«El Gabo etxera etorri zen egun batean. Madrilen bizi nintzen [erbestean]. Atea ireki eta hatz bat altxatuz, oso ohikoa baitzuen keinu hori, esan zidan: 'Dena kontatu behar didazu'. Nik ezin nion ukatu. Ametsek elkartu gintuzten Parisen 1974an, elkar ezagutu genuenean, eta bizitzan gehien maite izan ditudan pertsonetako bat izan da, anaia handi bat. Kontatu nion, eta liburu batekin itzuli zen».
Horrela, eskatu gabe idatzi zuen Gabriel Garcia Marquezek La aventura de Miguel Littin, clandestino en Chile liburua (Miguel Littinen abentura, Txilen klandestino). Beste Latinoamerika bat amesten zuten, sozialista, justua, baina Txilekoa amesgaizto bihurtu zen 1973an. «Liburuaren 14.500 ale erre zituzten militarrek. Erre egiten nintzela sentitu nuen».
Ikusi gehiago:Gloria Helgueta, diktadurak desagerrarazi zuen atxilotu baten arreba: «Txile eraldatzen jarraitzeko aukera ematen du konstituzio berriak»
1960ko Latinoamerikako Zinemagintza Berriaren ikurretako bat da Miguel Littin ( Txile, 1942). 80 urte betetzear da, eta amesten jarraitzen du. «Leninek esaten zuen amestu egin behar dela, baina ametsa betetzeko konpromisoa hartuta». Txileko konstituzio berria du esku artean, eta sutsuki defendatzen du. «Bai, mila aldiz bai. Herritarren sentimenduak eta beharrak adierazten duen konstituzio bat delako. Txileko etorkizunaren giltzarria izango da, eta herrialde berri bat ordenatuko dugu. Etxea ordenatuko dugu. Gizarte hobe bat egiteko».
«Gizarte hobe bat». Azken hitz horiek Salvador Allendek 1973ko estatu kolpean, Moneda jauregian setiatuta, hil aurretik esandakoak dakartza memoriara. «Zumardi handiak irekiko diren unean egon gaitezke, bai», dio zinemagileak. Txileko Herri Batasunaren gobernuan parte hartu zuen; Salvador Allendek Chile Films zinema enpresa publikoaren zuzendari izendatu zuen. «Nik badakit ez dudala ikusiko etorkizun berri hori, baina ez dit inporta. Herri Batasuneko gizon bat naiz ni, etorkizunerako egiten dugu lan, azkenera arte, zalantzarik egin gabe. Iraultza posible bakarra iraultza etengabea da».
Ikusi gehiago: Lieta Vivaldi, unibertsitate irakaslea: «Konstituzio berriak bizitza jartzen du erdigunean, enfasi handiz»
O'Higgins hiriko unibertsitateko Ikus Entzunezko Goi Ikasketen Institutuan zinema taillerrak ematen ditu. Orain bere lekua hor dagoela dio: «Gaztea nintzenetik planifikatu nuena egiten ari naiz. Orain ez dut nire begiekin bakarrik ikusten: ikasleen begiekin ere ikusten dut. Nik ulertu dezaket gaur egungo mugimendu soziala, baina 25 urteko emakume batek nik baino hobeto ezagutzen du». Begi horietan ikusten du orain Txileko zinema berria sortu zutenean eurek zuten konpromisoa: «Meatzari poeta baten inguruko lan bat du esku artean batek». Horregatik, agian, gazte baten txinparta ikus daiteke haren begietan, pantailaz bestalde bada ere. Agian berezkoa duelako. «Idazmahaia gutxi, eta kalea asko. Burokrazia ez, akzioa bai. Hori da gustatzen zaidana. Zinemagile baten lekua jendea dagoen tokia da». El Gaboren eta bien argazki bat du paretan zintzilik bulegoan. Hurrengo film luzea filmatzen hasiko da aurten, eta prestaketa lanetan da. «Izenburua aurreratuko dizut: 'La fábula de la prodigiosa zapatera y su padre el malvado zapatero remendón' [Zapatari miragarriaren eta bere aita zapata konpontzaile maltzurraren fabula] edo Maldito fusil [Fusil madarikatua]». Unibertsitatearen babesean zine plataforma bat sortzeko lanetan ere badabil.
Konstituzio berriari izen-abizenak jarri dizkio Littinek: «Konstituzio mistraldar bat da, Gabriela Mistralengatik. Nerudarra, Nerudaren epika txiletarra presente dagoelako, baita Alonso Ercilla eta Vicente Huidobro poetena ere». Eta nola ez: «Allenderen konstituzioa da. Zalantzarik gabe, hau da Allendek eduki nahiko zukeen konstituzioa. Baita Txile egin duten handikiek nahiko zuketena ere: Jose Manuel Balmaceda, Francisco Bilbao...».
Militarren estatu kolpearen ondoren erbesteratu zen Littin. Hamabi urte pasatu ziren Txilera itzuli zenerako. «Hamabi urteko absentzia, ziurgabea den horren sentipen galdua...», hitz horiekin hasi zuen Acta General de Chile dokumental sortako lehena (Txileko Akta Orokorra, 1986). Diktaduran Txilera itzultzea debekatua zuten 5.000 txiletarretako bat zen, eta ezkutuan sartu zen, Uruguaiko pasaportearekin. Grabaketa horretan bizitakoak kontatu zituen El Gabok liburuan. Poloniako, Herbehereetako eta Frantziako grabazio talde banarekin Txileko diktaduraren errealitatea, agintariak eta oposizioko kideak grabatu zituzten sei astez, beste gauza bat grabatzen ari zirelako itxura eginez.
«Herri Batasunaren urteak gure bizitzako urterik zoriontsuenak izan ziren», dio. Eta horrelakorik ez dela berriro izango: «Aukera historiko bat galdu zuen Txilek estatu kolpearen garaipenarekin. Hori ez da itzuliko inoiz».
Itxaropena, laino artean
«Lainopean» ikusten du oraindik Txile Littinek, baina itxaropena du Gabriel Boric presidentearengan, eta ziur da konstituzio berria aurrerapauso bat izango dela. «Baina jendeak irakurri egin behar du, atalez atal. Hori izan zen Allenderen proiektua. Jendearen arma arrazoia zen, irakurri egiten zuelako». Hizkiak arma, «aparatu zaharrari» aurre egiteko; «horrekin hautsi behar da».
«Haien ahulezia gezurra da. Egiten dakitena egingo dute: krimenak, sikarioak kontratatu eta herrialdea desegonkortu. Eskuina denerako prest dago konstituzio berria geratzeko, hor ez baitago tokirik iraganeko sektore horienetzat». Baita sare sozialetan ere. «Hedabideak kontrolatzen dituzte, eta horietan nagusi da erabat kontrako iritzia. Eta sare sozialetan ere haserrea eta amorrua zabaldu nahi dute. Ordainpean dute jendea». Baina Littinek ez die erantzuten: «Arranoek ez dute eulirik ehizatzen». Konstituzio berriak aparatu berri bat ahalbidetuko du, «kontrolagarria».
Irribarrerik gabeko lurraldea, lurpeko gerrarena deskribatzen zuen Txileko Akta Orokorra dokumentalean herrialdea.
Zer geratzen da 1986an deskribatzen zenuen horretatik?
Lurpekoa geratzen da. Irribarrea bihurria da, joan eta etorri egiten da. Batzuetan mingotsa bihurtzen da. Baina irabazi egingo dugu.
Miguel Littin. Zinemagile txiletarra
«Allendek nahiko zukeen konstituzioa da»
Txileko Biltzar Konstituziogileak herenegun amaitu zituen konstituzio berria orraztu eta osatzeko lanak. Irailaren 4an bozkatuko dute herritarrek, plebiszituan: onartu ala ez. Zenbait esparrutako hiru txiletarren iritzia bildu du BERRIAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu