Argentina

Memoria, zis-heteroen pribilegio

Argentinan Trans Memoriaren Artxiboa sortu dute, XX. mendearen hasieratik 90eko urteetarainoko materiala bilduta; 10.000 dokumentu batu dituzte. Transexualen komunitatearen memoria babestu, osatu eta aldarrikatu nahi dute.

Trans Memoriaren Artxiborako, oinarri hartu dute giza eskubideen erakundeek Argentinan egindako lana. BERRIA.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Trans Memoriaren Artxiboa espazio bat da Argentinako transexualen komunitatearen memoria babesteko, osatzeko eta aldarrikatzeko. Bertan, bizirik iraun duten transexual eta trabesti zenbait, oinarri harturik Maiatzeko Plazako Amek eta Amonek memoriaren alde egindako lana, ahaleginean ari dira berak eta beren kideak ahanzturatik ateratzeko, beren ahotsez atera ere, zeren gaur arte ez baitzegoen Poliziaren eta instituzio psikiatrikoen erregistroak baizik.

Lan horren bitartez, 10.000 dokumentuko artxibo bat osatu dute, XX. mendearen hasieratik 90eko urteetarainoko materiala bilduta, eta munduko beste leku batzuetan oinarri hartu dute orain, nork bere artxiboak osatzeko. Argazkiak, filmak, audioak, kazetaritza piezak eta askotariko pieza museografikoak daude bilduman: nortasun agiriak, pasaporteak, gutunak, oharrak, Poliziaren paperak, aldizkarietako artikuluak, egunerokoak eta bestelako objektuak.

Zapata kaxa bat

2021eko maiatzean, Encuentro katean —heziketa eta kultura ardatz dituen kate publiko batean—, artxibo horri buruzko telesail labur bat estreinatu zuten, lau atalekoa. Bertan, lau kideren istorioak atera zituzten argitara, komunitate osoaren bizipenen erakusgarri.

Belen Correarena da istorio horietako bat, zeina artxiboaren sortzaileetako bat baita, Claudia Pia Baudracorekin batera. Esan daiteke zapata kaxa batekin hasi zela dena. Baudraco 2012an hil zen —Genero Identitatearen Legea onartua izan baino hilabete batzuk lehenago—, eta, haren familiarengandik, Correak zapata kaxa bat jaso zuen herentzian, barnean haren objektuak eta errautsak zituena. «Facebooken talde itxi bat sortu, eta handik abiatuta hasi ginen eratzen artxiboa; Argentinako 1.400 transek parte hartu zuten», kontatu du Correak.

Argentinako lehenbiziko emakume transexual ekintzaileetako bat da Correa. 2014an, harremanetan jarri zen Cecilia Estalles argazkilari eta artistarekin, eta hark akuilatu zituen materiala ikusgai jartzera. «2014an, Argentinako eta Kanadako artista bisualen arteko truke batean parte hartzen ari nintzela, trabesti batzuen hilketak ikertzen hasi nintzen, eta han ezagutu nuen Belen», kontatu du Estallesek. «Gina Vivancoren kasuarekin hasi nintzen lanean, haren senide eta lagunek eman zizkidaten argazkiekin. Poliziak erail zuen Vivanco, 1991n. Artxiboa digitalizatu nuen, eta Beleni proposatu nion kideen argazkiak digitalizatzea eta espazio fisiko bat sortzea. Hasieran, duda egin zuen, ni lesbiana zis bat naizelako, baina, denborarekin, eta urrutitik bazen ere [Belen Alemanian bizi baita, 2008tik], lanean hasi ginen. Zer etxetara joan esaten zidan berak; aurkeztu egiten ninduen».

Hara joan, materiala bilatu, eta digitalizatu egiten zituen. Hasieran, bi erakusketa txiki egin zituzten, komunitatearentzat nagusiki: «2017an, berriz, lantalde bat osatu, eta ECUNHIko erakusketa prestatzen hasi ginen [Gure Seme-alabak Kultur Espazioa, egoitza Armadaren Mekanika Eskolako atxilotze zentro klandestinoa izandako eraikinean duena]. Harrezkero, gehiago hedatzen hasi zen artxiboa».

Garaitsu hartan, Ibermemoria saria eman zioten artxiboari, eta, sari horren barnean, artxibozaintzan trebatzeko aukera eman zieten. Estallesek dioenez, ordura arte senez landu zuten materiala, bere argazkilari prestakuntza baliatuz, baina, Fernando Osorio mexikarrak trebatu zituenean, dokumentuak kudeatzeko sistema bat sortu ahal izan zuten.

Aurrerago, Nazioko Artxibo Nagusian ere trebatu ziren, eta, besteak beste, nazioarteko katalogazio eta artxibatze arauak erabiltzen hasi. 2018an, berriz, izaera juridikoa eman zioten artxiboari, eta, horri esker, modua izan zuten beka eta diru laguntzetarako izena emateko, lan egiteko toki bat izateko, soldatak ordaindu eta kobratzeko, eta abarretarako.

«Belenen eta besteon helburuetako bat zen artxiboak lana eskaintzea transexual nagusiei; izan ere, zaurgarri bizi dira, ez baitute ez erretirorik eta ez eskubiderik, instituzio guztietatik baztertuta daudenez gero», azaldu du Estallesek. «Orain, Transexualen Nazioarteko Funtsari esker, badira hilabete batzuk kontratu eta guzti alokatua dugula espazio hau, eta gurea da. Oso poliki egin dugu bidea, eta oso nekez».

Maletak

Artxiboko kontakizunetan, bizipen batzuk etengabe errepikatzen dira. Pose probokatzaileen, dirdiren eta adats koloretsuen artean, behin eta berriz agertzen dira Poliziaren operazioak, atxiloketa atergabeak, komisariako torturak, eskolako eta familiako jazarpena, eta abar. Horregatik, ahanzturari ihes egitea, haientzat beste inorentzat baino gehiago, komunitate bat osatzea da.

«Etxetik eta familiatik bota gintuztenez, ez geneukan inor kontu egingo zigunik», azaldu du Correak. «Seme-alabarik ere ez geneukan. Lagunak baino ez geneuzkan, eta haien izengoitia besterik ez genekien; legezko izena zein zuten jakin ez, eta ezin genituen bilatu. Gaur egun, artxiboa egiten ari da erreparazio lan hori».

Honatx telesailaren lau atalen izenburuak: Lumak, Maletak, Musuak eta Altxaturik. Hain justu Maletak izenekoa da Correarena. Partez, estigmatik eta pertsekuziotik aldentzeko etengabe batetik bestera ibili behar izan zuelako jarri zioten izenburu hori kolektibo horretako kide gehienak dira estigmaren eta pertsekuzioen biktima, baina, hein batean, 2001ean erbestera joan behar izan zuelako ere bai.

Izugarri irakurtzen zen aldizkari batean elkarrizketa bat egin zioten behin, eta haren amaren etxera hots egiten hasi ziren orduan, mehatxuka; horren ondorioz, asilo politikoa eskatu behar izan zuen AEBetan. «Identitatea hain garrantzitsua den herrialde batean [Argentinan], guk 2012ra arte [Genero Identitatearen Legea onartu zen arte] ez genuen izan ez identitaterik, ez demokraziarik», esan du.

Identitatea, giza eskubideak

Galdeturik zergatik sortu den esperientzia hau Argentinan munduko beste leku batzuetan baino lehenago, Correak ezinbestean dio herrialde horretan identitatearen eta memoriaren arloetan egin den lana izan dutela inspirazio. Argentinako esperientzia ikusita, beste leku batzuetan ere hasi dira lan berean, euren funtsak sortzen. «Uste dut Kanadan eratu zela transen lehen artxiboa, baina beste modu batean ari dira han», azaldu du Estallesek.

«Haiek trans ospetsuen eta inportantzia historikoa izan dutenen donazioak hartzen dituzte; hemen, berriz, artxibo pertsonalak ditugu». Argentinaren ondoren, Kubak, Kolonbiak, Txilek eta Uruguaik ere sustatu dituzte halako proiektuak. «Kubakoak bere aurkezpenean dio Argentinakoa hartu duela oinarri», kontatu du Correak.

Aitortu aitortzen du inspirazio izan dutela giza eskubideen erakundeek Argentinan egindako lana, baina, aldi berean, oso kritikoa da, diktaduraren ondoren ez zaiolako errekonozimendurik eta erreparaziorik egin trabestien eta transexualen kolektiboari.

Trans Memoriaren Artxiboak berak argitara atera du diktadura jazarri egin zitzaiela arauz kanpokoei, bestelakoei, eta, horren ondorioz, berriki esaten hasi dira 34.000 direla desagertuak, eta ez 30.000, orain arte esaten zen bezala.

«Memoria, egia eta justizia prozesu baten hasieran gaude. Memoriarekin oraintxe hasi gara; egia, berriz, gu entzuten hasi zirenean hasi ginen plazaratzen; justiziarik, ordea, ez daukagu oraindik, Argentinak erreparazio hetero-zis bat egin baitu», azaldu du Correak. «Guk ez dugu izan ez amarik eta ez amonarik gure gorputzak erreklamatu dituenik. Giza eskubideen taldeek, erreparazio historikoa egiteko, zor handia dute oraindik transen komunitatearekin».

Estallesek berdintsu ikusten du egoera, baina argitu du berak bere zis kondiziotik hitz egiten duela betiere. Biek diotenez, gaur egun 65 urtetik gorako 90 pertsona baino ez daude diktaduraren lekuko izan zirenak, eta estatuak ez die inolako errekonozimendurik egin genozidio baten biktima izan ziren arren. «Guk zera nahi dugu, benetako erreparazio bat egitea, zeren pertsona horiexek aritu ziren borrokan, haiek jarri zuten gorputza, eta haiei eman zien egurra Poliziak», azaldu du Estallesek.

«Haiek aritu ziren eskulanean, esklabo, zentro klandestinoetan; haiek garbitzen zituzten auto odolduak; haiek aritzen ziren garbiketan; eta horri buruz ez du inork ezer esaten. Presoei eta jendarmeei zerbitzu sexualak ere ematen zizkieten.

Kide horiek kinka oso larrian daude, hil eta hil ari dira, eta borondate politikorik eza da arrazoi bakarra. Modua izan dugu haietako batzuen memoria erreskatatzeko, baina gutxi geratzen dira. Memoria pribilegio hetero-zis bat da, eta, horregatik, artxiboan, diktadurako memoria berreskuratzen ari gara».

Alde horretatik, lehen aldiz, duela egun gutxi batzuk zenbait jende auzipetu zuten diktaduran trabestiak eta transexualak bahitu, torturatu eta haietaz abusatzeagatik, gizateriaren kontrako krimenak leporatuta. Zehazki, hamar bat zibil, polizia erretiratu eta militar auzipetu dituzte giza eskubideak urratzeagatik.

Buenos Airesko probintzian, hiru zentro klandestinotan, terrorismo delituak egin zituen estatuak bere garaian, eta horren ikerketaren barruan etorri da operazioa. Bi urte pasatxo daramatzate ahozko epaiketa bat egiten auzi horren harira, eta uste izatekoa da hortxe landuko dituztela aipatutako kasuak.

Legea

Telesail laburraren atal bakoitzaren bukaeran, plaka beltz batean, idatzi dute Argentinan transexualak 40 urte baino gutxiago bizi direla batez beste, 2021ean 450 baino gutxiago zirela 50 urtetik gorakoak, eta, horregatik, Trans Memoriaren Artxiboak exijitzen duela estatuak aitor dezala genozidioaz, indarkeriaz eta jazarpen sistematikoaz baliatu zela komunitate horren kontra egiteko, eta ezar ditzala bizirik iraun zuteni erreparazioa emateko politikak.

Telesailak Cinthia Aguilarren istorioa kontatzen du besteak beste, eta hark inauteria dakar gogora, esanez orduan izaten zutela libre sentitzeko abagunea, gainerako jendea haiekin liluraturik geratzen zela orduan. «Gero, benetako bizitzan, jende horrexek berak diskriminatzen gintuen kaleko jantzita ikusten gintuenean».

Duela urte gutxi batzuk arte, izan ere, inauterien ikuskizuna zen, beste jardunaldi gutxi batzuen artean, trabestien eta transexualen komunitatea nolabait zilegitzat jotzen zen ekitaldi bakarra. Telesaileko beste kontakizun batean, Edith Rodriguezek bere maitasun istorioen berri ematen du, beste emakume transexual batez maitemindu zenekoaren berri, adibidez. Julieta Gonzalez Trachyn-ek, berriz, eskerrak ematen ditu etxetik alde egin behar izan ez duelako eta familiarekin ondo moldatzen delako. Orobat nabarmentzen du beti jakin duela nor den, baina Genero Identitatearen 26.743 Legea onetsia izan ondoren nortasun agiria jaso zuenekoa izan zuela bere bizi guztiko egunik zoriontsuena.

Ezkontza Berdintasunaren Legea (2010) eta Genero Identitatearena onartuta (2012), generoarekin zerikusia duten eskubideak onartzeko bide luze bati ekin zion Argentinak, eta, hori dela medio, eskualdeko erreferenteetako bat da orain halako gaietan. Egia da mugimendu feminista gero eta handiagoaren presio izugarriari esker joan dela legea moldatuz, baita emakumeen eta disidenteen mugimenduen eskari historikoei esker ere, baina, orain, mugimendu horietako asko eskatzen ari dira bete daitezela benetan lege horiek.

Esate baterako, 2021eko uztailean onartu zituzten azken legeetako bat izan zen trabestiek eta transexualek lan munduan kupo bat izatekoa —27.636 Legea—: haren arabera, herrialdeko sektore publikoan gutxien-gutxienez postuen %1 gorde behar da trabestientzat, transexualentzat eta transgeneroentzat.

Artxiboaren helburua haien argazkiak plazaratzea da, eta material hori salbatzea kideetako askoren heriotzak dakarren suntsipen eta galera etengabetik. «Ikusgai izateak modua ematen digu gizarteak guri buruz pentsatzen duena aldatzeko, zeren, orain gutxi arte, argazkilari zis-aren begirada baizik ez baitzuten eskura, psikologoarena, psikiatrarena, edo polizia artxiboena», zehaztu du Correak. «Artxibo honen bidez, guk dakigun bezala kontatzen dugu dena, gure bizipenen bidez; ez ditu gure partez beste inork kontatzen gure istorioak, orain arte gertatu den bezala. Izan ere, lehen, prentsak zeukan gutaz hitz egiteko baimena. Orain, berriz, guk geuk kontatzen dugu geurea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.