Kirol profesionalean esfortzua eta talentua eskutik helduta doaz. Edozein kirolarik ez du arrakasta erdiesten elitean; are, goi mailako errendimendua emateko hainbat eragilek bat egin behar dute: ondo entrenatu, atsedena hartu, psikologikoki egoera ezberdinetara egokitu... Alta, bada ezinbestean aintzat hartu beharreko beste aldagai bat ere: elikadura. Kirolari profesionalen dietak zorrotz neurtuta daude; zoriak ez du inongo lekurik, eta jada erabat desmitifikatua dute oilaskoa eta pasta menu bakarraren ustea.
«Kirolari baten organismoak behar bezala lan egiteko elikadura ezinbesteko motorra da. Halaber, substratuaz gain, norberaren pisua, koipe portzentajea eta energia xahuketa ere kontuan hartu behar dira, errendimenduan eragina baitute». Ion Garraus (Irun, Gipuzkoa, 1978) nutrizionista eta elikaduraren teknologoaren hitzak dira horiek. Kirolaren itzulinguruan lan egiten du; Movistar taldeko nutrizionista izan zen, 2011 eta 2012 bitartean, eta aurretik, Garmin Education First da orain Ameriketako Estatu Batuetako taldean aritu zen. Egun, eliteko zenbait txirrindulari eta olinpiar atletekin lanean aritzeaz gain, duela lau urtetik Hondarribiko Arraun Elkartean dabil.
Kirol errendimendu ona izateko, elikadura ohitura aldatzeari garrantzia eman dio Garrausek. «Sarritan, pazienteek egiten dituzten galderak eurek erantzuten dituzte: 'Zergatik nago hemen? Zer behar dut? Eta zer ez?'. Errendimenduari eragiten dion faktore oso garrantzitsua da nutrizioa; egunero errepikatzen den ohitura baita». Hain zuzen, azken urteetan nutrizionistaren figurak pisu handia hartu du kirol munduan. Hala uste du Ramon Cid (Donostia, 1954) atleta ohi eta olinpiarrak. Jauzi hirukoitzean aritu zen donostiarra, eta egun, lasterketa hesidunetan lehiatzen diren atleten prestatzailea da.
Cidek iraganean bizitakoarekin egin du alderaketa: «Lehen, pisuan bakarrik jartzen zen arreta, eta kirolariak dietaren planifikazioa entrenatzailearekin kontrastatzen zuen; kirol modalitate batzuetan, behar baino proteina gehiago hartzea sanotzat jotzen zen. Egungo kirolariek, ordea, dieta osasuntsuagoa dute, eta haien profila ere aldatu da; pisuz arinagoak dira, baina indar erlatibo handia dute». Elikadura osasungarria izatea ez da izan egun batetik bestera hartutako erabaki «soil» bat, Ciden ustez. «Zerbaitegatik elikatzen dira ondo».
Errendimendu ona emateko bakarrik ez; kirolariaren ibilbide profesionala luzatzeko ere laguntzen du dieta osasuntsua eramateak. Vanesa Gimbert (Bergara, Gipuzkoa, 1980) Athleticeko jokalariaren kasua da hori. Egun, Espainiako Lehen Mailako jokalaririk beteranoena da bergararra. «Jokalariok asko zaintzen dugu geure burua; eta urteen zama baduzu, are gehiago. Lehen, gurasoek jaten zutenaren antzekoa jaten nuen nik ere; orain, elikadura garbiagoa jaten dut: arraina plantxan edo labean, barazkiak lurrunetan, fruta, fruitu lehorrak… Pastatik eta oilaskotik harago, barietate askoko elikagaiak daude. Jateaz goza dezakezu, baita lesio larriak ekidin ere».
Hain justu, lesio kronikoak dituzten goi mailako kirolariak artatzen ditu Itziar Gonzalez de Arriba (Irun, 1978) fisioterapeuta, osteopata eta nutrizionista terapeutikoak. «Buruko, lunbarretako zein giharretako arazoek urdaileko edota hesteetako jatorria dute». Gonzalezen zeregina honakoa da: dieta pertsonalizatua ezarrita, kirolaria sendatzea eta haien gaitasun fisikoaren %100ean jartzea, haien osasuna kaltetu gabe. Haren esanetan, kirolari gehienek gaitasun fisikoa nahiko murriztua ohi dutenez, behin «%100ean» egonda, besteengandik «nabarmendu» egiten dira. Nola, bada? «Elikaduraren adar jakin bat lantzen dut, klubetako dietistek ez dutena lantzen. Elikagai bat bestearen ordez jateko aholkatzen diot kirolariari, gorputzeko organo ezberdinei kalte ez egiteko». Esaterako, garia ez die gomendatzen; horren ordez, batata, arroza edota kinoa ezartzen dizkie. Funtsean, Mediterraneoko dieta dute oinarri. «Nazioartearen oniritzia du».
Gonzalezek artatzen dituen kirolarien artean Jon Guridi Realeko jokalaria eta Sergio Canales elastiko txuri-urdina lau sasoitan soinean eraman zuen jokalariak daude. Espainiarra belauneko lotailua hautsi, eta osatze fasean zegoela heldu zen haren kontsultara; Guridi, berriz, Mirandesekin jokatzen zuen garaian hasi zen, eta oraindik biek jarraitzen dute Gonzalezekin. «Oso ondo sentitzen diren arren, ez dute prozesua utzi nahi; Stockholmgo sindromea izaten dute, eta errendimendua handitzea nahi dute». Emaitzak, bederen, argiak dira: «Taldekideengandik pauso bat aurrerago daude; erresistentzia handiagoa dute, eta indarberritzea azkarragoa».
Kirolariari elikadura ohitura aldatzeak zenbaterainoko esfortzua eragiten dion galdetuta, Gimberti ez zaio zaila egin: «Agian, aurretik zer jatera ohituta zegoen ere baldintzatuko du; baina ez dut uste sakrifizio handia eskatzen duenik». Garraus ere iritzi berekoa da: «Kirolariari ez zaio zaila egiten elikadura ohitura aldatzea, baldin eta helburua betetzeko benetan kontzientziatuta badago». Oztoporik handiena «tentsioa mantentzea» da, haren ustez, «baita pisuari dioten beldur eszenikoa kentzea ere».
Hargatik, Gimbertek eta haren taldekideek asteko egun batean klubeko dietistarekin egoteko aukera izaten dute, «dieta kontrolatua eramaten laguntzeko». Cid eta haren korrikalariak ere bi astean behin elkartzen dira dietistarekin. «Balorazio antropometrikoa egin ondoren, entrenamendu kargaren arabera, nutrizionistak menua egiten du, eta beharrezkoa bada, osagarri biomedikuak gehitzen dizkie».
Joera berriak, ezbaian
Taldean egiten diren kirol modalitateetan, entrenatzen diren kirol instalazioko jantokietan jan ohi dute jokalariek. Gimbertek alde ona besterik ez dio ikusten horri. «Lan saio osoa behar bezala amaitzen dugu, eta ez dugu denborarik galtzen; indarberritze ona eta azkarra edukitzeko funtsezkoa da». Gonzalezi, berriz, elikadura kontrolatzeko modua «ona» dela iruditzen zaio, baina ez du ezkutatu «sarritan» talde profesionaleko nutrizionistek elikaduraren inguruan dituzten «ia antzeko edota aurkako» jarraibideak ezartzen dituela. «Animalietatik eratorritako proteina gehiegi hartzen dute».
Kirolariak haragi kantitate txikia jan behar duela dio Gonzalezek: «Baina apur hori jan egin behar du, proteina oso garrantzitsua baita». Garrausen arabera, «ia ezinezkoa» da dieta begetarianoa duen kirolariak errendimendu ona ematea: «Oso litekeena da burdinan, B12 bitaminan edota aminoazidoan gabeziak izatea». Hala dagoen kirolariak osagarri «indartsuak» hartu beharko lituzkeela nabarmendu du.
Aldian-aldian, elikaduraren inguruko joera berriak entzuten dira; azkena, baraurik kirola egitea. Gimbertek aitortu du ez duela lehiaketa barruan horrelakorik egin. Garrausek, bestalde, kirolariaren testuingurua eta izan dituen aurrekariak kontuan hartu behar direla dio. «Jakin behar da kirolariak noiz eta zer eraman duen ahora. Adibidez, entrenamendua goizean bada, eta kirolaria baraurik badago, baina bezperako afarian karbohidratoak eta proteina hartu baditu, egoera bestelakoa da». Gonzalezek ere ez du begi onez ikusi ohitura berri hori. «Ondorio negatibo bat kortisonaren handitzea da: estresaren hormona». Bi dietisten arabera, «ez da praktika arduratsua eta eramangarria».
Elikadura, ezinbesteko aldagaia
Azken urteetan, elikaduraren arloak garrantzi handia hartu du kirol profesionalaren munduan. Are, dietistek, entrenatzaileek eta kirolariek ziurtatu dute funtsezko dela dieta orekatua eta osasuntsua izatea errendimendu ona emateko, lesio larriak ekiditeko eta kirol ibilbidea luzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu