Hidrogenoa bertan da

Hidrogenoa naturatik lortzeko eta hura energia iturri gisa orokortzeko prozesuak izan duen bilakaera aztertu du Iñaki Dorronsorok Ekonomialari Euskaldunen II. Biltzarrean.

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Iragarpen «baikorra» dela badaki Iñaki Dorronsorok (Ataun, Gipuzkoa, 1947), baina, hala ere, egingarria iruditzen zaio: «2050erako energia erabileraren %10 hidrogenoaren bidezkoa izango dela diote hainbat adituk». Aurreikuspen hori betetzeko falta diren hogeita hamar urteetan, haren ekoizpenak modu harrigarrian egin beharko luke gora, baina, datuaren gainetik, prozesuaren beraren garrantzia nabarmendu du: «Zer esan nahi du horrek? Hidrogenoak bere bidea egingo duela energia berriztagarriekin batera».

Hidrogenoa energia iturri gisa erabiltzeko prozesuak izan duen bilakaera aztertu zuen atzo Eusko Ikaskuntzako presidente ohiak, Ekonomialari Euskaldunen II. Biltzarrean. Egun osoko egitarauari izenburua eman zion hitzaldia zen harena: Hidrogenotik bioekonomiara (Htik BIOra). Hidrogenoaren erabileraren historia, egungo egoera, arazoak eta euskal industrian izan dezakeen eragina aletu zituen, besteak beste.

Hidrogenoa dagoeneko erabiltzen dela azaldu zuen Dorronsorok, esaterako espaziontzietarako erregai gisa, eta esan zuen gasolinarekin alderatuta energia dentsitate handiagoa duela, eta bolumen txikiagoa. Alde horretatik, esaterako, iragarri zuen egokia izan daitekeela «ibilbide luzeko garraioa eta industria deskarbonizatzeko», haren konbustioak ez duelako CO2rik sortzen, ur lurruna baizik.

Abantailak agerikoak dira, baina haren erabilerak «erronka tekniko» asko ditu; besteak beste, luzerako biltegiak, segurtasuna eta hidrogenoa uretik banatzeko erabiltzen diren elektrolizagailuek behar duten energia kantitatea. Azken faktore hori da buruhausterik handienetako bat, eta prozesurako energia nuklearraren erabilera aztertzen ari direla zehaztu zuen Dorronsorok: «Europan eztabaida dago energia nuklearra berdetzat jo daitekeen ala ez, baina hala dela ebatzi du Europako Batzordeak. Era berean, ezin da ahaztu Europan kontsumitzen den argindarraren %26 iturri nuklearretatik datorrela».

Diru publikoa, hasteko

Hidrogenoaren aldeko apustua, baina, luzaroko etorri da. Trantsizio ekologikoaren erpinetako bat da, eta lehen pauso garrantzitsuak ematen ari da. «Eta horretarako diru publiko pila bat behar da, teknologia garatzeko», ohartarazi zuen; «industria ondoren batu ohi da prozesuetara». Alde horretatik, azaldu zuen bi euskal enpresa handi buru-belarri murgildu direla hidrogenoan, Iberdrola eta Petronor, eta ez zuen ezkutatu agian zuriketa berdea delakoa egiten ari direla. Halaber, Euskal Herrian hidrogenoaren inguruko klusterizazio bat ikusten duela onartu zuen: «Enpresa askok dituzte proiektuak, eta olatura igotzen saiatuko dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.