Oinatz Bengoetxea. Baikoko pilotaria

«Bizitzaz gozatzen saiatu naiz, eta lortu dut»

Bengoetxeak bihar jokatuko du azkenekoz profesionaletan, Labriten. Baina ez dio jokatzeari utziko. Urriaren 5ean beteko ditu hogei urte profesionaletan, eta herri txikietan ariko da ordu arte. 70 partida inguru lotu ditu jadanik, batzuk AEBetan eta Mexikon: «Orain, ez nuke berrituko. Honek ilusio askoz handiagoa egiten dit».

IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
Leitza
2022ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Barka ezazu! Bi minutuan hortxe nago!». Oinatz Bengoetxeari (Leitza, Nafarroa, 1984) ahaztu egin zaio hitzordua. Aitzakia du: «Gainezka nabil: elkarrizketak egin, sarrerak banatu, agurreko afaria prestatu, ondorengo partidak antolatu... Ez dakit non dudan burua», dio barrez. Leitzako plazan izan da elkarrizketa. Han hasi zen pilotan jokatzen, eta, eguraldiak laguntzen baldin badu, han jokatuko du azken partida, urriaren 8an, profesionaletan debuta egin zuenetik hogei urte bete eta hiru egun geroago. Bihar, berriz, azkeneko lehia jokatuko du profesional gisa, Iruñean, Labriten (17:15, ETB1).



Bihar jokatuko duzu azken partida profesionaletan. Zer moduz zaude?

Oso gustura. Ederra izaten ari da agurra, espero baino hobea. Oso giro ona egon da azken partida hauetan, eta konexio oso polita izan dut jendearekin. Kantxan ere gozatzen ari naiz. Azkena falta da orain, errematea: Labriteko agurra. Bereziena da, azkena baita. Ez dut dudarik: ederra izango da.

Pozik zaude, ala triste?

Nahasketa dut barruan. Ederra izan da hogei urtez pilotari profesionala izatea, izugarri gozatu baitut. Baina ezin dut ezkutatu barruan badudala pena pixka bat. Baina bizitzaren legea da, eta onartu beharra dago. Hasitakoa inoiz bukatu behar da, eta, niretzat, larunbatean amaituko da frontoi handietako ibilbidea.

Ez zintuen ezustean harrapatuko pilotazaleen jarrerak. Beti sentitu izan zara oso maitatua.

Ez da ezustea izan jendearengandik jaso dudan maitasuna. Betidanik izan dut oso harreman ona pilotazaleekin, baina horrek ez dio baliorik kentzen azken asteetan erakutsi didaten estimu eta maitasun handiari. Jarrera paregabea izan dute nirekin, eta izugarri eskertzen diet. Gozamena izan da.

Konexio hori ez da ezerezetik lortzen. Zuk ere egingo zenuen zerbait horren maitatua izateko.

Ni beti saiatu izan naiz jendearekin gertukoa, alaia eta irekia izaten; halakoa da nire izaera. Errespetuz jokatu dut beti. Kantxan, berriz, beti ahalegindu naiz barruan nuen guzti-guztia ematen. Hori guztia eginda irabazi dut pilotazaleen errespetua.

Prest zaude azken egunerako?

Bai. Oraindik pare bat egun falta dira, eta indarberritzen saiatuko naiz. Ahalik eta ondoen iritsi nahi dut azken partidara. Gero, festa izango da, eta horretarako ez dut askorik prestatu behar [barrez].

Berezia izango da?

Oso, azken partida baita, eta Labriten baita; niretzat, frontoirik bereziena da. Umetan jada bertan jokatzen genuen Nafarroako Txapelketa, eta ohore handia zen han jokatzea. Gerora, partida pila jokatu dut han, batzuk oso garrantzitsuak, eta beti giro zoragarria egon da. Horregatik aukeratu dut Labrit azken partidarako.

Nola doaz prestaketak?

Oso ondo. Jo eta su gabiltza. Afaria egin behar dugu frontoian, eta jende asko joango da. Kanpoan geratu dira asko, tokirik ez baitago. Bete-betea egongo da. Sarrerekin ere hor gabiltza, itzulitakoak salmentan jarri nahian. Saltsa handia da guztia antolatzea, baina seinale ona da hori.

Esana duzu urrira arte jokatzen jarraituko duzula, zeure kasa. Horrek arindu egiten ditu azkeneko partida jokatzeak eragin zitzakeen sentipenak?

Dudarik gabe. Ilusio handia egiten dit urrira arte herri txikietan jokatzeak, hogei urteko kirol ibilbidea osatu arte. Partida pila bat jokatu behar dut, 70 inguru. Espero dut minik ez hartzea, eta ahal ditudan gehienak jokatzea. Euskal Herrian izango dira gehienak, baina apirilean Mexikon ere jokatuko dut; uztailean, AEBetan, baita Valentzian ere. Amestutako agurra izango da.

Lehen aukera, hala ere, profesional gisa agur esatea zen, baina Baikok ez zizun berritu kontratua ordu arte. Arantza hori baduzu?

Ez. Enpresak haren asmoen berri eman aurretik erabakia nuen gertatzen zena gertatzen zela neure kasa antolatuko nuela agurra, herri txikietan jokatuz. Orain, beste zortzi hilabeterako berritzea eskainiko balidate, ez nuke onartuko. Ilusio askoz handiagoa egiten dit aurretik dudanak.

Erabakia hartzeko orduan, Baikok aintzat izan du greban izan zenuen jarrera?

Ziur nago ez duela kontuan hartu. Gazteen alde egiten ari da enpresa: oso ondo ulertzen dut, eta oso ondo iruditzen zait. Iritzi bera izan dut beti. Nire aurretik ere beste beterano batzuk joan dira: Aimar [Olaizola], Ibai Zabala, Arretxe... Enpresari zilegi zaio hori egitea. Hogei urte egitea gauza handia da, eta asko gozatu dut; pribilegiatua izan naiz, eta oso zortekoa. Enpresak, berriz, zukua atera dit. Enpresek hala funtzionatzen dute.

Nola gogoratzen duzu enpresan izandako lan gatazka?

Oso garai latzak izan ziren, baina aurrera egin genuen.

Merezi izan zuen?

Bai, zalantzarik gabe.

Pribilegiatua eta oso zortekoa izan zarela diozu.

Beti sentitu naiz horrela. Oso bizimodu ona izan dut pilotari gisa. Gauza handia eta ederra da Euskal Herrian pilotaria izatea. Inork ezin du kontrakorik esan. Ni hogei urtez izan naiz pilotari profesional, eta izugarri gozatu dut. Asebeteta nago.

18 urterekin debuta egin zenuenean buruan zenuen ametsa bete duzu?

Erabat. Edonork sinatuko luke ia hogei urtez profesionaletan jokatzeko eta gehienetan pilotari onenekin nor baino nor gehiago borrokatzeko. Ohorea izan da.

Augusto Ibañez Titin III.a, Abel Barriola, Juan Martinez de Irujo, Aimar Olaizola... Belaunaldi horren azkenekoa zara zu.

Ni nintzen belaunaldi horretako gazteena, eta niri ere iritsi zait agur esateko garaia. Belaunaldi handia zen hori, baina orain dauden pilotariak ere oso onak dira, oso profesionalak, eta ikuskizun ederra ematen dute frontoian.

Belaunaldi horrekin bat egin ez bazenu, txapel gehiago irabaziko zenituen?

Ez dakit, baina nik ez nuke ezerekin aldatuko belaunaldi horrekin jokatu izana. Ohorea izan da, eta plazer handia. Aimar eta Juan titanak izan dira. Haiek irabazi dituzte txapel gehienak. Jendeak esaten dit haiek ez baziren egon txapel gehiago izango nituela. Baina horiek ahaztu egiten dute Aimar eta Juanez gain beste pilotari bikain asko egon direla, eta haiek ere izango zutela aukera txapela irabazteko. Denak ados gaude: garrantzitsua da txapelak irabaztea, baina garrantzitsuagoa da txapel horiek noren aurka irabazten dituzun. Aurkarien mailak handiago egiten du lorpena.

Horregatik du meritu handia zuk egindakoak. Lau txapel irabazi dituzu: bi buruz buru, eta bana lau eta erdian eta binaka. Beste sei pilotarik bakarrik lortu dute hiru diziplinetan txapela janztea.

Oso harro nago lau txapel horietaz. Urte askoan borrokatu naiz horretarako, eta zorrotz prestatu ditut txapelketak, buruz burukoa eta lau eta erdikoa, batez ere. Lau txapel irabazi ditut, baita Nafarroako lau eta erdian lortutako beste hiru ere; horiek oso bereziak dira niretzat, San Fermin egunean irabazitakoak baitira; horietatik bi, Juanen aurka, eta beste bat, Jokinen kontra [Altuna]. Oso harro nago egin dudan bideaz.

Asko aldatu da pilota?

Bai, Juan airez jokatzen hasi zenetik, batez ere. Hark aldatu zuen jokamoldea. Pilotari batzuk lortu genuen jokamolde berri horretara moldatzea, eta emaitza onak lortu ditugu. Ordutik, oldarkorrago jokatzen da pilotan, abiadura bizian, eta horrek mesede egiten dio ikuskizunari.

Arriskuak hartuz gustura moldatu izan zara beti; ausart jokatu duzu beti.

Inoiz ez dut arriskatzeko beldurrik izan. Hori izan da nire jokamoldea beti: horrela gustatu izan zait jokatzea: ausart. Ez zait sekula gustatu beldurrez jokatzea.

Balio izan behar da ausart jokatzeko. Zure izaerak lagundu dizu horretan?

Bai. Gehienetan, eguneroko bizitzan duzun jarrerak eta izaerak isla izan ohi du lehiatzeko orduan. Ni pertsona bera naiz kantxan eta kantxatik kanpo: aurrera egiten dut beti.

Hori da zure dohain nagusietako bat: aurrera egin duzu beti.

Kexatzea ez dago nire DNAn. Ez zait gustatzen, argi baitut oso zortekoa izan naizela. Izan ditut bolada onak, baina baita txarrak ere, eta aurrera egin dut beti.

Zein izan da horrenbeste urtean irauteko gakoa?

Kantxan gozatzen saiatu naiz beti, eta entrenamenduetan profesionaltasunez jokatu dut. Gorputzak eutsi egin dit. Astero hartu dut masajea, eta horrek ere mesede egin dit lesio larririk ez izateko. Aske izatea gustatu izan zait, baina beti profesionala izanda.

Aske, nola?

Nik oso argi dut bizitza pilota baino gehiago dela. Kirolari batzuentzat, kirola da haien bizitzako gauzarik garrantzitsuena. Niretzat, oso garrantzitsua izan da kirola, eta nire egunerokoaren parte izan da, baina ederra izan da bizitzaz gozatzea. Bizitzaz gozatzen saiatu naiz, eta lortu dut.

«Frontoira joateko edo telebista pizteko gogoa pizten zizun Oinatzek, bazenekielako zerbait berria egingo zuela», dio Barriola herrikideak zutaz. Askok diote hori.

Eskertzen da, baina pilotari erakargarri asko egon dira. Batzuei batzuk gustatuko zitzaizkien, eta beste batzuei beste batzuk. Ni beti saiatu naiz pilotazalea gozarazten.

Hogei urteko ibilbidean, bidelagun asko izango zenituen. Haiek izan dituzu gogoan azken egunetan.

Ez da gutxiagorako, asko baitiet eskertzeko. Lagunei, familiari, Bixente Artolari [masajista], Txato-ri [aitaginarreba], Arkaitzi [anaia], Asierri [lehengusua] eta pilotazale guztiei. Guztiei bihotz bihotzez eskertu nahi diet urte hauetan guztietan eman didaten babesa eta laguntza, eta adierazi didaten maitasuna. Bizipen ederrak izan ditut haiekin. Oso zoriontsua izan naiz, benetan.

Urriaren 8an jokatuko duzu azkeneko partida, herriko plazako pilotalekuan. Eta, urriaren 9an, zer egingo duzu?

Bi proiektu ditut esku artean, eta ez dakit oraindik nondik nora joko dudan. Hurrengo hilabeteetan jokatzen jarraituko dut, baina argi dut urrian asko aldatuko zaidala bizimodua. Baina aurrera egin beharko dugu orduan ere.

Pilotari lotutakoak dira aipatu dituzun bi proiektu horiek?

Aparte dira, baina modu batera edo bestera pilotari lotuta egongo naiz aurrerantzean ere. Azalduko naiz frontoietara, aurretik ederki bazkalduta, pilotaz gozatzera.

Beldur diozu azken egun horri?

Ez, aspalditik nuen buruan iritsiko zela bizimodua aldatu beharreko eguna. Ahal izan dudan guztia gozatu dut pilotarekin, baina oraindik bizitza oso luzea dut aurretik. Beste bizitza bat izango da, baina horretan ere aurre egingo dut.

Nola nahiko zenuke jendeak gogoratzea? Oinatz Bengoetxea izan zen...

Pilotan pasioz jokatzen zuen pilotari bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.