Oriol Mallo. Kazetaria

«Berriztagarrien burbuilak eztanda egingo du aurki»

Iberdrolaren bilakaeran oinarrituta, gaur egungo energia krisiaren gakoak aztertu ditu Oriol Mallok, eta ondorio batera iritsi da: trantsizio berdea «gutxi batzuentzat» da, eta ondorio ekonomiko larriak izango ditu.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jokin sagarzazu
Gasteiz
2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Ibilbide eta arnasa luzeko kazetaria da Oriol Mallo (Bartzelona, 1967). Duela hamabost urtetik Mexikon bizi da, eta handik idatzi ditu bere azken liburuak. Perspektiba postkolonial batetik, BBVAren negozioak ikertu zituen lehenik, eta, orain, Iberdrolarenak: El informe Iberdrola. Por qué el capitalismo verde no salvará el mundo (Txalaparta). Goiener energia berriztagarria merkaturatzen eta ekoizten duen kooperatibak gonbidatuta egon da Euskal Herrian.

Zergatik Iberdrola, eta zergatik Mexikoko adibidea?

Han, aurrez aurreko talka bat dago eredu publikoaren eta pribatuaren artean. 1994an, sistema liberalizatzen hasi ziren, eta hor sartu zen Iberdrola, bereziki gas ziklo konbinatuarekin. Ordutik, botere handia pilatu du, harik eta 2018ko abenduan Manuel Lopez Obrador boterera iritsi zen arte. Ez du batere erraza izango mataza desegitea, baina, nire ustez, oinarrizko eztabaida bat mahaigaineratu du: elektrizitatea giza eskubide bat da, eta produkzioan, garraioan eta komertzializazioan sistema publikoa nagusi izanda soilik bermatu daiteke hori. Eta beste kontu bat, han oso argi dutena: berriztagarriak beste teknologien gehigarri dira, baina gasik, nuklearrik edo ikatzik gabe ezinezkoa da etenik gabe elektrizitatea sortzea, eta hori funtsezkoa da industriarentzat, baina baita herritarrentzat ere, energia merkea oinarrizkoa baita bizi baldintza duinak izateko.

Hemen, Iberdrolak energia berriztagarriei eman die lehentasuna.

Mexikon ere baditu parke eoliko handiak, enpresa elektrointentsiboekin batera kudeatutakoak. Baina, funtsean, enpresa horiek karbono emisio bonuengatik aldatzeko sartzen dira halako egitasmoetan, aurpegia garbitzeko. Han, ziklo konbinatua da nagusi. Hemen, aldiz, Iberdrolak marrazo baten antzera jokatzen du. Bost axola zaio hemengo industria. Sidenorreko buru Jose Antonio Jainagak esana du. Hemen, Iberdrolak berriztagarriak lehenetsi ditu merkatu elektriko marjinalistaren ezaugarriak kontuan hartuta askoz ere errentagarriago zaiolako negozio hori.

Zergatik?

Ziklo konbinatu batzuk ixten ari dira, eta berriztagarrien bidez sortzen duena garestiago saltzen ari da. Oinarrizko energia gutxiago; beraz, garestiago. Iberdrolak argi dauka eskasiarik gabe ez dagoela negoziorik. Gainera, pagotxa izugarria du; batetik, hidroelektrikoa eta nuklearra bere esku daude, erabat amortizatuta dagoeneko; eta, bestetik, berriztagarrietara jo du nuklear eta hidroelektriko gehiago ez direlako egingo, eta sekulako diru laguntzak jasotzen dituelako berriztagarriengatik. Pizgarririk gabe, ez legoke kapitalismo berderik. Funtsean, diru publikoarekin eta herritarron fakturekin ari gara ordaintzen Iberdrolaren trantsizio berdea.

Frantziak erreaktore nuklear gehiago jarriko ditu; Alemaniak luzatu egin du planta batzuen bizitza, eta ikatzezkoak berriz zabaldu ditu. Haizeak beste nonbaitetik jotzen al du herrialde horietan?

Beste aukerarik ez dute energia merkeari eta industriari eusteko. Hemen, Iberdrolaren musikaren erritmoan egiten dugu dantza. Denok gara superberdeak. Bide horretatik jarraituz gero, akabo industria. Bete dezagun eolikoz dena; gero haizerik ez badago, zer? Espainian nuklearra da egunero produzitzen den energiaren %20; Frantzian, %50... Oinarrizko energia da, ziklo konbinatuarekinbatera. Ixten baditugu, etenak dituzten eta biltegiratzea onartzen ez duten teknologiekin ordezkatuko dugu kantitate hori? Iberdrolak badaki hori, eta horrekin jokatzen du.

Nuklearra da irtenbidea?

Ni mugimendu ekologistatik nator, baina, niretzat, hidroelektrikoak eta nuklearrak berdeak dira. Gakoa da jabetza zeinena den. Espainian aspalditik daude amortizatuta, eta dauden horiek publifikatu daitezke, kostu handiegirik gabe. Iberdrolak ez du nahi, eta hemengo ezkerrak konplexu handia dauka nuklearrarekin, beste herrialde batzuetan ez bezala.

Hidroelektrikoarekin planteatu da publifikazioa, baina eztabaidarik ez da egon. Zergatik?

Podemosek egin zuen keinu txikiren bat, baina berehala isildu ziren. Hidroelektrikoak sekulako gaitasuna du Iberiar penintsulan. Baina badirudi frankismoko azpiegitura batzuk oinordetzan hartzeko konplexu moduko bat dagoela. Aldiz, Latinoamerikan eta Europako herrialde batzuetan publikoak ziren azpiegitura horien alde borrokatzen dira. Agian, herrialde bakoitzaren historiak eta nortasunak pisu handia dauka eztabaida hauetan. Euskal Herrian, adibidez, asko borrokatu zen nuklearren aurka eta ezkerretik oro har.

Publikoa ez den beste irtenbiderik ez duzu ikusten?

Energia funtsezkoa da, eta estatuaren eskua beti egongo da atzean, edo diru laguntzen bidez, edo kontrola bere gain hartuta. Hemen pentsatzen da merkatua dela soluzioa, baina, benetan, zera egiten ari dira: negozioa egiten duten enpresak lagundu.Mantendu daiteke merkatu pribatu bat, baina hidraulikoa merkatu horretatik atereaz, adibidez. Asko merkatu daiteke faktura. Formula bat izan daiteke.

Zer iritzi duzu komunitate energetikoei buruz?

Ostegunean Goienerrek antolatutako ekitaldian esandakoa gogoratuko dut: komunitate energetikoak eta kooperatibak ongi daude, baina beste kontu bat da guk ere energia saltzea, gure produkzioa sarera konektatzea. Erakundeetatik hori bultzatzen ari dira. Diru laguntzen bidez kapitalista txikiak sortzen ari dira. Jende askok berriztagarriak ditu bere kontsumorako eta, era berean, etekina lortzeko. Goienerrekoek ongi hartu zuten nik esandakoa, haien jokabidea beste bat delako. Autoekoizpenak autokontsumorako izan beharko luke, ez negozioa egiteko. Herri txikietan, funtziona dezake autokontsumoak, baina hirietan, ez. Eta industrian, ezinezkoa da.

Zergatik da txarra erabiltzen ez dena komertzializatzea?

Izugarrizko burbuila bat sortu da berriztagarriekin. Denak ari dira espekulatzen: Iberdrola eta etxean plakak jarri dituena. Nire ustez, burbuila horrek eztanda egingo du aurki. Zergatik? Sariak amaituko direlako eta halako teknologien produkzio kostuak asko handituko direlako. Berdea garestia da, eta, gainera, ez da batere berdea teknologia horiek ekoiztea.

Planteatzen den beste aukera: energia gutxiago kontsumitzea edo desazkundea.

Baina zer energia?Eta nork? Ez dezagun ahaztu gaur egungoaren %80 erregai fosiletatik datorrela, eta funtsezkoa dela industriarentzat. Gutxiago kontsumituko du dirua daukanak, bere etxean eguzki plakak eta bestelako teknologia berriztagarriak jarri ahalko dituenak, auto elektrikoa erosi eta mantentzeko gaitasuna duenak... Baina herritar arruntak gasolina beharko du, gasa beharko du, eta merkea. Ikusi dugu Frantzian zer gertatu den jaka horiekin. Halako gizarte eztanda gehiago egongo dira. Larri dabilen edo hazteko aukerarik ez duen bati ezin diozu desazkundeaz hitz egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.