Lagun berrien bisitak

Udazkeneko argitalpen berrien artean izango dira Eider Rodriguezen eta Goizalde Landabasoren lehenbiziko nobelak eta Leire Vargasen, Jokin Erkorekaren eta Itziar Ugarteren estreinako poema liburuak

Lagun berrien bisitak.
Gorka Arrese.
2021eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Durangoko Azokaren hastapena izaten da euskal literatura liburuak argitaratzeko azken eguna. Azokaren ondoren hamar bat egun besterik ez dira izaten dendetara liburuak helarazteko, Gabon egunak iritsi aitzin. Horrenbestez, irailean agertu dira plazara aurreneko titulu berriak; urrian eta azaroan etorriko dira gehienak; Euskararen Egunerako denek aurkeztuta edo dendetara bidean egon behar lukete, esku hutsik inor gera ez dadin abenduan edo Urteberri egunean.



Kirmen Uribe, Lander Garro, Juanjo Olasagarre, Jon Arretxe, Migel Anjel Mintegi, Mikel Dalbret, Alaine Agirre eta Fermin Etxegoienek nobela bana ekarriko dute. Eta Eider Rodriguezek, Bertol Arrietak, Goizalde Landabasok eta Adriano de Matak beren estreinako eleberriak argitaratuko dituzte. Anjel Lertxundik 1991n plazaratutako Kapitain Frakasa berregin du, nahiz eta mantendu dituen pertsonaiak eta gertakariak.

Eraikuntzarako materiala (Susa) izenburua du Eider Rodriguezen aurreneko nobelak. Aita baten figuran arakatzen du alaba baten ikuspuntutik. Eraikuntzarako materialak saltzen dituen enpresa batean kudeatzaile lanak egiten dihardu gizonak, eta haren gainbeheraren lekukoa izango da irakurlea, ikusirik nola apurka-apurka hondatzen ari den alkoholaren eraginez.

Anbizio berezikoa da Kirmen Uriberen eleberria: Izurdeen aurreko bizitza (Susa). Nobela korala da, pertsonaia ugarikoa, nahiz eta kontalariaren emazte Nora dagoen erdigunean. Hiru hari narratibo ditu: lehena, Uribek berak New Yorkeko Liburutegi Publikoan egiten duen ikerketa Rosika Schwimmer sufragistari buruz; bigarrena, idazlearen eta haren familiaren bizitza hirian, 2018. eta 2021. urte bitartean, Trumpen agintaldiaren bukaera zalapartatsuaren eta pandemiaren testuinguruan; eta hirugarrena, Euskal Herriko 80ko eta 90eko hamarkadetatik datozen oroitzapenak. Fikzioaren eta ez-fikzioaren mugetan dabil nobela.

Mamu eratortzeko moduak (Elkar) izena du Juanjo Olasagarreren eleberriak. Bat-batean Guggenheim museoaren parean esnatu da Itziar Ametzaga, hesteak sabeletik erortzen zaizkiola. Berak ez daki, baina ETAren lehergailu baten biktima izan zen duela urte asko. Hilik egon da ordutik, eta, orain, erakundea desegindakoan, berpiztu egin da ezustean, mamu baten itxuraz. Bera ahaztu nahi baina ezin dutenei bakarrik agertzen zaie: nebari, mutil lagun ohiari, bonba jarri zuen etakideari...

Gerra txikia (2014) nobelako protagonistaren bigarren mentura aldia da Lander Garroren Faith (Elkar). Xabi Ugartek 23 urte ditu eleberria abiatzean, 1997an. Bartzelonara joan da argazki eta zinema ikasketak egitera. Faith izenburua izango duen film dokumental bat egin nahi luke. Baina, sei hilabeteren buruan, atxilotu, torturatu eta kartzelan sartuko dute. Aberria, familia, patua dira kontakizuneko gai nagusiak.

Saiakera eta fikzioa uztartzen dituen eleberri hibrido bat da Fermin Etxegoienen Totelak (Erein), autopertzepzio ariketa bat: nor gara gu. Etxegoienek kutunak dituen zenbait gai aletu ditu: euskara, Espainia eta Ruper Ordorika. Fikziozko jantziak beste hauek dira: bikote bat Suitzan barrena dabil luxuzko automobil batean, emakumeak bularreko minbizia itxuraz gainditu duela ospatzeko; eta, bidaian, euskalgintzari onura ekonomiko handia ekar liezaiokeen burutazio bat izan dute.

Lagundutako ugalketa teknikak, ondorio fisikoak eta psikologikoak, bikoteetan sortzen diren arrakalak, errespeturik gabeko erditzeak, nahi gabeko abortuak eta horren doluak..., amatasunarekin lotutako gaiak landu ditu Alaine Agirrek Karena (Elkar) eleberrian, Sara Mendizabal protagonistaren ibilbideari jarraikiz. Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria izan du nobelak.

Goizalde Landabasoren poemak, artikuluak eta kronikak ezagunak dira. Lehen nobela argitaratzera doa orain: Krakovia (Erein). Emakumezko batek hamar zentimetro zabaleko zauria du izterrean, eta gero eta handiagoa da oinazea. Hondoratzear dagoen baporea da protagonista. Zeri eutsi diezaioke zulo sakonera doalarik? Umorea da bidea.

Aurreneko eleberria du Adriano de Matak ere: Sanrokeetarako, etxean (Txalaparta). 1936ko gerratik ihesi, Habana itsasontzian Southamptongo portura doazen lau mila haurretako hiru dira Pirmin, Eusebio eta Aurea. Toure detektibearen zortzigarren istorioa idatzi du Jon Arretxek: Dortokaren begirada (Erein). Bertol Arrietaren lehen nobela, Gezurra berdaderoa (Elkar), komedia girokoa da. Eta Migel Anjel Mintegiren seigarren eleberria izango da 9 mm. Parabellum (Erein); ETAkoa izandako gizonezko bat herrira bueltan dator, amaren hiletara.

Poesia eta antzerkia

Itziar Ugartek, Leire Vargasek eta Jokin Erkorekak beren estreinako poema liburuak plazaratuko dituzte. Hedoi Etxarte, Itxaro Borda, Mikel Ibarguren, Hasier Larretxea, Juan Ramon Makuso eta Mikel Arruabarrena poeten bildumak ere espero dira.

Xabier Lizardiren Bihotz-begietan (1932) liburuko olerkiak gaurko grafiara aldatuta argitaratu ditu Susak, Anjel Lertxundiren hitzaurre argigarri batekin.

Haxotz hardcore musika taldearen testuak idazten ditu Jokin Erkorekak. Banda poema liburuarekin Blas de Otero saria irabazi zuen, eta Erein etxeak dakar plazara. Kultua eta sentibera da Erkorekaren idazkera. Sortu berri den banda baten antzera, ez du lehenaldirik, ez du etorkizunik: oraina bakarrik. Eta estetika bat.

Dena ametsa den irudipena (Elkar) da Leire Vargasen aurreneko liburua. Gazte baten barne minak eta egokitu ezinak azaltzen ditu, lehenik bere buruarekin, ondoren gizartearekin, eta bikote barruan azkenik.

BERRIA egunkariko kazetaria da Itziar Ugarte, kulturaren arloko orrietan. Gu gabe ere (Susa) izenburua du haren poema liburuak. Bizitza eraikitzen ari den gaztearentzat lurrikara bat da tarte laburrean gertatutako hiru aitona-amonaren heriotza. Garai bat kontatzeko nahia, oroitzapenak eta deskubrimendu berriak, gozamena eta ziurgabetasuna dira liburuko gaietako batzuk.

Oier Guillanek Miss Karaoke antzezlana idatzi eta Metrokoadroka taldeak taularatu zuen 2017an. Emanaldi guztietara joan zen orduan, eta haiei buruzko zirriborroak eta kronikak jaso zituen kaier batean. Ehaze elkarteak plazaratuko du antzerki obra bat sortzeari buruzko liburu hau.

Amancay Gaztañagak 39 lore obra argitaratuko du Susaren Ganbila bilduman, eta Patricia Urrutiak, Porno versus Afrodita. Galder Perezek hiru antzerki batuko ditu 25 gau eta bat gehiago liburuan (Ehaze).

Ipuinak eta saiakerak

Uxue Apaolazak, Maribel Aiertzak, Iban Zalduak eta Jose Enrike Urrutia Capeauk ipuin liburu bana aurkeztuko dute. Zalduak 60 piezako bilduma atondu du Erein etxearentzat: lehendik argitaratu izandakoak, berak Gauza deitzen duenari buruzkoak. Apaolazaren Bihurguneko arnasa (Susa) liburua zortzi kontakizunez osatuta dago; Madrilen kokatuta daude istorioak, eta pertsonaia bera izango da ipuinetik ipuinera.

Bi saiakera plazaratuko ditu Irati Jimenezek. Ogia eta zirkua (Erein) Harkaitz Canoren Neguko zirkua (2005) liburuko narrazioei buruzkoa da. Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar) saiakeran, euskal letren ajeak identifikatzen ditu, eta gero haientzako soluzioak proposatu; debatea piztuko du lanak.

Agustin Arrieta Urtizberearen Gaueko eztabaidak (Erein) gazteen arteko solasaldi filosofikoez osatuta dago.

Nikole bijotzekua (Elkar) liburuan, Edorta Jimenezek Nikolasa Atxikallenderen figura ahaztua, baztertua eta laidoztatua gogoratzen du. Sabino Arana Goiriren alargunaren inguruko laudoriozko kontakizunak thriller bateko intrigaren kutsua dauka.

Itzulpen ugari

Nobel saridun berri bi emango ditu Elkar etxeak: Bob Dylanen 100 kantu, Xabi Payak eta Gartxot Unsainek itzulirik; eta Louise Glücken Basairisa poema liburua, Garazi Ugalderen eskutik.

Beñat Sarasolak gidatu duen Munduko Poesia Kaierak bilduma 40. zenbakira iritsiko da: Alda Meriniren poemak euskaratu ditu Aiora Enparantzak, eta Saint John Perserenak Santi Leonek.

Natalia Ginzburgen Bertute txikiak (Alberdania) narrazio autobiografikoa itzuli du Irene Hurtadok de Saratxok. Ursula K. Le Guinen Oihan hitzean mundua zientzia fikziozko eleberria plazaratu du Igela etxeak. Literatura Unibertsaleko bildumarako, Maryse Conderen Bihotza negar eta irri eta Kate Chopinen ipuin zenbait euskaratu ditu Jose Mari Berasategik.

Katakrak etxeak aterako dituen liburuen artean dira Antonio Gramsciren kartzelako gutunak, Ekaitz Sirventek espetxean itzuliak, eta Henry David Thoreauren Walden, Danele Sarriugartek euskaratua.

Txalapartak Slavenka Drakulicen Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko liburua dakar. Amaia Apalauzak itzuli du. Balkanetako terrorean aztarrika egiten du Drakulicek, 90eko hamarkadan Jugoslaviako Errepublika Sozialista zatitzen hasi zen hartan. Heriotza, bortxaketa, tortura eta beste krimen batzuez akusatutakoei ahotsa eta gorputza jartzen die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.