Herri kirolak

Plazen geroak iraun dezan

Herri kirolek ikusgarritasun gutxi dutela eta, mundu txiki horretan dabiltzanek lan handia dute etorkizuna bermatzeko. Etxetik transmisioa jaso dutenetatik harago, oihartzun handiagoa sortzeko eta gazteak erakartzeko xedez, Euskal Herri osoan badira han-hemenka sortu diren herri-kirol eskolak.

Udane Ostolaza harri jasotzailea, entrenamendu saioa egiten, haren aita Joseba Ostolazaren Harri Eskolan, Aiako Santio auzoan. JON URBE / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Herri kirolak Euskal Herriaren identitatearen parte diren arren, isiltasunera kondenatuta daude askotan. Hain zuzen, mundu txiki horretan dabiltzanek nahiko lan izaten dute herri kirolen izenari eta izanari eusteko. Izan ere, beste kirolen aldean, zarata eta oihartzun txikia sortzen dute. Bada, gazteak erakartze aldera, eta jarraipena emateko xedez, herri kiroletako eskolak sortu dira han-hemenka.

OSTOLAZA HARRI ESKOLA
Taldean are errazagoa


Joseba Ostolazak (Zestoa, Gipuzkoa, 1973) aitarengandikAgustin Ostolaza jaso zuen harriarekiko zaletasuna. 12 urte zituela altxatu zuen lehen harria. «16 urterekin, 200 kiloko harria jasotzera iritsi nintzen». Ibilbide ezin oparoagoa izan zuen Zestoako Arroa Goia auzoan jaiotako harri jasotzaileak. Erretiroa gertu ikusten zuenez, 2015ean, Aiako (Gipuzkoa) Santio auzoan zuen garajea harri eskola bilakatu zuen, gaztaroan lortutako garaipenez atonduta, noski. «Harri jasotzea betidanik izan da kirol bakartia. Eskolari esker, harri jasotzaileok elkarren arteko batasun handiagoa izaten dugu, eta jarraitzeko beti errazagoa izaten da».

Etxetik harriarekiko transmisioa jaso ez duenarentzat ere, eskolak harri-jasotze mundua ezagutzeko aukera eman diola azpimarratu du. «Lehen, kaletar batek bere etxean materialik ez bazuen, ezin zen herri kiroletan aritu. Gabezia handia zegoen». Ostolaza II.aren harri-jasotze eskolak ateak zabalik ditu herri txiki edo handian bizi den jendearentzat. Orotara, hamabost kirolari ibiltzen dira eskolan, 15 urtetik 44 urte bitartekoak. Aiako ingurukoak ez ezik, Urizarkoak (Araba), Betelukoak (Nafarroa) eta Hendaiakoak (Lapurdi) ere joaten zaizkio.

Donostiatik, esaterako, bi gazte joaten zaizkio. «Hasiberriak direnez, harri mota guztiak nola altxatzen diren erakusten diet, arlo teknikoa batez ere». Ostolazak, eskarmentuaren talaia horretatik, jakin badaki itzalean entrenatzea edo plaza batean aritzea desberdina dela. «Urte gutxi daramatzaten kirolarientzako txapelketak ez dira egiten, eta nolabaiteko hutsunea dago. Horretan lanean gabiltza».

Beste eskari are garrantzitsuagoa egin du Ostolazak: emakumeak herri kiroletara erakartzea. Halere, ondorengoa aitortu du: «Ez da erraza izaten ari». Gizonezkoak nagusi diren kirola izan arren, «amorrua» eta «pena» sentitzen du emakumeak ez animatzeagatik. Haren alaba gazteena, haatik, segida ematen ari zaio. «7 urte nituela, aitaren eta aitonaren argazkiak ikusi, eta haiek bezala harria jasotzeko gogoa sartu zitzaidan», adierazi du Udane Ostolazak (Orio, Gipuzkoa, 2005). Garai hartan, gainera, bazen emakume bat plazaz plaza errekorrak bata bestearen atzetik ezartzen zituena: Idoia Etxeberria. Harria jasotzeko mundu txiki horretan mugarria jarri zuen Ostolazaren herrikideak. «Hark eginiko bidea egiten hasi nahi nuen». Esan eta egin.

Azken harri-jasotze txapelketan hiru emakumek hartu zuten parte: Ostolazak ez ezik, Karmele Gisasolak eta Virginia Finolek. Oriotarrak haren lagunei aitaren eskolara joateko zirikatzen aritzen da. «Asko animatzen naute, baina horraino; beste kirol modalitate batzuk nahiago baitituzte». Finol, esaterako, egun, gizartean harrabots handia izaten ari den crossfit kirolean ibilitakoa da. Ostolaza II.ak dio jendea harri jasotzera bideratzeko zubi lana izan daitekeela crossfita: «Azken batean, harrizko bolekin aritzen dira». Aisialdian ez ezik, herri kirolak hezkuntzan sustatu beharko liratekeela iritzi diote. «Bide bat ireki lezake; baina jarraipena eman behar zaio horri».

SAKANAKO AIZKORA ESKOLA
Oinarri sendo batetik hasiz


Sakana haranean aizkolaritzan dagoen usadioa sustatzeko asmoz, Sakanako Mankomunitateak aizkora eskola jarri zuen martxan 2004an, Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Hain zuzen, Joxe Inaxio Flores Axio zenak 10 urtetik goragoko gaztetxoei aizkoran irakasteko ardura hartu zuen lehendabizi. Ondoren, aizkoran makina bat txapel irabazitakoak diren Juan Mari eta Floren Nazabal aita-semeak gehitu ziren. Artean, Juanito Erdozia (Etxarri Aranatz, 1943) tarteka laguntzera joaten zitzaien, harik eta erretiroa hartu, eta gaztetxoez inguratuta geratu zen arte.

Orain dela sei urtetik, martxotik maiatzera bitartean, Erdoziak etxetik gertu duen bordara eramaten ditu gazteak aizkoran entrenatzera, astean bi egunez. Materiala hara eta hona eramateko, berriz, Juanjo Erdozia (Etxarri Aranaz, 1972) semeak laguntzen dio: «Horrek bere lana eskatzen du». Aurten, hamazazpi gazte eduki ditu bere esanetara, tartean bost iloba. «Hamabirekin hasi nintzen, baina ondo asko dakigu gazteak nolakoak diren; herri txikia izanda, ahoz aho zabaltzen baita berria». Bada, aizkora eta Etxarri Aranatz eskutik helduta doaz.

Aizkora eskolak kirolaren inguruko hastapenerako gazteei bidea errazteko laguntzen diela uste dute erdoziatarrek. Gazteenak azaldu duenez, aizkoran trebatzeko oinarrizko ezaugarriak ezagutzeko aukera izaten dute, besteak beste, enborrari ebaketa ona egiteko edota postura egokian aritzeko. Lehen egunetik heltzen diote aizkorari gaztetxoek. Aitak hartu du hitza: «Egurrean zulo bat egin, eta, ondo edo gaizki, hari jotzea da haien lehen eginbeharra. Hurrengo zeregina, berriz, arlo teknikoa hobetzea izango litzateke, aizkora menperatu arte».

Prestaketa lanak egin ostean, udan zehar, plazaz plaza aritzen dira erakustaldiak egiten. Aurtengoan, ordea, izurriak dena aldrebestu du, eta bertan behera geratu dira. Penaz hartu dute, «gazteek sekulako ilusioa izaten baitute herritarren aurrean jarduteko».

Ordu asko pasatzen dute erdoziatarrek nerabeekin, aitak bereziki. «Emazteak sarritan galdetzen dit ea zergatik hartzen ditudan halako lanak». Honela arrazoitu du etxarriarrak: «Gaztetxo horiek aizkoran zeinen gustura ibiltzen diren ikusten ditudanean, halako poztasuna ematen dit. 77 urte ditudan arren, lanean jarraituko dut».

Egoerak hala baldintzatuta, erakustaldirik egin ez direnez, zalantzarik ez dute aizkorari mesederik ez diola egin. Alta, etorkizunari traza ona hartu dio: «Azpitik jendea badator, eta kirol honek badu segidarik».

GAZTEDI SOKATIRA TALDEA
Gazteak sokari lotu nahian


Harriaren eta aizkoraren aldean, Gaztedi sokatira taldeak eskolarik ez dauka, baina Laukizek (Bizkaia) beti izan du harreman estua sokatirarekin. Zerbaitegatik beteko ditu 60 urte datorren urtean. «1961etik belaunaldiz belaunaldiko transmisioaren bitartez, Laukizen sokatirak bizirik dirau», esan du Jon Iñaki Mardaras (Gatika, Bizkaia, 1961) gizonezkoen taldeko entrenatzaileak.

Aldika-aldika, 15 urte inguruko gazte multzo txiki bat hasten da sokatiran. Alabaina, gerora datoz gabeziak, Mardarasen esanetan. Sokatira kirol profesionala ez denez, zarata gutxi sortzen duen modalitatea da: «Sokatirak ikusgarritasun handiagoa duten beste kirolen adinako erakargarritasunik ez du». Hori dela eta, gehienek utzi egiten dute, eta soilik herriko hiruzpalau gaztek jarraitzen dute sokari tiraka. Horietako bat da Aimar Gaminde (Laukiz, Bizkaia, 2003). Tiratzaile gehienek bezala, etxetik jaso du sokatirarekiko grina; haren aita, Josu Gaminde, urte luzez ibilitakoa baita, eta orain emakumeen taldeko entrenatzailea da. Haren semeak 14 urterekin eman zizkion lehen tirakadak gazteen taldean. Ordea, nahiko luketena baino bide motzagoa izan zuen talde hark. Egun, nagusiekin dabil Gaminde.

Mardarasek argi du: «Benetako belaunaldi aldaketa gauzatzeko gazteak beharrezkoak dira; alor teknikoan askoz ere arinago ikasten baitute. Iritzi berekoa da Gaminde ere. «Sokari nola tiratu behar den jakiteko garairik onenean nago ni; gerora, fisikoa landuko duzu».

Sokatira munduan gazte gutxi dabilela eta, kezkaz egiten dio so geroari Gamindek. «60 urte dituzten tiratzaileek esango dute atzetik ez datorrela segidarik. Zer pentsatua ematen dit horrek». Egoera are gehiago zaildu zaie pandemiaren ondorioz. «Joan den urtean, bizpahiru talde genituen; orain, bakarra besterik ez dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.