Estitxu Garai. Euskal Herria Baterako bozeramailea

«Alderdien mugetatik kanpo ere eraiki daiteke bateratasuna»

Aberri Egun bateratuaren aldeko ospakizuna bi kolpetan egin nahi du Euskal Herria Batera-k: lehenik, eragileentzako ekitaldi bat, politikariak barne; ondoren, herritarren erreibindikazioa, Aberri Egunean bertan.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
xabier martin
2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Aberri Egun bateratua ospatzera deitu du Euskal Herria Batera-k laugarren urtez jarraian, eta, xede hori bultzatzeko, ekitaldi bat antolatu du apirilaren 8rako, Donostiako Miramar jauregian. Aberri Egunaren bezperan, «Euskal Herri osoko eragile sozialak» elkartuko ditu, Bagara, badugu lelopean. Unibertsitate irakasle eta elkarteko bozeramaile Estitxu Garaik (Gordexola, Bizkaia, 1985) adierazi du «Euskal Herria aitortzen dugun eragile guztiontzat» dela ekitaldi hori.

Esan duzue Aberri Eguna batera ospatzeko baldintzak jarri nahi dituzuela. Zer baldintza dira horiek?

Borondatea eta kemena badaude euskal komunitatea eraikitzen jarraitzeko; komunitate horri oraina eta geroa emateko batzea da onena, eta Aberri Eguna aukera gisa ikusten dugu horretarako. Egun sinbolikoek lotura emozionalak sortzen dituzte, eta horrek ematen digu abagunea aurrean ditugun erronkei batera aurre egiteko. Aberri Egunak biziraun du; alderdi politikoek ospakizunak egiten dituzte, baina batera ez da ezer egiten. Horregatik jaio zen Euskal Herria Batera, eta konfinamendu betean, gainera, euskal herritarrei Aberri Eguna batera ospatzeko aukera bat emateko. Baldintzak jartzeaz ari garenean, esaten duguna da azken lau urteotan proposamenak egin ditugula ospakizun bateratua bultzatzeko, eta horretan segitzen dugula. Aurtengo deialdia beste urrats bat da eremu partekatu hori eraikitzeko.

Alderdi politiko handien artean, EAJk eta EH Bilduk ospatuko dute Aberri Eguna. Donostiako ekitaldira joango al da alderdi abertzalez besteko ordezkari politikorik?

Herrigintzan dauden sektore guztiei dei egin diegu, ez soilik politikariei. Deialdi zabala da, eta aurreratu dezakegu ordezkaritza askotarikoa egongo dela: erantzun oso ona jaso dugu. Aberri Eguna batera ospatu nahi duen edonorentzat da deialdia, finean, Euskal Herria aitortzen dugun eragile guztiontzat.

Abertzaleak ez besteko ordezkari politiko-sindikalik egongo da?

Oraingoz, esan dezakegu ordezkaritza zabal bat egongo dela. Onartu behar da, bestalde, ez dela egunik onena, jende asko oporretan egongo delako. Gainera, Miramarrera joango direnak ez dira egongo alderdi jakinak ordezkatzen; zerbait osagarri gisa ikusten dugu, keinu gisa ospakizun bateratuaren alde. Erantsi nahi dut ekitaldi hori bezain garrantzitsua izango dela hurrengo egunean jendeak ikurrak jartzea balkoietan, leihoetan eta abarretan; eta diasporari egin diogun ospakizun proposamena ere bai, sare sozialetan.

1979an egin zuten alderdiek azken Aberri Egun bateratua. Haien oinarrietan edo boto emaileen artean batera ospatzeko gogoa badela uste duzue?

Baietz esango nuke. Bada komunitate bat, badago harrotasun bat eta bagara herri bat. Jende asko dago Euskal Herrian ideia horrekin bat egiten duena. Ospakizuna bera apalduta dagoen arren, Euskal Herria Batera jaio zen, hain zuzen, dinamika hori berreskuratzeko. 2020an lortu zen bakoitzak bere etxetik beren ekarpena egitea, konfinamenduaren garaian, baina hurrengo urteetan ere lortu zen: 2021ean, herri plazetan ospatu zen, eta 2022an, Urruñan, lehen Lore Jokoak egin ziren leku berean; Abadia adierazpena aurkeztu zen hantxe. Aurten ordezkaritza jakin batekin ariko gara Donostian, eta, Aberri Egunean, berriz, herritar guztiei egin diegu dei egun osoan ospatzeko, ikurrinekin eta Nafarroako banderekin. Gure analisia da badela premia espazio komun hori eraikitzen jarraitzeko.

Gizarte zibilak eraman beharko ditu alderdiak Aberri Egun bateratura?

Euskal Herria Batera gizarte zibila da, izan ere. Herritarrek sortua da oso testuinguru jakinean. Ez gatoz alderdi jakin batzuetatik, eta uste dugu badagoela gogoa batera ospatzeko eta erreibindikatzeko. Euskal komunitateak beti jakin du aurrera egiten, eta egungo baldintzak ez dira errazak bizi ditugun krisi desberdinak tarteko; lotura emozionalak bultzatzea funtsezkoa dela uste dugu geroari herri bateratu gisa aurre egiteko.

Alderdiek adostu dezakete luze gabe gutxieneko oinarri politiko batzuk, Aberri Egun bateratua egin dezaten?

Alderdien arteko harremanetan ez da sartzen Euskal Herria Batera, baina egia da helburu komun batzuk edukitzeak beti errazten duela gauzak elkarrekin egitea. Guk proposatzen dugun helburu komuna da herri izaten jarraitzeko grina. Oinarrizko proposamena da: Euskal Herria sentitzen duen edonork egin dezake bat grina horrekin. Oinarri horretatik abiatuta, bide berriak eraiki daitezke.

Hauteskunde garaian are zailagoa da alderdien arteko adostasunak lortzea. Zer-nolako erantzunak jaso dituzue haiengandik?

Haiekin egon gara, eta erantzun ona jaso dugula aurreratu dezakegu. Hala ere, Donostiako ekitaldian parte hartuko dutenak ez dira bakarrik alderdiak izango, berriro diot, eta garrantzia izango dute beste alor batzuetatik datozen eragileek ere. Alderdiak han egotea garrantzitsua da, baina gure lana ez dugu horretara mugatzen. Alderdien mugetatik kanpo ere eraiki daiteke bateratasuna, nahiz eta gure jardunean oso presente ditugun.

Zer emaitzak asebeteko luke Euskal Herria Batera?

Ez gaude alderdi politikoek egiten dituzten ekitaldiak ordezkatzeko. Horien osagarri gara. Aberri Eguna agendan ezartzea da gure helburua, eta azken urteotan urratsak egin dira hori lortzeko. Urtero gauza berriak proposatuko ditugu Aberri Eguna herritarren gogoan egon dadin, elkarrekin ospatzeko egun gisa. Lanean jarraitzeak asebetetzen gaitu: dabilen harriari goroldiorik ez, eta dabilen herriari ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.