Alex Txikon. Alpinista

«Bolada batean alde batera utzi nahi ditut neguko espedizioak»

Azken urteetan bezala, neguaren zatirik handiena Himalaian pasatu du Alex Txikonek. Everesteko gailurrera iristeko hirugarren saiakera ere ez da berak nahi bezala atera. Nahigabetuta itzuli da etxera. Oraingoz, ez da berriz saiatuko.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Katmandutik iritsi berri da Alex Txikon alpinista (Lemoa, Bizkaia, 1981). Azken espedizioetan ez bezala, bizarra moztu gabe itzuli da Euskal Herrira. Azpeitian bizi da azkenaldian, eta irrati saio batetik atera berri da. Gustura itzuli da etxera. Udan aita izango da lehenbizikoz.

Nola itzuli zara Everestetik (Himalaia, 8.848 metro)?

Aurten, saiatzeko batere aukerarik ez digu eman Everestek. Baina fisikoki inoiz ez bezala sentitu naiz, eta psikologikoki ere indartsu itzuli naiz. Oso gogorra izan da, gehienbat hirugarren kanpalekura iristea ere ezinezkoa egin zaigulako. Horrek ez du esan nahi onenean egon ez garenik, baizik eta eguraldiak ez digula aukerarik eman. Askotan, irudipena dut denbora galdu dudala. Baina balorazio orokorra oso positiboa izan da, une oso politekin, eta ez oso politekin.

Zuen azken mezuek izua sortu zuten.

Gailurrera igotzeko azken saiakeran, bost meteorologoren eguraldi iragarpenak genituen. Denek eguraldi nahiko ona iragartzen zuten, baina, azkenean, metro bateko elurra bota zuen. 30 orduz elurra egin zuen. Metro batera ez genuen ezer ikusten, eta ibilbidearen zatirik gehiena tapatuta gelditu zen. Kontu handiz ibili behar genuen ematen genuen pauso bakoitzeko, eta egoera horretan ibiltzeak arriskua asko areagotzen du. Beldur handia pasatu genuen, baina badakigu neguan zer dagoen Everesten.

Helburu nagusia Everest izan arren, lehenik Antartikara joan zineten, eta gero Ama Dablamera (Nepal, Himalaia, 6.812 metro). Zergatik?

Antartikara joan nahian urteak neramatzan. Etxe inguruan alde batetik bestera ibili beharrean, hara joateko hautua egin nuen. Hala ere, itsasontziak nekea sortzen du, hura ere oso gogorra izan zen. Une oro presiopean, eta itsaso txarra ere izan genuen. Han zailtasun pixka bat zuten gauzak egin genituen. Ondoren, Ama Dablamera joan ginen, orain bi urte Pumorira [Nepal, 7.161 metro] joan ginen bezala. Girora moldatzeko aukera ezin hobea zela iruditu zitzaigun.

Ama Dablam igo ondoren, dena espero bezala zihoan, ezta?

Oso gustura ibili ginen. Baziren sei edo zazpi urte neguan inork igotzen ez zuela, eta, alpinismoaren ikuspegitik beste munduko ezer ez den arren, guretzat oso igoera ona izan zen. Oso oroitzapen ona dut. Asko gozatu genuen.

Orain bi urterekin alderatuta, oinarrizko kanpalekuan jada aldaketa handiak nabaritu omen zenituzten. Hainbesterako izan al zen?

Bai. Beste urteetan ibaietan ez zen urik izaten garai hauetan, esaterako. Everesteko oinarrizko kanpalekuan zero azpitik zortzi gradura egon gara, beste urte batzuetan zero azpitik ia hogeita hamar gradura ere egon garenean. Tenperatura beroak izanda, oraindik eta ezegonkorrago zegoen dena. Aurten, eguraldiaren iragarpena asmatzea oso zaila izan da, kontuan hartuta ia hamabi egunez ibili garela altuera aldetik hain goian. Hala ere, uste dut udaberrian arazo handiagoak izango direla tenperatura handiekin. Klima aldaketaren ondorioak nabaritzen ari dira dagoeneko.

Ezuste askoko espedizioa izan da. Jonatan Garciaren erorikoa izan zen lehenik, eta Oscar Cardoren ebakuazioa ondoren. Nola bizi izan zenuen?

Horrelako gauzetarako ere beti prestatuta egoten gara. Psikologikoki asko nekatzen dute horrelako egoerek: erreskatea, helikopteroa etortzea... Azkenean, ezusteko bat besterik ez zen izan, baina larri ibili ginen. Buruak ere lan handia egiten du horrelakoetan, eta ikusten nuen aurrena sei ginela, ondoren bost, eta, azkenean, lauk amaitu genuen.

Nola duzu gogoan Cardoren ebakuazioa?

Oso egun gogorra izan zen. Cardoren ezinak oso gaizki utzi gintuen. Konortea ere galdu zuen. Bigarren kanpalekutik ezin genuen jaitsi, eta gaua han pasatu ondoren, goizaldean helikopteroak etorri behar izan zuen hura artatzera.

Zuen azken saiakera egin baino lehen, beste espedizio bateko kideek esan zizuten gailur saiakera azkar bat egin nahi zutela. Zer pentsatu zenuen une hartan?

Guri ere ezustean harrapatu gintuen. Ordurako, Argentinatik itzuli pare bat eginda zeuden, eta jakinda gu oraindik han ginela, bertaratu egingo zirela esan ziguten. Bost egunean saiakera azkar bat egin nahi zuten gailurrera. Ni ez naiz inor bertan ezin zirela egon esateko, Everest ez da nirea. Jende askok esaten zidan guk aurretik egindako lanaz aprobetxatuko zirela; baina, aldi berean, guretzat ere ona izan zitekeen haiek gurekin biltzea. 2016an ere antzeko zerbait gertatu zitzaidan Nanga Parbaten [Karakorum, 8.126 metro]. Orduan, Ali Sadparak eta biok hornitu genuen bide guztia, baina azken unean Simone Moro eta Tamara Lunger ere gurekin abiatu ziren. Beraz, haiekin ere indarrak bateratzea erabaki genuen, denentzat errazago izango zela pentsatuta. Konturatu ziren ez zela batere erraza, eta haietako bat abiatu ere ez zen egin. Lehen egunean atzera itzuli nahi zuten Khumbuko ur jauzia igarotzen hasi zirenean. Gu baino pisu handiagorekin abiatu ziren, eta gu baino mantsoago joan ziren. Konturatu ginen elur jausien arriskua geroz eta handiagoa zela. Gailurrerako saiakeraren lehen egunean 20 zentimetroko elur geruza bota zuen, eta nahiko lan izan genuen lehen kanpalekura iristeko. Handik abiatu ginenean, berriro ere beste 70 zentimetro bota zuen. Gure asmoa hirugarren kanpalekura iristea zen, baina elurra gerriraino iristen zitzaigun. Asmoak aldatu behar izan genituen. Eguraldiak ez zuen onera egiten. 6.900 metrora iritsi ginenean, konturatu ginen ezin genuela aurrera jarraitu.

Zer behar da Everesteko gailurrera neguan igotzeko?

Eguraldiak lagundu behar du, bestela ez dago inolako aukerik. Agian, aurten ezegonkorra izan den bezala, izango dira negu hobeak.

Ez duzu uste denborarekin justu xamar ibili zaretela?

Ez. Jende gutxiagorekin ibili gara azkenean. Egia da, gu hara iristerako, lehen kanpalekuraino hornitu zutela bidea. Gutxira, Garciaren ezustekoa izan genuen. Gainera, Cardon ebakuatu gero, Pechhumbe, Geljen Lama, Nurbu eta laurak gelditu ginen. Oso jende gutxi da hainbeste lan egiteko. Hala ere, ez zen denbora kontua izan. Iruditzen zait lan izugarria egin dugula, baina guk aurreikusten genuen altueratik ezin izan gara pasatu. Gailurretik oso urruti gelditu gara.

Aurten lehenbizikoz izan duzu bidelagun Jonatan Garcia bizkaitarra. Orain gutxi esan berri du etorkizunean bikote polita osa zenezaketela. Berdin pentsatzen al duzu?

Bai, bai. Oso indartsua da, eta oso ondo ikusi dut, espedizioa neguan izan dela kontuan hartuta. Gaztea da, gogoa dauka, jarrera ere bai, eta ondo prestatzen da. Benasquera [Aragoi, Espainia] bizitzera joateko apustua egin zuen lana utzita. Goraipatzekoa da, ez baitu edonork bere lan finkoa uzten honetan saiatzeko. Etorkizunean gauzak egiteko aukerak hor jarraituko du, baina gauzak antolatzeko garaia da. Ez dakigu ziur zer egingo dugun ere.

Zuekin batera, baina Hornbein bidetik, Jost Kobusch alemaniar gaztea ibili da bakarrik. Zer iruditu zaizu egin duena?

Oso pertsona atsegina da. Denbora asko egon gara elkarrekin oinarrizko kanpalekuan, eta azken bi egunetan ere Katmandun batera egon ginen. Denbora asko pasatu du Nepalen, eta gauza arriskutsuak egin ditu. Goraka igotzen zen aldietan, ez genuen begiratu ere egin nahi, elur jausiak izaten zirelako bera ibiltzen zen bidean. Baten batek harrapatu ere egin zuen. Gure erronka arriskutsua bazen, harena zer esanik ez. Azkenean, 7.300 metrora iristea lortu zuen. Egia da, handik gora hasten dela egiazko Everest, baina hala ere nahikoa egin du. Galdetu nion ea datorren urtean berriro ere saiatuko zen, baina ezetz esan zidan, beste asmo batzuk zituela.

Zuk ere aitortu duzu ziurrenik ez zarela berriro itzuliko. K2ra ere ez? (Karakorum, Himalaia, 8.611 metro)

Ez, ez, oraingoz ez. Ez Everestera, ezta K2ra ere. Negu asko daramatzat jarraian, eta, agian, neguren batean etxean gelditzeko ordua iritsi zait. Egia da neguak kateatu egiten gaituela, eta badirela beste mendi batzuk gustura itzuliko nintzakeena: esaterako, Ama Dablam edo Pumori; baina agian ez zortzimilako batera. Zailtasun handiko mendiak dira, konpromiso handia eskatzen dutenak, eta ekonomikoki ere oso garestiak dira. Hirugarrenez saiatu naiz Everesten; urtetik urtera emaitza okerragoa izan dugu, gainera, eta ikusirik inongo aukerarik ez dugula izan... Ez dut berriro ere bigarren kanpalekuan gelditu nahi. Askotan frustrazioa ere sortzen dit. Lan handia egiten dugu, baina emaitzak ez dira ikusten. Futbolari batekin alderatuta, esan dezakegu egun guztia entrenatzen pasatzen dugula, baina entrenatzaileak ez gaituela urte guztian deialdi batean ere sartzen. Horrela sentitzen naiz askotan. Azken urteetan maiz irudipena izan dut edozein gailurretara igotzeko aukera gutxi izan ditudala.

Udan bizimodua ere aldatuko zaizu, aita izango zarelako. Horrek zer pentsatua emango dizu askotan?

Aurten esateko, inoiz baino gehiago arriskatu dut. Baina ia ez naiz bigarren kanpalekutikpasatu. Askotan pentsatzen nuen: «Baina zer egiten dugu hemen bizitza jokatzen?» Oraindik bizirik baldin banago, gauzak zentzuarekin egiten ditudalako nago.

Zerbait pentsatua al duzu udaberri edo udazkenerako?

Han nengoela, jada hasita nengoen pentsatzen etxera itzultzean zer egingo nuen. Mila gauza egin nahi ditut. Horietako bat negu osoa Antartikan pasatzea da. Bestalde, Seven Summitsekoek neguko espedizio baterako gonbidapena egin didate, baina oso urruti dago oraindik. Udan etxe inguruan ibili nahi dut. Proiektu batzuk baditut buruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.