itsu-itsuan eraso egin beharra zuen. Eta hori egin zuen, eta Beauden John Barrett zeelandaberritarrak bikain baliatu zuen bere zelaian baloi bat lapurtu, korrika hasi, baloia ostikoz aurrera bota, eta berriro hartu eta entsegua lortzeko. Carterrek ginga jarri zion jokaldiari, partidako bere 19. puntua lortuta, selekzioarekin lortu dituen azkenak —1.598 lortu ditu, inork baino gehiago selekzioen arteko lehian—. Ez da elastiko beltza azkenekoz jantzi duen bakarra. Richie McCaw kapitainak, Nonuk, Conrad Smithek eta Keven Mealamuk ere bai. Nekez izan zezaketen agur hobeagorik, Twickenhamen, eta munduko txapeldun izanda.
Zeelanda Berria 34. Australia 17
Kondaira, are handiagoa
Zeelanda Berriak hirugarrenez irabazi du Munduko Kopa, finalean Australia mendean hartuta.Dan Carterren lana erabakigarria izan da: 19 puntu lortu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu