Zabortegitik hondartzara

Uda honetan Donostian kaioak ugaritu direla-eta hainbat arazo sortu direla adierazi du udalak; hala, populazioa kontrolatzeko neurriak iragarri ditu erakundeak. Adituek, ordea, uste dute ez dagoela horretarako arrazoirik.

Kaio samalda bat, Donostiako erdigunean, urumea ibaian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
jokin sagarzazu
Donostia
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Hiria ez dute berezkoa, baina janaria erraz aurkitzen dutelako hiritartu dira gehienak: kale katuak, arratoiak, usoak, kaioak... Azken horiek hondartzetara gerturatu dira uda honetan; Donostiako Udalak jakinarazi du herritar ugariren kexak jaso dituztela. Baina herritarrek utzitako elikagai eta zaborren bila jo dute kaioek; hondakin ontzietan eta hondartzetan dauden arrastoek deitu dute hegazti horien arreta. Udalak azaldu duenez, San Markoko zabortegia (Errenteria, Gipuzkoa) ixteak eragin du hori, kaioek han omen baitzuten elikatzeko gune nagusia; orain, Gipuzkoako hiriburuan bezala, gertuko herri eta hirietan egiten dute geldialdia janari bila.

Donostiako Ekologia zinegotzi Enrique Ramosek (PSE-EE) azaldu duenez, udala aztertzen ari da zer egin hegazti horien «ugaritzea» saihesteko. «Sistema bat» jarri nahi dute hurrengo urteko udaldirako, hondartzan eta hiriko beste zenbait gunetan dauden herritarren «segurtasuna» bermatzeko, kaioek hirigunera gerturatzeko agertu duten «ausardia» dela eta. Bi helburu izango lituzke neurriak: kaioak uxatzea eta horien zenbatekoa kontrolatzea. «Usoekin egiten dugun moduan». Aitortu du, hala ere, oraindik ez dakitela nola.

Kaioekin usoekin bezala jardungo dutela esateak «ezagutzarik eza» islatzen du, Juan Arizaga Aranzadi zientzia elkarteko ornitologia departamenduko zuzendariaren arabera. Azaldu du usoen kopuru «itxi eta kontrolatu» bat dutela Donostian, eta hori gainditzen denean batzuk harrapatu eta sakrifikatu egiten dituztela. «Usoen populazioa egonkorra da, ez dira hiri edo herrietatik aldentzen». Kaioak, aldiz, hegazti migratzaileak direla gogoratu du: «Hirietan egun edo ordu batzuk egiten dituzte, eta alde egiten dute. Fluxu horiek kontrolatzea ezinezkoa da. Beraz, kaio batzuk harrapatzeak eta sakrifikatzeak ez luke ondoriorik izango».

Usoen kasuan, enpresa pribatu batek du horren ardura Donostian. Aurten amaitu da udalak harekin zuen kontratuaren luzapena, eta lehiaketa publikora atera dute lan hori. Gipuzkoako hiriburuan urtean 1.000 uso inguru harrapatzen dituzte, lau alditan, eta gasa erabilita hiltzen dituzte ondoren, udalak debekatuta baitauka pozoia erabiltzea edo animaliak odolustea.

Beasainen ere, arazoekin

Kaioekin, Donostian izandako antzeko arazo bat izan zuten Beasainen (Gipuzkoa) iaz. Sasietako zabortegia itxi ondoren, herrira jaisten hasi ziren, eta herritarren kexak ugaritu egin ziren, animalia horietako batzuen «tamainagatik» eta agertu zuten «jarrera oldarkorragatik». Udalak eta Sasietako Mankomunitateak, lehenik, tiro hotsak simulatzen dituen gas kanoiekin uxatzen saiatu ziren, baina neurriak ez zuen arrakastarik izan, eta, azkenik, belatzekin lortu zuten kaioak hirigunetik aldentzea. 2013an ere agertu ziren, eta orduan ere kontratatu zuten zerbitzu hori.

Arizagak azaldu duenez, horiez gain beste teknika batzuk erabiltzen dira hegaztiekin: soinu seinaleak, arantza metalikoak eta elektrikoak, uxagarri kimikoak—desatsegina edo arriskutsua den usainen bat hedatzen duten sistemak—, eta beste batzuk. Baina, adituaren arabera, kontrol sistema eraginkorrena animaliei janarira iristeko bideak ixtea da. «Jakirik ez badute, nekez gerturatuko dira hiriak bezala berez desatseginak dituzten inguruetara».

Kexen neurria

Aranzadikoak azaldu duenez, beste animalia batzuek eta bereziki gizakiek utzitako hondakinak jateko ohitura dute kaioek. «Animalia oportunistak dira». Gune populatuetan, zabortegiak izaten dituzte elikatzeko leku aproposenak. Gipuzkoakoak itxi izana eragina izaten ari dela onartu du Arizagak, baina azpimarratu du «gutxi batzuk» baino ez direla joaten janari bila hiri eta herrietara.

Aranzadiko ikerlariak azaldu du herritarrentzat eta animalientzat arazoak hasten direla «hiritartu» den espezieren baten presentzia «nabarmenegia» denean. Baina hori udaletan jasotzen diren kexek markatzen dutela kritikatu du, ez ikuspegi zientifiko edo objektibo batek. «Donostian kaioak ugaritu direla esan dute, baina hori ez da egia; egonkortuta dago gure kostaldetik pasatzen direnen populazioa. Are gehiago: azken 5-10 urteetan nabaritu dugu behera egin duela».

Era berean, Arizagak gogoratu du kaioak hondartzetan eta portuetan ikustea «ohikoa» dela, hori baita haien «habitat naturala», hezeguneekin batera. Udan eta bereziki arratsaldeko azken orduetan hondartzetan kaio gehiago ikustearen arrazoi nagusia, beraz, han pilatzen den zaborra dela azpimarratu du.

Horri aurre egiteko «irtenbide bat» izan liteke hondakinak biltzeko ontzien diseinua aldatzea, kaioek horiek hautsi eta barruan dagoena jaten dutelako orain. Arizagarentzat, dena den, neurri eraginkorrena «kontzientziazioa» da, eta animalia horiekin «elkarbizitzen jakitea». «Zaborrekin kontu handia eduki behar da, eta ez zaie jaten eman behar; udal ordenantzek debekatu egiten dute, gainera. Baina askotan errazagoa da usoekin egiten dena egitea: pertsona bati isun bat jarri beharrean, animaliak harrapatzea eta hiltzea».

Askotarikoak izaten dira herritarren kexak: batzuek lotura dute hiriaren itxurarekin eta azpiegiturarekin. Begi bistakoak izaten dira: kaioen gorotzak eraginda, horma eta eskultura zikinak, kable karraskatuak, herdoila, kalteak hodietan eta teilatuetan... «Baina ezin da esan esanguratsua denik. Hori soilik gerta daiteke errunaldietan, denbora batez leku batean geratzen direlako, baina Donostian eta Euskal Herrian oro har ez da gertatzen, hemengo baldintzak ez direlako horretarako egokiak eta kaioen igarobide bat delako euskal kostaldea».

Kaioen gorotzarekin lotuta, arazorik larrienak harriei, landareei edo zelaiei eragiten dizkiete; gainean geruza zuri gogor bat eratzen du, eta, kopuru handitan, itogarria izan liteke azpian harrapatzen dituen izaki bizidunentzat. Herritarren osasunarekin zerikusia dutenak izaten dira kezkagarrienak, animaliak gaixotasunen edo bizkarroien eramaile izan daitezke eta. Kasu horretan ere, Arizagak argi du. «Ez dugu gaixotasunen transmisioaren frogarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.