Euskarari buruzko ikerketetan joera antzekoak agertu dira urteetan: ezagutza aurrera doa, batik bat eskolan euskaldundutako belaunaldietan, gazteen artean; erabilerak eremu formalean egin du aurrerapenik handiena, eta arlo informalean du erronka, batez ere etxean eta kalean. Galegoari buruzko inkesta soziolinguistikoa argitaratu berri dute, eta bestelako egoera bat erakutsi du: belaunaldi berrietan pisua galtzen ari da galegoa, eta arlo formalean ditu hutsunerik handienak. Erabileran koska handia dago, nolanahi ere: herritarren erdiek esan dute gaztelaniaz baino gehiago mintzo direla galegoz, %52k. Euskaraz erdaraz baino gehiago hitz egiten dutenak, ordea, bost aldiz gutxiago dira: %10.
Galiziako Estatistika Institutuak bost urtean behin argitaratzen du inkesta. 2018ko emaitzak kaleratu ditu oraintsu. Hona hemen ikerketaren gako nagusiak:
EZAGUTZA
Hamarretik bederatzik
Galegoaren ezagutza oso hedatua dago Galizian: hamarretik seik «maila ona» dute, eta hiruk, «nahikoa». Gaitasunik ez duena hamarretik bat da, beraz. Ezagutza oso zabala da, baina hutsune batzuk daude. Nagusia: belaunaldi berriak. Oso adierazgarria da nolako saltoa dagoen 5-14 urtekoetatik gainerako adin taldeetara: adin talde gazteenean, laurdenek ez dute gutxieneko mailarik; gainerako adin taldeetan, %10en bueltan dago portzentaje hori. Bestela esanda, gazteen belaunaldia da ezagutza txikiena duena, nahiz eta horretan ere lautik hiruk nahiko gaitasun badaukaten. 65 urtez gorakoek dute beste aldea: %91k maila ona edo nahikoa dute.
Inkestak hamabost urteko bidea du, eta, beraz, mugatua da bilakaera aztertzeko aukera. Badira gorabehera batzuk, hala ere: ezagutza mailarik handiena 2003ko inkestan ageri da, lehenbizikoan (%90), eta apalena, 2013an (%87). Beheranzko joera gelditu da orain.
TRANSMISIOA
Hutsune zantzuak
Hamarkada luzez, familia izan da galegoa ikasteko bidea: belaunez belauneko transmisioa. Oraindik ere hala da, hein oso handian: galegoz badakiten sei herritarretik bostek etxean jaso dute. Adinaren arabera aldeak nabari dira berriro ere: zenbat eta gazteago, gutxiagok jaso dute galegoa etxean. Berdin gertatzen da lagunartean ere —Galiziako inkestan, hizkuntza jasotzeko leku gisa aintzat hartzen dituzte lagunartea eta lantokia—.
Eskola ari da pisua hartzen galegoa ikasteko eremu gisa, baina kontuan izatekoa da galegoz ikasten duten gaztetxoen kopurua mugatua dela. Inkestaren arabera, 16 urtetik beherako ikasleen %13 joaten dira gehienbat galegoz egiten duten ikastetxeetara; gaztelaniaz jasotzen dituzte eskolak bi aldiz haur gehiagok, %28k. Hezkuntza elebidunean ari dira gehienak, bostetik hiru. 16 urtetik gora, hezkuntza elebidunaren pisua txikiagoa da, eta gaztelaniazkoarena, handiagoa: ikasleen %47 ditu.
Belaunaldi berrietan gertatzen ari den atzerakadaren bi jatorriak horiek dira, beraz: familia eta eskola. 5-15 urteko herritarren hutsuneak trebetasunaren arabera begiratuta, hau da joera: %18 ez dira galegoz irakurtzeko gai, %24 ez dira hitz egiteko gai, eta %30ek ez dakite galegoz idazten. Hiru trebetasunek egin dute atzera, batik bat mintzamenaren arloak.
ERABILERA
Etxea eta eremu informala
Galiziako herritarren erdiek baino gehiagok egin ohi dute galegoz, inkestaren arabera: %31k beti erabiltzen dute, eta %22k, gaztelania baino gehiago. Beheranzko joera nabari da hamarkada hauetan: 2003an, %62k egiten zuten galegoz gehienbat, eta 2008an, %57k. Aurreko inkestakoa da erabilerarik apalena (%51), eta beheranzko joera eten da orain (%52).
Erabilera orokorraren azpian, ordea, koska handiak daude. Bat: adina. Ezagutzan eta transmisioan dauden gorabeheren isla argia da erabilera: zenbat eta gazteago, gutxiagok egiten dute galegoz, eta alde handiarekin. 50 urtez azpiko herritarren artean handiagoa da gaztelaniaren erabilera, eta 14 urtetik beherakoen artean, %26koa —65 urtetik gora, ordea, %73koa—.
Bigarren aldea eremuak zehazten du: arlo informalean da handiena galegoaren erabilera, etxean eta lagunartean. Esparru formalean jaitsi egiten da erabilera. Adibidez, hara diferentzia adierazgarri bat: galegoz hitz egin ohi dute herritarren %52k, baina idatzi, %17k idatzi ohi dute galegoz. Hedabideen eta kulturaren kontsumoan ere oso handia da desoreka: telebistan du tokirik handiena galegoak, baina ez dira bostetik bat ere telebista galegoz ikusi ohi dutenak (%18). Prentsan, liburuetan eta Interneten oso bazterrekoa da galegoaren tokia (%5).
Hirugarren diferentzia geografikoa da: Galiziako leku batzuetatik besteetara alde handia dago galegoaren erabilerari dagokionez. Herrialdeen aldetik begiratuta, Lugo da indargune nagusia: hamarretik zazpik galegoz egin ohi dute (%70). Coruñako bi eskualdetan du indarrik handiena galegoak, nolanahi ere: Coruña Hego Ekialdean (%93) eta Costa da Morten (%92). Erabilera txikiena, berriz, Pontevedran du galegoak, batez ere Vigo aldean (%26). Coruñan bertan ere badira erabilera apalagoko eskualde batzuk; adibidez, Ferrol ingurua eta Coruña hiriburuko eskualdea (%34).
Galegoa zenbat erabiltzen den, okertzen ari da herritarren pertzepzioa: %38k esan dute «asko edo aski» erabiltzen dela. Duela bost urte, %42k esan zuten hori.
Galegoa: etxean, eta zaharrenek
Galegoaren ezagutzari eta erabilerari buruzko inkesta egin dute. Herritarren erdiek diote gehienbat galegoz aritzen direla. Zaharrenak mintzo dira gehiago, eta eremu formaletan dago atzeratuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu