Albo kalteen zerrenda luze bat sortu du Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerrak. Tirabirak hasi eta segidan piztu zen energiaren krisia, eta horrek beste krisi bat eragin du: ongarriena. Gasa ez dagoen tokian, ezin dira ongarriak ekoitzi, eta horiek gabe, ez dago jaterik.
Errusia eta Bielorrusia izan dira urte luzez Europaren ongarri esportatzaile nagusiak. Iragan otsailean, ordea, Samara eskualdea eta Ukrainako Itsaso Beltzeko Pivdenni portua lotzen dituen hodi bat gelditu zuten. Ordutik, Europako herrialde gehienak ongarri faltan daude, eta Fertilizers Europe ongarrien sektoreko patronalak alarma guztiak piztu ditu: %70 jaitsi da Europaren ekoizteko ahalmena.
Hain zuzen, energiaren krisiak eragin handia izan du nitrato amonioaren ekoizpenean, eta sektoreko enpresa askori aldapa gora egin zaie ekoizpena ohiko erritmoan mantentzea. Izan ere, iazko datuekin alderatuta, %1.000 egin du gora gasaren prezioak, eta, azkenean, Europako hainbat lantegik ekoizpena eten behar izan dute. Esaterako, Norvegiako Yara ongarrien nazioarteko multinazionalak sektoreko liderretako bat bi lantegi itxi ditu azken hilabeteotan, Italian eta Frantzian, eta Poloniako Azoty enpresak iragarri zuen amoniako ekoizpenaren %90 etengo zuela.
Egoerari irtenbide bat aurkitu nahian, NBE Nazio Batuen Erakundea Errusia eta Ukraina presionatzen ari da esportazio kimikoen inguruko akordio bat adostu dezaten. Akordio horren helburua amoniakoa daraman hodi bat berriro irekitzea da, ongarrien prezioak arintzeko. Errusian hasiko luke ibilbidea, eta Ukrainako Itsaso Beltzeko kostalderaino iritsiko litzateke. Rebeca Grynspan NBEko kidearen arabera, azkar egiten ari dira negoziazioak, datozen urteetan «ez dadin mundu osoko elikagai krisirik izan».
Iragan uztailean Moskuk eta Kievek sinatutako elikagaiei buruzko akordio baten parte da proposamena. Geroztik gora egin dute herrialde horietako elikagaien esportazioek, baina ongarrien egoera kaskarra da oraindik. Akordioak aurrera eginez gero, Errusiako amoniako ontziek baimena izango lukete Ukrainako portuetatik garia, artoa eta beste elikagai batzuk garraiatu dituzten itsas korridore berak erabiltzeko, eta, horrela, osagai kimikoaren 2 milioi tona bidaliko lituzke urtero.
Uztailean sinatutako elikagaien akordioa azaroan indargabetuko da, baina beste 120 egunez berritzeko aukera izango dute bi aldeek. Grynspanek adierazi du «ezinbestekoa» dela akordio hori luzatzea eta ongarriena adostea. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak ere abisua eman du: «2022an ongarriak ekoizten ez badira, baliteke 2023an nahikoa elikagairik ez egotea».
Gerraren albo kalteak
Europako herrialdeentzat hurbileko auzia da Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazka. Munduko estatu gehienek, ordea, horrek eragindako albo kalteak dituzte jopuntuan. Ekialdeko gatazkak nabarmendu egin du nazioartearen banaketa politikoa, krisi energetikoa piztu du, krisi ekonomikoa azkartu, eta herrialde pobreenetan elikagaien eskasia areagotu du.
Errusiak bere ongarrien esportazioen %90 Afrikako, Asiako eta Hego Amerikako herrialdeetara bideratu izan du. Orain, ordea, tona horiek guztiak Europako portuetan daude geldirik. EBk joan den irailaren 10ean kendu zituen ongarrien esportazioarekin lotutako zigorrak, baina Vladimir Putin Errusiako presidenteak SCO Shanghaiko Lankidetza Erakundearen goi bileran salatu zuen «EBko herrialdeetan bakarrik» kendu dituztela. Horiek hala, Kremlineko presidentea prest agertu da Afrikara, Asiara eta Hego Amerikara 300.000 tona ongarri bidaltzeko.
Tona horiek bidali artean, ordea, elikagaien eskasia okerrera egiten ari da garatze bidean dauden herrialdeetan. Joan den asteartean NBEren Batzar Nagusian Hego Amerikako eta Afrikako liderrek elikagaien krisiaren aurkako neurri gehiago eskatu zizkien herrialde aberatsenei. Macky Sall AB Afrikako Batasuneko presidente eta Senegalgo estatuburuak adierazi zuen Afrikan «bereziki larria» dela ongarrien eskasia, eta ohartarazi zuen horiek gabe «goseteak zabalduko» direla; izan ere, ezingo dituzte arroza, artoa, soja, yuca eta beste hainbeste elikagai ekoitzi.
Are, gainontzeko herrialdeetan elikagaien krisia astiroago hazten ari den arren, Guterresek batzarrean nabarmendu zuen «guztiontzat premiazko» gaia dela, eta ohartarazi zuen: «Ongarrien merkatua egonkortzen ez bada, datorren urtean elikagaien eskasia izango da gure arazo nagusia».
Horiek hala, batzarrean parte hartu zuten hainbat herrialdek konpromisoa hartu zuten herrialde pobreenetan elikagaien krisia eragozteko. Besteak beste, Espainiako Presidente Pedro Sanchezek iragarri zuen Espainiak 236,5 milioi euro emango dituela.
Sabelean ez ezik, baina, patrikan ere atzeman dute askok ongarrien eskasia. COAG Espainiako Nekazarien eta Abeltzainen Erakundeen Koordinatzaileak emandako datuen arabera, ongarrien prezioak %300 egin du gora aurreko urtetik hona. Ekoizleek bakarrik ez, herritar askok ere egin behar izan diote aurre prezioaren goraldiari, elikagaien prezioek ere gora egin baitute azken hilabeteotan.
ONGARRIEN EKOIZPENAK %70 EGIN DU BEHERA
NBE Nazio Batuen Erakundeak Errusiari eta Ukrainari eskatu die esportazio kimikoen inguruko akordioa adostu dezaten. Elikagaien eskasia areagotzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu