Loa izuaren mende

Loaren nahasmenduetako bat izu-ikarak dira, eta batik bat umeek izaten dituzte, baina heldu batzuek ere bai. Ez dago argi zergatik, baina adituek uste dute badaudela arrisku faktore batzuk; esaterako, muturreko nekea. Dena den, badira saihesteko erabil daitezkeen teknika batzuk.

IRRIMARRA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Muturreko izu-ikara; herstura; aktibazio fisiologiko gogorra; koherentziarik ez duten hitzak; negarra eta oihuak; gorputzaren mugimendu bortitza; beldur aurpegiera...». Horiek eta gehiago dira, Luixa Reizabal EHUko irakasle eta psikologoaren hitzetan, loaren izu-ikarak pairatzen dituen pertsona batek lotan izan ditzakeen erreakzioak. Izan ere, beldurrak agintzen du une horietan, jatorria ezezaguna bada ere. Denbora kentzen dio loari, eta hori saihesteko ez da zer egiterik, ez bada lagungarriak diren teknikak erabiltzea.

Reizabalen arabera, loaren nahasmenduak dira izu-ikara horiek, loaldi sakonaren hasieran gertatzen direnak, zehazki «lehenengo hiru orduetan, gutxi gorabehera». Pertsona esna dagoela dirudien arren, ez da horrela: lo jarraitzen du, eta ez omen da gai kontzientzia bera ere berreskuratzeko. «Ez ditu kontrolatzen mugimenduak, orientazioa ere galdu ohi du, eta, sarritan, ez ditu ezagutzen ez ingurunea, ez inguruko pertsonak». Areago, erantsi du oro har ez dela jakinekoa pertsona horiek zer ikusten duten ere, esnatzean ez baitira gai izu-ikara sorrarazi dioten irudiak gogoratzeko.

Beldurra eragin dezaketen hitzak izan daitezke horiek, baina, lasaitasun apur bat ematearren, EHUko irakasleak azaldu du «zorionez gutxi» irauten dutela gertakari horiek, orohar «minutu gutxi batzuk»,salbuespen batzuetan «ordu erdiz ere luzatzen» diren arren. «Bat-batean amaitzen dira,eta, hori gertatzen denean, pertsona sakoneko lotara itzultzen da».

Iñigo Saez psikologo klinikoa, ikertzailea eta loaren nahasmenduetan aditua da, Bizkaiko Psikologoen Elkargoko kidea, eta Reizabalen eran, loaren nahasmenduen multzoan sartu ditu izu-ikara horiek, talde horren parte diren bestelako nahasmenduekin alderaketa bat eginda. Hain justu, azaldu du amesgaiztoekin gertatzen denaren «antzerako zerbait» dela izu-ikara, baina loaren fase ezberdin batean, eta, beraz, erreakzioa ere ez dela berdina izaten. Haren arabera, REM ez den loaren aldian gertatzen da.

Ez da amesgaizto bat

Saezen hitzetan, loaren izu-ikaren eta amesgaiztoen arteko ezberdintasunetako bi gertatutako hori gogoratzean eta loaren fasean daude. «Ametsetan, oro har, istorio batekin gogoratu ohi gara, eta gauaren amaiera aldera gertatzen dira gainera, loaren azken etapan, izu-ikarak ez bezala».

Reizabalek ere bat egin du psikologo klinikoaren esanekin, eta, alderaketarekin jarraituz, adierazi du amesgaiztoek eragindako erreakzioak «apalagoak» izaten direla eta, loaren izu-ikaretan ez bezala, «errazagoa» dela pertsona esnatzea eta horrekin batera kontzientzia ere berreskuratzea. Eta, gainera, beste ezberdintasun bat ere gehitu du: maiztasuna. «Amesgaiztoak ohikoak dira; loaren izu-ikarak, aldiz, ezohikoak».

Hala ere, ez da ziurra zerk sortzen dituen. «Azken batean, ez dakigu zergatik daukagun jarduera mentala gauez, ez dakigu zergatik amesten dugun eta zergatik ageri diren irudi hauek ere». Izan ere, ohikoenean loaren izu-ikarak gogoratzen ez diren arren, Saezek ziurtatu du jasotako esperientzia bakanetatik badakitela ustez logelan dagoen presentziaren baten beldur direla nahasmendu hori jasaten dutenak, ohe alboan esertzen den norbaitena, edo munstro batena. «Gure burmuina oso sortzailea da: ez dio funtzionatzeari uzten».

Reizabalek, ordea, nabarmendu du ezen, «zehatz-mehatz» ez jakin arren zerk sortzen dituen beldur horiek, badaudela arrisku aldagai batzuk. Esate baterako, organikoak: «Sukarra maiz sortzen duen gaixotasun bat, epilepsia, muturreko nekea, gehiegizko jarduera fisikoa...». Baina badaude ikara izatea areagotu dezaketen beste faktore batzuk ere: loa oztopatu dezakeen ingurune batean lo egitea —adibidez, kutsadura akustiko handiko gune bat—, bullying-a pairatzea, kafeinaren eta alkoholaren gehiegizko kontsumoa, eta baita genetika bera ere, besteak beste.

Eta arrisku faktore horien artean, bada beste bat ere, EHUko irakaslearen hitzetan: garapena. «Loaren prozesuaren heldutasunarekin du zerikusia, nerabezaroa hasi aurretik desagertu ohi baitira loaren izu-ikarak», erantsi du irakasleak.

Umeetan ohikoagoa

Bi psikologoek bat egin dute halako izu-ikarak haurtzarotik nerabezarora arteko tarteangertatzen direla gehienetan,eta, gainera, Saezek zehaztu duenez, bi umetik batek izan du halako beldurren bat behin edo behin.

Datu zehatzagoetara egin du jauzi Reizabalek. «Ikerketen arabera, 1 eta 12 urte arteko haurren %1-6,5ek pairatzen dute, batik bat 5 eta 7 urte bitartean».Are, sexuaren araberako bereizketa bat ere egin du, ikerketa ereduen laginak gaitzetsita. «Zoritxarrez, ez dago beste identitateen inguruko daturik, baina genero bitarra duten pertsona zisgeneroekin egindako analisien datuek diote ohikoagoa dela mutilen artean neskenean baino; helduaroan, berriz, ez dago ezberdintasunik».

Izan ere, hain ohikoa ez bada ere, biek ziurtatu dute helduek ere izan ditzaketela izu-ikarak lotan, izaten dituztela, baina %1era ere ez direla iristen.

Ehuneko horretan sartzen diren heldu horiei dagokienez, Saezek adierazi du patologia psikologikoek eragina izan ohi dutela, hala nola depresioak, estresak eta antsietateak, baina baita botika batzuek ere. Alta, ez hori bakarrik: «Badira soilik izu-ikaren arazoak dituztenak».

Reizabalek ere adibide berberak aipatu ditu helduengan zentratuta, baina somnanbulismoarekin ere lotura izan dezakeela uste du, umeetan behintzat «harreman estua» dagoela erantsita: «Batzuk altxatu egiten dira, oinez edo korrika hasi, baina erlazioa ez da kausala, korrelaziokoa baizik».

Lagungarriak badaude

Loaren izu-ikara ezin senda daiteke botika jakin bat hartuta, baina, beste zenbait nahasmendutan bezalaxe, badira lagungarriak izan daitezkeen zenbait teknika, bi psikologoen hitzetan. «Oinarrizko arau batzuk jarri beharko lirateke martxan; esate baterako, umeen kasuan, behar dituen lo orduak errespetatu behar dira; guztientzat litzateke onuragarria, eta baita pantailen erabilera saihestea ere», esan du Saezek. Izan ere, horrek eragin zuzena du melatonina izeneko hormona batean, eta hori berebizikoa omen da lotarako. «Esan daiteke mezulari bat dela, gorputzeko zelula guztiei lotara doazela esaten diena».

Reizabalek, berriz, nabarmendu du helduenen esku hartzea ere gogoan izan beharreko kontua dela. Haren ustez, umearen gertukoek argi eduki beharko lukete izu-ikarak nerabezarora iritsi aurretik desagertuko direla, eta, bitartean, haurrari «lasaitasunez eta neurriz babestuta» egin diezaioketela mesederik handiena.

Eta horretarako erabili daitekeen tekniketako bat izan daiteke, adibidez, magikoaren adibidea erabiltzea. «Esaterako, eraztun magiko bat eman diezaiokegu umeari, edo tanke baten barruan lotan dagoela sinetsarazi, nolabait babestuta», zehaztu du Saezek. Areago, helduenekin ere funtzionatu omen dezake horrek. Eta norbera ahalduntzeko istorioak kontatzea ere baliabideetako bat izan daiteke.

Alabaina, horrelako teknikek funtzionatu ezean, terapiapsikologikora ere joan daiteke, hala nola hipnosia eta meditazio saioak egin, bi psikologoen hitzetan.

Modu horretara ere ez bada konpontzen, Saezek adierazi du posible dela izu-ikarak irauten duen denbora neurtzea, eta, kasu batzuetan, gertatu aurretik pertsona esnaraztea. Dena den, Reizabalek nabarmendu du gogoan izan behar dela nola jokatu, izu-ikara pairatzen ari denean pertsona iratzartzea ez delako gomendagarria: «Horrek nahastea eta izua areagotu ditzake pertsonarengan, eta, ondorioz, litekeena da harengan agresibitatea areagotzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.