Jhumpa Lahiri. Idazlea

«Itzulpena migrazioaren etengabeko metafora bat da»

Nonbaiteko izatearen gaineko galderek zeharkatzen dute Lahiriren obra, eta hizkuntza ikusten du inongo izatearen «bihotzean». Ingelesaz harago, italieraz ere idazten du egun, hizkuntza hori hutsetik ikasita.

PENGUIN RANDOM HOUSE.
itziar ugarte irizar
2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Londresen jaio zen Jhumpa Lahiri, 1967an, jatorri indiarreko familia batean, baina oso ume zela senideekin AEBetara lekualdatu, eta han hazi eta han hasi zen idazten, «mundu handiago baten barruko mundu txiki baten» parte izatearen emozioak behatuz. Pulitzer saria irabazi zuen Interpreter of Maladies estreinako ipuin liburuarekin (Gaitzen interpretea), eta ibilbide oparoa ondu du gero emandako narrazio, eleberri eta saiakerekin. Erroman bizi izan da zenbait urtez, italieraz idazteari ekin dio han, eta hala argitaratu du lan berriena ere: Racconti romani (Ipuin erromatarrak). Hura aurkezteko biran dabil egunotan, eta Madrildik hartu dio telefonoa BERRIAri, Donostiara heldu aurretik; Iban Zalduarekin izan baita bertan asteon, Literaktum Topaketetan.

Nola heldu zinen literaturara, nola idazketara?

Oroitzen dut garai batean liburuen orrialdeetan bizitzen nituela nire bizitzako unerik beteenak, pertsonaien istorioetan, beste idazle batzuen irudimenean sartzean. Hori zen nire benetako etxea, eta, une batera ezkero, nik ere izan nahi izan nuen literatur familia horren parte, eta nire denbora eskaini beste pertsona batzuen bizitzan sartzeari. Munduan nire lekua topatzeko modu bat ere izan zen, aldi berean.

Argitaratu zenuen lehen liburuarekin irabazi zenuen Pulitzer saria. Nola eragin zizun halako aitortzak ibilbidearen hasieran?

Saria dezenteko nahasmenduarekin jaso nuen, egia esan. Momentuan ezin izan nuen erabat barneratu, eta gaur-gaurkoz ere ez daukat erabat barneratuta. Baina iritsi egin zen, eta egia da aukera on asko ekarri zizkidala; garrantzitsuena, nire lanaren itzulpenak. Ohore izugarria da hori. Oroitzen dut bere garaian errezelo moduko bat ere sentitu nuela saria nire liburuari eman ziotelako, eta beldur izan nintzen halakoek distraitu egingo ote ninduten. Saiatu nintzen horretan ez pentsatzen, eta aurrerago ere saiatu naiz gehiegi ez begiratzen liburu bakoitzak aurrekoaren aldean izan duen arrakastari, gauza nahiko aleatorioa izan baitaiteke harrerarena.

Lehen lan hartan eta hasierako urteetakoetan batik bat, AEBetara emigratutako komunitate indiarraren esperientziaz idatzi izan duzu. Haren parte zarela baina ez zarela diozu.

Ni emigrazio horren produktu bat naiz, haren adar baten parte bat. India herrialde ikaragarri handia da, eta nire gurasoak eskualde jakin bateko hiri jakin batekoak dira. Emigrante gisa, beti mantendu zituzten lotura oso estuak handik heldu ziren beste emigranteekin: janari bera partekatzen zuten, liburu berberak... Ni mundu handiago baten barruko mundu txiki horretan hazi nintzen, eta nire lehen istorioak, noski, hortik jaio ziren. Inguru hark niri nola eragin zidan arakatu nahi nuen, nolakoa zen mundu orokorretik kanpo egotea nolabait. Milioika lagun hazi dira baldintza berberetan, eta ez dute idazten, baina ni horrek eraman ninduen idazle izatera: zenbait gauzaren zentzua bilatzeko eta hainbat egoera konplikaturi aurre egiteko gogoak.

Kritikak laudatu izan dizu beti bistaratzen dituzula ertz berriak nahiz eta beti gai bertsuen inguruan idatzi —maitasuna, familia, identitatea—. Zerbaiten parte izatearen inguruan sakontzeko erak dira denak, azken finean?

Agian bai, baina sinplifikatzea ere izan daiteke horrela begiratzea. Gizaki moduan, beti nahi dugu zerbaiten parte izan, eta, horibaimentzen ez zaigunean, sufritu egiten dugu. Nire gurasoei, esaterako, min handia egin zien parte ziren leku eta kultura batetik urrun ikusteak euren burua; baina nire esperientzia bestelakoa da —ni ez naiz sentitzen inongo—; eta nire seme-alaben perspektiba ere ez da nirea —bi herrialdetan hazi dira, eta horietako batek ez du zerikusirik beren sustraiekin—. Mundu ideal batean, denok aukeratu ahal izan beharko genuke zeren parte izan, baina ezer ez da hain sinplea mundu honetan: emigrazio legeak daude, mugak, esaten dizutenak zenbat denboraz bizi zaitezkeen leku bakoitzean, zer egin dezakezun legalki, zer ez... Baina zerbaiten parte izatearen auzia egoera askotan aztertu daiteke, eta nire lanak horretaz galdetzen jarraitzen du. Ardatzetako bat da liburu berrian ere.

2015ean italieraz idazteari ekin zenion, hutsetik ikasita hizkuntza. In Other Words lanean jaso zenuen aldaketaren berri (Beste hitz batzuetan, 2016). Nola heldu zen erabakia?

Liburu hori, hain justu, motibazioa ulertzeko idatzi nuen. Eta ondorioa da beharra nuela, Antonio Tabucchik esaten zuen bezala; hark ere, une batean, portugesaz besteko hizkuntza bat behar izan zuen, afekturako eta gogoetarako leku bat eskainiko ziona. Zerbait primarioa da, ariketa intelektual bat baino gehiago. Bidaia emozional bat; distantzia bat ezartzeko beharra nire eta une hartan hitz egiten nuen ingelesaren artean, ez zena izan nire hizkuntza, baizik une hartan hitz egitea tokatzen zitzaidana. Ez dut ikusten erabaki bat izan zenik, hori baino prozesu organikoago bat baizik.

Hizkuntzaz mudatzeak aukera eman dezake beste nonbaitekoa izaten saiatzeko?

Zaila da. Zerbaiten parte izatearen bihotzean hizkuntza baitago. Nik italieraz idazten dudanean, parte ez izatearen posizio horretan berresten dut neure burua, oso kontziente naizelako ez naizela hizkuntza eta kultura horretako kide bat. Ikuspuntu arrotz batetik idaztea ahalbidetzen dit.

Ingelesez argitaratu duzun azken saiakera Translating Myself and Others deitzen da (Neure burua eta beste zenbait jende itzultzen, 2022). Hizkuntzen joan-etorria nola bizi duzu itzulpenaren kasuan?

Sentitzen dut itzulpenak irakasten didala idazten. Niretzat, nire existentziaren muina ikasketa da; ez da nahikoa liburu bat idatzi izana, edo hamar idatzi izana. Ni beti nago galdezka nola idatzi hurrengoa; eta bakoitzarekin ikasten dut nola jarraitu. Itzultzeak liburu baten muinera eramaten zaitu, berridatzi eta berrasmatu egin behar duzulako, jatorrizkoan datorrena oso modu zorrotzean emateko. Desafio handia da, baina egin ahal izatea pribilegio bat ere bada, zureganatzen duzun jakintzagatik eta partekatzen den literaturarekiko maitasunagatik.

Esan izan duzu literaturak beste arteek ez bezala ahalbidetzen duela giza harremanak aztertzea. Zergatik uste duzu hori?

Uste dut laguntzen duela kontzientzia hartzen ezinbesteko gauza batez: nola tratatzen dugun elkar gizakiok espezie modura. Uste dut liburuen bitartez deskubritzen duzun zerbait dela, errealitate eta izendatzeko era ugari topatzen dituzulako. Itzulpenera bueltatuta, ni oso eskertuta nago itzultzaileek mendeetan egin duten lanarengatik; haiengatik ez balitz, literaturak ez luke migratuko gaur migratzen duen moduan. Itzulpena migrazioaren metafora etengabeko bat da; migratzeko beharra erakusten du, lekuz aldatzekoa. Uste dut badela sormen ekintza bat ere, eta ekintza politiko, etiko eta moral bat, bestea errespetatzea dakarrelako. Itzulpenaren motorra jakin-mina da, ezagutu nahia eta gauzei arreta eskaintzeko borondatea.

Ezagun egin zintuen generora itzuli zara lan berriarekin. Zein dira egun istorioak kontatzeko ideia gako batzuk zuretzat?

Ez dakit horri erantzuten. Ez galdera arraroa delako, baizik ez dakidalako garbi zer intentzio ditudan idazten ari naizenean. Istorioak leku misteriotsu batetik heltzen dira, eta, azaleratzen direnean, modu bihurrian azaleratzen dira. Sentitzen dudanean hor badagoela sustrai bat bizitza izan dezakeena, nik hori lantzen dut, baina istorioak euren kabuz hazten dira. Ez dakit garbi azaltzen nola egiten dudan lan. Gauza bakarrean zentratzen naiz: istorio horiek hor egon daitezela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.