Sara Mesa. Idazlea

«Dena oso argi ez izatearen deserosotasunaz idazten dut»

Autoritateak hurbileko eremuetan hartzen dituen formak eta askatasunaren eta maitasunaren arteko gatazkak aztertu ditu, besteak beste, 'La familia' lan berrian. Donostian izango da asteon.

ALEJANDRO GARCIA / EFE.
itziar ugarte irizar
2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Idaztea ume baten eskutik oinez joatearen pareko ikusten du Sara Mesak (Madril, 1976) —«Ez da askatu behar, galdu egin daiteke eta»—, eta bere lanaren gaineko edozein azalpenetara hedatzen du, oharkabe, testuarekiko konpromiso hori. Eguneroko hitsaren ertzak eta moralaren grisak zorrotz arakatzen dituen prosa bat da harena, eta gaztelaniazko literatura garaikidearen ahots interesgarrienetako bat bihurtu du horrek. Poema bilduma bat, saiakera labur bat eta narratibako hamar liburutik gora ditu emanak —tartean, Un amor (2020) saritua—, eta La familia du lanik berriena, aita autoritario baten, etxeko egituran harrapatutako ama baten eta arrakala artean hazitako lau seme-alabaren inguruko nobela.

Idatziz erantzun die BERRIAren galderei, lan errutina gehiegi ez aztoratzeagatik eta «erantzun baliagarriak inprobisatzeko zailtasunengatik» egin ohi duenez. «Nire liburuak ez dira erraz esplikatzen; ez dira esanahi bakarreko istorioak, eta anbiguotasun horrek niri ere pentsatzeko denbora eskatzen dit». Donostian izango da idazlea asteartean, Ernest Lluch kultur etxean.

Idazletza duzu gaur egun jardun zentrala, baina beste lan batzuekin uztartu izan duzu aurrez. Nola oroitzen duzu aldaketa?

Hain justu, guztia bateratzea zeinen zaila den badakidalako saiatzen naiz orain ahal dudan denbora gehiena gordetzen idazteko, irakurtzeko, hausnartzeko... Jabetuta nago pribilegio bat dela, baina ez zait zerutik etorri; oso ondo ezagutzen dut txanponaren beste aurpegia, aldi berean hainbat egitekotan egotea eta sentitzea horrek zer kalte egiten dion idazketari. Konstantzia oso garrantzitsua baita, kontzentrazioa, idatzi ahala testuaren eskakizunak entzutea. Ume baten eskutik oinez joatea bezala da... ez da askatu behar, galdu egin daiteke eta.

Aurrez egin bezala, beste kontzeptu handi bat eraman duzu lan berriaren izenburura: familia. Isilpean eramandako gatazkek zeharkatutako sendi baten istorioa da. Nondik dator gizarte ordenarako zutabe den egitura hori arakatzeko interesa?

Ba, begira: denbora igaro ahala, gero eta argiago dut, egiaz, liburua ez dela familiaren instituzioaren gaineko arakatze bat, ezpada eguneroko esparruetan agertzen den autoritatearen gainekoa. Inposatutako leialtasunen, lotsaren, bizitza bikoitzen eta askatasunaren eta maitasunaren arteko gatazken arakatze bat, nire liburuetan gai ohikoak direnak. Familia pertsonaien ekintza markoa da, eta garrantzitsua da, noski, baina bigarren mailan.

Ahotsen ugaritasuna da nobelako beste elementu bereizgarrietako bat. Zergatik pertsonaia guztien ikuspuntutik kontatzeko hautua? Aitarenetik izan ezik.

Pertsonaiak gehiegi erlazionatzen direlako elkarrekin, ikuspuntu bakarrera makurtzeko. Liburu bat idazteak asko du intuitibotik. Badaude erabaki batzuk bulkada bati segika hartzen direnak, nolabaiteko barne usaimen bati segika, eta hala izan zen hemen. Niretzat inportantea da, halaber, idazterakoan aukera berriei aurre egitea, ikasketa leku batean kokatzea, baliabideak ez automatizatzeko.

Aipamen berezia merezi du aitaren pertsonaiak; ingurukoei erasotzen die, baina sufritzen ere ageri da. Nola pentsatu zenuen beste pertsonaiekin duen loturari dagokionez?

Uste dut idazle gehientsuenak bezala eredu errealetan oinarritzen naizela nire pertsonaiak sortzeko. Batzuetan ez naiz kontziente izaten, baina han-hemendik hartzen ditut ezaugarriak, eta horrekin zerbait berria hasten da sortzen. Pertsonaia bere eredu errealetik desitsasten hasten denean hasten da interesgarria izaten. Aitari dagokionez, ez dut uste halako norbait inguruan izan duen bakarra naizenik: asmo onekoa kanpora begira, baina zinez kaltegarria arlo pribatuan, hain estua, etengabe munduaren kontrakarrean bizitzeko mugaraino. Erakutsi nahi nuen nola eragiten duen halako izaera batek ingurukoengan, bereziki indartsua ez izanda ere, kasu honetan bezala.

Beti atezuan den giro bat zabaltzen da zure liburuetan, erabaki txikien atzeko gatazkak dakartzana azalera. Egin nahiko zenukeen literaturaren ikuspegiari erantzuten dio horrek?

Arraroa egiten zait literatura jakin bat bilatzearen ideia. Nik soilik kontatu nahi ditudan istorioak interesgarri egiteko modua bilatzen dut. Irakurleak irakurtzen segitzeko gogoa izan dezala. Baina, noski, zer da interesgarria? Batzuk erakartzen gaituenak uxatu edo aspertu egiten ditu beste batzuk. Niri ikusten ditudan eguneroko gatazkak interesatzen zaizkit, gure kontraesanak, dena oso argi ez izatearen deserosotasuna... horretaz idazten dut.

Jakingo zenuke esaten noraino uste duzun inposatzen zaizula ahots bat idazterakoan eta nolakoa den ahots horrekin lan egiteko modua gero?

Galdera ona da hori, zeren ahots egokiarekin asmatzea baita idaztearen zailena, nire ustez. Batzuetan neure burua topatzen dut harrituta galdetzen zein den hitz egiten ari dena, nori ari den, zer asmorekin, zergatik pribilegiatzen dugun haren ahotsa beste batzuen gainetik. Testu baten koordenatuak definitzen dituzten galderak dira. Noski, ahots narratiboa fikziozko eraikuntza bat da, baina garrantzitsua da ahots hori sinesgarria izatea eta entzuteko gogoa piztea. Uste dut idaztea hura identifikatzean datzala, arretaz entzun eta jarraitutasunez eta energiaz hornitzean.

Beharbada, nolabaiteko deserosotasuna antzematen da zure lanetan ageri diren gaiei buruzko iritzi pertsonalak galdetzen dizkizutenean. Hala da? Literatura aski zaizu gauzen gaineko zure ikuspegiaz aritzeko?

Ez zait axola nire iritzi pertsonalak ematea —nahiz eta ez dudan iritzi bat denerako—, baina uste dut nire liburuetan azaltzen dudala neure burua ondoen. Beste era batean adierazi ezingo nituzkeen ideiak adierazteko baliatzen dut fikzioa. Liburua azaldu behar badut, harekin huts egin dudala sentitzen dut; agian, diozun deserosotasun hori gehiago da etsipena.

Bada ideia bat ozentzen ari dena: literaturak galdu egin duela orain dela urte batzuk zuen lekua; ez agian irakurleak, baina bai izen ona. Nola ikusten duzu?

Nik dakidanagatik, irakurle komunitate sendo bat dago, batez ere emakume irakurleena. Sendotasun hori bai, antzematen dut, eta jende oso gaztea irakurtzen dabilela, hori ere bai. Baina onartu behar dugu istorioak kontatzeko moduak aldatu egiten direla, eta hori ez da derrigorrean txarra. Literatura jadanik ez dago autoritate tribuna batean; haren ordezkariak ez dira jada gauzak irakasten dizkiguten gizon burges eta intelektual batzuk. Pluraltasun askoz handiagoa dago orain.

Irakurle gisa, zer testu izan dira zuretzat mugarriak?

Horri erantzuteko, leku pila bat beharko nuke. Umetan irakurritako Mortadelo-rekin hasi eta irakurri dudan azkenengo libururaino —[Nikolai] Gogolen bat da—, horrek guztiak irakurketa esperientzien magma bat osatzen du, nire begiratzeko modua moldeatzen duena. Gustatzen ez zaizkidan liburuetan ere beti topatu nezake zerbait interesgarria, aztertuz gero, esaterako, nondik datorren eragiten didan kontrako erreakzio hori.

Eta noiz erortzen zaizu liburu bat eskuetatik?

Uste dut liburu batetik gutxien jasaten dudana lirismo faltsua dela, erretorika hutsaz eta lengoaia nartzisistaz abusatzen duena. Nahiz eta segidan neure buruari galdetzen diodan: «Eta ni, salbu nago horretatik?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.