Olinpiar Jokoak

Eten olinpiarraren duda argitu gabea

Asteak badira eztabaida hasi zela Tokioko Jokoak bertan behera geldituko ote diren koronabirusaren ondorioz. Hala ere, aukera hori joan den astean hasi zen serio planteatzen, nazioarteko kirol egutegi ia dena etenda gelditu delako. Tokion parte hartzeko helburua duten kirolariak erabateko ziurgabetasunean daude, lau hilabete falta diren honetan.

Zuzi olinpikoa pizteko ekitaldia, joan den ortzegunean, Greziako Olinpia Zaharrean. VASSILIS PSOMAS / EFE.
mikel rodriguez
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Abuztuaren 14an mende bat beteko da Anberesko Olinpiar Jokoak hasi zirela. Ekitaldi berezia izan zen ordukoa, 1916an ez baitziren jokatu, eta, 1896an Aro Garaikideko jokoak sortu zirenetik, lehenbiziko aldiz gertatu zen halako zerbait. I. Mundu Gerrak eragotzi zuen Berlinen egitekoak ziren jokoak antolatzea, eta, orduz geroztik, bertze behin baino ez da gertatu halakorik; hain zuzen, bertze gerra batengatik, historiako gatazka militar handienarengatik: II. Mundu Gerran, 1940ko ekitaldia eta 1944koa gelditu ziren bertan behera —Tokion eta Helsinkin egitekoak—, eta 1948an berrekin zieten, Londresen. Geroztik, etenik gabe jokatu dira, baina, koronabirusaren hedapenaren ondorioz, zalantzan daude aurtengoak, Tokion egitekoak direnak. Ironia ere bada Anberesko jokoen mendeurrenean izatea, Belgikan duela ehun urte jokatutakoek berpizte olinpiarra irudikatu baitzuten, normaltasunaren itzulera.

NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak, ordea, ez ditu galdutzat eman nahi Jokoak, eta ez da espero berehalakoan hartzea horien inguruko behin betiko erabakirik. Ekitaldi batzuk, gainera, ia guztiz normal egin ditu. Errate baterako, joan den ortzegunean egin zuten zuzi olinpikoa pizteko zeremonia, Grezian, eta abian paratu zuten sugarra Tokioraino eramateko bidea —etzi entregatuko diote hori Japoniako antolatzaileei—.

«Hasierako ekitaldia egin baino hemeretzi aste lehenago, azkartu egiten dugu mundu osoko agintari eta kirol antolatzaile anitzek hartu duten konpromisoa, zeinak neurri inportante anitz hartzen ari diren koronabirusa hedatu ez dadin», adierazi zuen Thomas Bach NOBko presidenteak Greziako Olinpia Zaharrean egin zuten ekitaldian.

Uztailaren 24tik abuztuaren 9ra bitartean egitekoak dira Olinpiar Jokoak, baina, koronabirusaren hedapena eragozteko neurrien ondorioz, bertan behera gelditu dira nazioarteko kirol ekitaldi nagusi gehienak, eta horrek hankaz goiti paratu du Tokioranzko egutegi gehiena. Kirolari anitzentzat, urteko helbururik garrantzitsuenak dira Jokoak; kasu dezentetan, gainera, azken lau urteotako edo ibilbide oso bateko helburu handienak dira. Ziurgabetasun handia dute kirolari horiek; haien artean daude hainbat euskal herritar.

«Salbuespenezko egoera»

Nerea Pena eskubaloi jokalariak (Iruñea, 1990) argi ditu lehentasunak: «Egoera normal batean, Olinpiar Jokoak lirateke buruan edukiko nituzkeen lehen pentsamenduak, jakina, baina ez gaude egoera normal batean. Salbuespenezko egoera batean gaude; mundu osoko krisi bat da: osasun krisi bat, gainera, eta osasuna gauza guztien gainetik dago». Horregatik, Penari ez litzaioke gaizki irudituko Jokoak gibelatzea. «Osasuna da lehentasuna. Niri, esango balute urtebete atzeratuko direla, bikain irudituko litzaidake».

Nafarraren ustez, egutegian gibelatu den proba sailaren ondorioz, «ez dago denborarik» guztiak Olinpiar Jokoen aitzinetik egiteko. Izan ere, kirol anitzetan sailkapen probak egiteko dituzte oraindik. Horixe da, hain zuzen, Penaren kasua. Espainiako selekzioarekin jokatzen du, eta ortziral honetan hasi eta igandera arte aritzekoak ziren sailkapen torneoan, Llirian (Herrialde Katalanak). Joan den ortzegunean, IHF Nazioarteko Eskubaloi Federazioak adierazi zuen torneoa eginen zela, baina ateak itxita. Ordurako, ordea, nazioartean kirol ekitaldi gehienak bertan behera uzten ari ziren.

Pena ez zegoen batere ados torneoa egiteko erabakiarekin, eta halaxe jakinarazi zion Espainiako Federazioko ordezkariari. «Ez dut ulertzen gu kutsatzeko arriskuan egon gaitezkeen lehiaketa bat egitea. Logikoa den bezala, ez litzateke kontzertu batean edo ikusleak dituen ekitaldi batean bezainbeste jende egongo, baina nazionalitate askotako jendea elkartuko ginateke, giro ezberdinetatik bidaiatu eta gero, eta arriskutsua litzateke bidaia hori egitea». IHFk 24 orduren buruan aldatu zuen erabakia, eta erran zuen torneoa ekainean eginen dutela.

Espainia sailkatuko balitz, ziurtzat jo liteke Pena Olinpiar Jokoetarako jokalari zerrendan egonen dela, taldearen zutabeetako bat baita. Bigarren Jokoak lituzke, 2016ko Rio de Janeirokoen ondotik —2012ko Londreskoetara ere joatekoa zen, baina min hartu zuen—. «Argi dago: mundu guztiak lau urte eman ditu data horren esperoan; lehenbizikoa ni. Hala ere, arazorik gabe ulertuko nuke Jokoak halabeharrez atzeratzea».

Urtegian bakartuta

Penarentzat bezala, Tokioko Jokoak bigarrenak izanen dira Iñigo Peña piraguistarentzat ere (Zumaia, Gipuzkoa, 1990). Egoera ikusirik, Peñak ez du etsi nahi, eta Jokoak eginen direla pentsatu nahi du. «Lau urtetako ilusioa da. Oraingoz gauzak okerrera joan dira, baina ikusita Asian eta Australian hobeto doazela, baikorrak izan behar dugu, eta entrenatu». Izan ere, joan den astean mundu osoan probak bertan behera utzi bazituzten ere, Australian Olinpiar Jokoetarako sailkapenekoak jokatu zituzten. «Nik uste ez zaiela burutik pasatzen Jokoak ez direla antolatuko».

Espainiako Federazioak apirilaren 16an eta 17an egitekoak ditu sailkapen proba horiek. Peña hor lehiatzekoa da K2 1.000 metroko probako kidearekin, Paco Cubelosekin, eta bikotea Tokiorako sailkatzea litzateke normalena. Baina dena airean dago. «Ez dakigu zer gertatuko den: garapena ikusi beharko». Zumaiarra Madrilen harrapatu du koronabirusaren kaosak. Espainiako Txapelketak jokatzekoak zituzten joan den asteburuan, baina iragan asteartean jakinarazi zieten bertan behera utziko zituztela. Hurrengo egunean, berriz, Blume goi errendimenduko gunea hustea erabaki zuten. «Hasieran, esan ziguten Olinpiar Jokoak prestatzen ari ginenoi gelditzen utziko zigutela, baina bazkalostean esan ziguten zentro osoa itxiko zutela».

Espainiako Federazioak txalet bat alokatu die Peñari eta kideei Madrilgo Picadas urtegi ondoan.«Madrilen dago kutsatzeen foku handiena, baina urtegia herri txiki baten ondoan dago, eta hemen mugatuago dago dena. Pixka bat baztertuta gaude, baso batean, eta bakartzen saiatuko gara». Kanalean ezin dira entrenatu, baina egiteko nagusi bakarra paratu dio bere buruari: «Kontuan hartuta federazioak apirilera arteko estropada guztiak bertan behera utzi dituela, guk Jokoetara begira entrenatzen jarraituko dugu, eta, pentsatuko dugu egin egingo direla. Asko zaintzen saiatuko gara».

Peñak bezala, Alberto Munarriz waterpoloko jokalariak ere (Iruñea, 1994) soseguz hartu nahi du egoera. Harentzat ere bigarren Jokoak lirateke Tokiokoak. Espainiako selekzioa sailkatuta dago, eta Munarriz jokalari inportanteenetako bat da. Iruindarrak azaldu du waterpolo jokalari batentzat torneorik inportaneena direla Olinpiar Jokoak, «lau urte esperoan» eman dituztela, baina eginen ote diren zalantzan paratzeak ez dio ezinegon berezirik eragin. «Ez dut uste eragingo digunik. Uste dut denok berdin gaudela oraingoz, ez da deus aldatzen. Itxaron behar da ikusteko nola doan dena, baina oraingoz ez gaude urduri».

Espainiako selekzioak iazko Munduko Txapelketan lortu zuen Tokiorako sailkatzea —zilarrezko domina irabazi zuten—. Munarrizek prestaketa osoa normal egin du, joan den astera arte. Iragan asteartean bertan Serbiaren aurka jokatu zuten Belgraden, World Leagueko norgehiagokan. Hilabete hasieran, berriz, Munarrizek Espainiako Kopa irabazi zuen bere taldearekin, Atletic Barcelonetarekin.

Bertze kiroletan bezala, ordea, guztiz aldatu zaio egoera. Asteburuan bertan behera gelditu dira waterpoloko partidak ere, eta selekzioarekin AEBetara joatekoak ziren atzo, «entrenatzera eta lagunarteko partida batzuk jokatzera», baina ez dute bidaiatu ahal izan. «Entrenatzaileek informatzen gaituzte; haiek komunikatzen digute dena. Haiek federazioarekin edo klubarekin hitz egiten dute. Oraingoz horixe dakigu, eta ikusiko dugu nola doan kontua».

Gakoa, entrenamenduak

Arlo fisikoarekin ere, iruindarra oraingoz ez dago oso kezkatuta. «Gu klubarekin lehiatzen gara, eta dena nahiko banatuta egoten da. Hortaz, Olinpiar Jokoetarako prestaketa ekainaren erdialdean-edo hasten dugu, eta hilabete bat edo hilabete eta erdi irauten du». Orain, prestaketa klubarekin ari zen egiten, eta Espainiako selekzioarekin «topaketak» izan dituzte «noizean behin». Kirol instalazioak ixtea, ordea, «arazo handiagoa» da, entrenamenduak egitea eragozten duelako.

Munarrizek 26 urte beteko ditu aurten. 22rekin jokatu zituen lehenbiziko Olinpiar Jokoak. Lesio larririk edo bertzelako ezuste txarren bat gertatzen ez bazaio, kirol ibilbide oparoa du aitzinetik. «Agian, badago jendea azken Jokoak izango dituena, edo aurten erretiratuko dena, eta haien ekitaldi handia izanen da. Bai, pena handia izanen litzateke. Nik espero dut Joko gehiago bizitzea, baina hauek ere bizi nahi ditut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.