Makinen ondorengo produktuak

Amazon AEBetako banaketa enpresak gune logistiko berria irekiko du Trapagaranen datozen egunetan. Proiektu horrek eztabaida asko piztu ditu; sindikatuek salatu dute Amazonek «lan prekarioa» sortzen duela; enpresaburuek, berriz, uste dute Amazonek sortuko duen aberastasuna atzerrian islatuko dela.

Zerbitzuak. Internet bidez erositako producktuak Trapagarango biltegi berritik banatuko ditu Amazonek. LUIS JAUREGIALTZO / @FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Dena prest. Amerikako Estatu Batuetako erraldoietako bat Bilbo ezkerraldera iristear da, eta egitura guztia atondu dute dagoeneko. Amazon plataformak banaketa biltegi berria irekiko du datozen egunetan Trapagaranen, behinola Babcock Wilcox enpresa mitikoa zegoen lekuan. Jeff Bezosen enpresak 8.000 metro koadroko espazioa erosi eta bertan ezarri du online erosketak banatzeko espazio logistiko berria. Amazonek iragarri du 50 lanpostu sortuko dituela, 2011tik itxita zegoen azpiegitura berregokitu ondotik. Orain arte, Amazonek Lezaman izan du behin-behineko biltegia, iazko irailetik, Trapagaraneko eremua eskuratu bitartean. Ezkerraldeak bizi duen paisaia eraldaketa ez da berria, baina Amazon etortzeak mesfidantza sortu du esparru askotan.

Euskal Herriko industriaren behinolako epizentroan kokatuko da banatzailea, zerbitzuen aroa bete-betean besarkatu duen eremuan. «Fabrika industrialen itxieren ondotik heldu dira zerbitzu enpresak, eta batez ere banaketa enpresak eta enpresa komertzialak». Lluis Rodriguez ekonomistak azaldu du fenomeno hori industrialde izandako eremu askotan gertatzen ari dela. Aldaketak bainoago, ezartzen ari diren merkataritza ereduek kezkatzen dute: «Amazonen eta merkataritza gune erraldoien ereduak ekonomia eta bizitza botere transnazional oligopolikoen menpe uzten du, eta kontrakoa sustatu behar da».

Trapagarandik oso hurbil daude, hain zuzen, Bizkai osoko merkataritzagune nagusiak: Max Center (Barakaldo) eraiki zuten lehenik, 1994. urtean. Haren ondoren etorri ziren Barakaldoko Megapark, 2004an, eta Portugaleteko Ballonti, 2008an. Are, Amazonek erkide bat izango du auzokide, datorren urtean AEBetako Costco kateak hipermerkatu bat irekiko baitu Babcocken orubearen beste zati batean.

Hiri handietako periferiako saltoki handien eredua «agortuta» dagoela uste du, ordea, Pedro Campo Cecobi Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioaren presidenteak: «Dagoeneko saturatuta gaude; ez dira horrelako azpiegitura gehiago kabitzen. Garain batean boladan egon zen, baina orain benetako konpetentzia denontzat Internet bidezko salmenta da». Oraindik ezartzen ari den online eremu horretakoa da, hain zuzen, Amazon.

Eredu berrira egokitzen

Industria zena zerbitzu da orain, eta makina zena, produktu, baina hirugarren sektorearen barruan ere agerikoak dira eredu ezberdinak. Camporen ustez, merkataritza trantsizio epe batean murgilduta dago. «Lehendabizi,periferiako merkataritza gune handiak etorri ziren; gero, esparru espezializatuetako kateak, eta orain, Internet». Merkatariek kontsumo eredu berrira egokitu behar dutela uste du Campok.

Rodriguezek, berriz, argi du tokian tokiko merkataritzaren aldeko apustua egin beharko litzatekeela. «Tokiko saltokiek auzoen bizitza elikatzen dute, eta jendea espazio publikoetara erakartzen. Merkataritza tradizionalak enplegu gehiago eta hobea sortzen du».

Bada, Amazonek piztu dituen kezken artean ageri dira sortuko dituen lanpostuen kopurua eta mota. 50 lanpostu iragarri ditu, aurretik lur horretan zegoen enpresak sortzen zituen baino nabarmen gutxiago. «BabcockWilcox 5.500 langile izatera iritsi zen 70eko hamarkadan, eta 2011n, ixteko prozesua hasi zuenean, 400 behargin inguru zituen. Amazonek 50 lanpostu sortuko ditu; nahiko eskasa dirudi, herriaren eta inguruko eremuen egoera ikusita».

Aldaketaren itzala

Eraldatu ala hil. Egoera hori du Ezkerraldeak aurrean, lantokien itxiera geldiezinaren poderioz. Amaiera orok beste hasiera bat ekarri ohi du, eta oraina ulertzeko atzera begira jartzea ere beharrezkoa izaten da askotan; dagoenaren eta datorrenaren bilakaera ez baita kasualitate hutsa izaten. Bilbo ezkerraldea osatzen duten herriak industria handien itxieren lekuko izan dira azken hamarkadetan, eta horrek eragina izan du lurraldearen paisaia ekonomikoan eta sozialean. Hala dio Rodriguezek: «80ko hamarkadatik, PSOEk eta EAJk ehun industrialaren desegituraketa bultzatu dute euren gobernu arduretatik. Nazioarteko lehiakortasunaren ondorioz, deslokalizazioari bidea eman diote horrela». Logika horren azken adibidea da Naval ontziola, baina baita aurretik erori ziren industria astuneko erreferenteak ere: Euskalduna, Bizkaiko Labe Garaiak, Aurrera eta Mecanica de la Peña 1980ko eta 90eko hamarkadetan desagertu ziren. Eta 2008ko krisiaren bete-betean hondoratu zen, hain zuzen ere, Babcock Wilcox.

Itxierek isla izan dute zenbakietan. Trapagarani dagokionez, krisiaren hasieran, 2008an, %7,3 zen langabezia tasa herrian. Babcock Wilcoxek porrot egin eta hurrengo urtean, 2012an, bikoitza baino gehiago zen: %18,38. Egun, 2019ko apirileko datuen arabera, %12.

Trapagaranen ondoko herria, Sestao da gaur-gaurkoz Euskal Herriko langabezia tasarik handiena duena: %20,8. Eta enplegu daturik kaskarrenak dituztenen artean daude eskualdeko gainerako herriak ere: Barakaldo eta Portugalete. Eskualdea lantoki erraldoiek utzitako espazioak biziberritzera behartuta dago ezinbestean, eta, horregatik, agintariek besoak zabalik hartu dituzte Amazonen eta Costcoren inbertsioak. «Jarduera etenda zegoen eremu bat berreskuratuko dugu: enplegu aukera berriak eta herrirako etekinak sortuko ditu». Xabier Cuellar Trapagarango alkateak pozik hartu du Amazonen etorrera.

Enpleguari dagokionez, Rodriguez ez dator bat eskualdea berpizteko proposatutako soluziobidearekin. «Eredu malgua duten enpresetan langileria askoz kolektibo hauskorragoa da, eta enpresek mekanismoak dituzte tranpak egiteko: negoziazio kolektiborako espaziorik ez dago, lan hitzarmenetako zirrikituak bilatzen dituzte eta euren etekinak areagotuz ezinezkoa da bizi baldintza oneko eredua sustatzea». Amazon enpresa eredu hori ezartzeko gai da.

Campok, bestalde, zalantzan jarri du Amazonek Euskal Herrian egingo duen ekarpen ekonomikoa. «Gu gehien kezkatzen gaituena zera da, lehia bidegabea egiten duela. Atzerriko enpresa bat izanda, eta lege hutsune bat dagoela kontuan izanda, zergak beste herrialde batzuetara doaz. Are, askotan diru hori ez dute inon aitortzen. Guk eskatzen duguna da salerosketa egiten den tokian aitor ditzatela zergak, gainerako saltokiek bezala».

Lan baldintzen kezka

Lanpostu kopuruaz, zerbitzu motaz eta zerga ereduaz gain, sortuko duen enplegu motak ere haserrea piztu du. «Amazon eredua lanaren zatiketan eta fragmentazioan oinarritzen da, langileen esplotazio are handiagoan; esklabotza da kasik. Halere, Euskal Herrian sindikatuen erresistentzia hasi da enpresen estrategia berri horren aurka borrokatzeko prest agertzen», ziurtatu du ekonomistak.

ELAk Amazonen lan eredua salatu du aste honetan: «Lan baldintza prekarioak ezartzen ditu: soldata txarrak, lanorduen kontrol oso zorrotzak, lan karga jasangaitzak, lanaldi amaiezinak». Bada, martxan dauden biltegietan protestak eta grebak egin dituzte langileek hainbatetan; azkenak, aurtengo urtarrilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.