Arrantzaleak lotu ditu garraioak

Garraiolarien grebaren eragina areagotu egin da portuetan. Bilbokoan ia ez da kamioirik sartu, eta inguraketa sareak erabiltzen dituzten arrantzontziak ez dira aste osoan aterako. Grebalariek Iruñeko trafikoa oztopatu dute, goizean

Arrantzonziak Bermeoko portuan, lotuta. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Garraiolarien greba apurka hauspoa hartzen ari da Hego Euskal Herrian. Oraindik eragin mugatua du, patronal handiek bat egin ez dutelako, eta ez dago hornikuntza arazo larririk, baina bigarren greba egunaren oihartzuna aurrenekoarena baino ozenagoa izan zen. Grebalarien indargune nagusiak herenegungo berak izan ziren, baina garraiolari gehiago elkartu ziren protestaldietara. Iruñeko erdialdean, 300 bat kamioik eta furgonetak karabana ikusgarria egin zuten, eta trafiko arazo larriak eragin zituzten. Bilboko portuan ere tentsio handia egon zen, eta astelehenean baino garraiolari gehiago elkartu ziren piketean. Dena den, protestak itsas portuetan utzi du arrasto nabarmenena: inguraketa sareak erabiltzen dituzten baxurako arrantzaleak ez dira aste osoan itsasoratuko.

«Irten, eta harrapatu eta gero ezin badugu antxoa garraiatu, kuota alferrik galtzen uztea da. Ez da gustuko neurria, baina horrela ezin gara irten». Eugenio Goikoetxea Gipuzkoako Arrantza Kofradien presidenteak hitz horiekin azaldu zuen atzo erabakia. Kantauri osoko inguraketa arrantzaleek aho batez harturiko erabakia da gainera Gipuzkoan 45 ontzi dira— ; besteak beste, Asturiasen (Espainia) eta Galizian garraioaren grebak eragin handiagoa izan duelako. Horiek horrela, berdelaren kanpaina bete-betean dago egunotan, eta lehen antxoa preziatuak agertzen hasi dira, baina, hala ere, kostata iritsiko dira arrandegietara.

Garraio faltaren beldur dira arrantzaleak eta bezeroek ere beldur hori helarazi diete. «Ez gara gu bakarrik. Erosleak ere ez daki arraina lortu ahal izango duen, eta baldin badator atera ahalko duen. Gehiegi arriskatzea da», onartu du Goikoetxeak. Horri gehitu behar zaio arrantzaleentzat ere askoz garestiagoa dela itsasoratzea orain. Gasolio litroa 1,15 euroan dago, eta iaz batez besteko prezioa 0,50ekoa zen. Beraz, arraina ezingo balute atera galera handiagoa litzateke. Dena den, kofradietan nabarmendu dute ez irtetearen arrazoia garraio gabezia dela. «Arraina orain dago, eta orain joan beharko ginateke bila, erregaia garesti edo merke egon». Ingurumaria horretan, arrantzaleak gaur bilduko dira Eusko Jaurlaritzarekin arazoari nola aurre egin aztertzeko.

Pikete handiagoa

Arrantza portuak bare egon ziren; Bilboko portuan, berriz, ez zen giro izan. Herenegun 100 garraiolariko piketea bazen, atzo ordu batzuetan 200 inguru bildu ziren, eta tentsio uneak egon ziren. Greba Garraioaren defentsarako Espainiako Plataformak deitu du, garraiolari autonomoak eta enpresa txikiak elkartzen dituen elkarte bat. Eta halakoak dira hain zuzen Bilboko portuan diharduten garraiolarietako asko. 600 bat dira guztira, eta, piketean bildutako garraiolarien arabera, 420 daude greban. Bilboko Portuko Agintaritzak onartu zuen protestak eragina izan zuela, zama orokorraren eta edukiontzien irteeran bereziki, baina ez zuen eman erantzunaren daturik.

Hasiera batean Hiru sindikatua eta Tradisna izan ziren grebarekin bat egin zuten Hego Euskal Herriko elkarteak. Bada atzo TransportBilbaoko kide asko gehitu zitzaizkien. Bilboko portuko garraiolari autonomoen elkartea da, eta, haien bozeramaile baten arabera, atzo ez zen lanik egon: «Errepidez ez da merkantziarik atera portutik. Erabat geldirik dago». Goizean dozena bat kamioi bakarrik sartu ziren portuan, eta Ertzaintzaren babesarekin. Ohiko erritmoarekin alderatuta, oso gutxi dira.

Bilboko portua greba honetako puntu beroetako bat izango dela dirudi. TransportBilbaok bilera egin zuen goizean Aparkabisa gunean, eta bozeramaileak azaldu zuen baldintza horietan ez zutela inor lanera bidaliko: «Inor ez dabil lanean, ez Kantabrian, ez Bartzelona... eta ez ditugu garraiolariak lanera bidaliko kamioietan matxuraren bat izateko arriskua hartuta». Alde horretatik, Guitrans Gipuzkoako garraiolarien patronalak pikete batzuen jarrera eta kamioi batzuek jasandako erasoak gaitzetsi zituen.

Kamioi ilara ikusgarria

Protesta ekintza ikusgarriena Iruñean izan zen. Hiru eta Tradisnaren arabera, 300 bat kamioik ilara luzea egin zuten kaleetan barrena. Goizean, Galarreko (Nafarroa) zerbitzugunean elkartu ziren, eta Iruñera jo zuten. Traba handia eragin zuten trafikoan, hiriaren hegoaldean bereziki, eta bozina hots ozenak izan ziren eguneko soinu banda.

Hiruko ordezkariak Nafarroako Gobernura joan ziren konponbideak aztertzeko bilera eske. «Erakundeek ikusi behar dute sektoreak laguntza behar duela. Erregaia merkatzeko harturiko neurri batzuk adabakiak dira. Hainbeste igo da, garraiolari askok galerak dituzte. Kostuen azpitik lan egitea debekatu behar da», aldarrikatu zuen Alberto Nuñez Hiruko kideak. Gaur Gasteizen egingo dituzte protestak, eta etzi bilduko dira Jaurlaritzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.