Euskaldun… zaharrak berri?

Zalantza ugari sortzen dituzte 'euskaldun zahar' eta 'euskaldun berri' kontzeptuek: egin behar ote den bereizketa hori, zer dagoen banaketa horren gibelean, eta bereiztekotan zertarako eta nola egin behar den. Datuek diote erabileran aldea dagoela, baina, hori ere, nondik eta nola begiratzen den.

maddi ane txoperena iribarren
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun

Azken inkesta soziolinguistikoak argi dio: gero eta gehiago dira euskaldun berriak; alegia, euskara etxetik kanpo ikasi duten euskaldunak. «Euskaldunen artean multzo hori pisu handia hartzen ari da», dio seigarren inkesta soziolinguistikoaren txostenak, 2016ko emaitzei buruz. Inkestan bildutako datuen arabera, Euskal Herriko euskaldunen %50,2 dira euskaldun zaharrak gaur egun; alegia, euskara etxean ikasi dutenak. Jatorrizko elebidunak —etxean euskara eta beste hizkuntza bat jaso dituztenak— %13,6 dira, eta euskaldun berriak, %36,2 —herenak baino gehiago—.

Datua are nabarmenagoa da gazteei erreparatuz gero: 2016an, 16 eta 24 urte bitarteko gazte euskaldunen artean %29,8 baino ez ziren euskaldun zaharrak, %15,9 jatorrizko elebidunak, eta %54,3 euskaldun berriak. Gazteen erdiak baino gehiago euskaldun berriak dira, beraz. Eta proportzioak bakarrik ez: kopuru absolutuek ere ematen dute bilakaeraren berri. Hain justu, 2016an 1991n baino 40.000 euskaldun zahar gutxiago zeuden; eta euskaldun berriak, ordea, gero eta gehiago dira: orotara 272.000, gaur egun.

Izendapen horiek erabiltzen ditu inkesta soziolinguistikoak hiztunen lehen hizkuntza zein den argitzeko. Baina ez da inkestak ematen duen datu mota bakarra. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari Josune Zabalak azaldu duenez, nagusiki hiru sailkapen erabiltzen dituzte inkestan: gaitasunaz aritzerakoan, euskaldun, euskaldun hartzaile eta erdaldun bereizten dituzte; gaitasun erlatiboaz aritzerakoan, euskal elebidun, elebidun orekatu eta erdal elebidun aipatzen dituzte; eta lehen hizkuntzaz hitz egiterako garaian bereizten dituzte euskaldun zahar, euskaldun berri eta jatorrizko elebidun. «Azterketa estatistiko horri begira tradizioz hiztun moten definizio horiek dauzkagu zehaztuta», adierazi du Zabalak. Urteak daramatzate definizio horiekin —1991tik egiten dute inkesta soziolinguistikoa—, eta hala segituko dute oraingoz, Zabalaren arabera. «Metodologiak laguntzen digu izendapen horren arabera deskribatzen euskararen errealitate soziolinguistikoa».

Euskaldun berri eta zahar izendapenek eztabaida sortzen dute, ordea. Eta jakitun dago Zabala bera ere: «Hartzen dituzte irristakorrak izan daitezkeen esanahi semantiko batzuk». Inkesta soziolinguistikotik kanpoko ikerketetan, erraterako, hiztun berri kontzeptua erabiltzen hasi dira Jaurlaritzan ere. Zer kalte dakartzate, ordea, euskaldun berri eta euskaldunzahar terminoek? Zergatik sortzen dute eztabaida? Eta, hala bada, zer egin behar litzateke? Hainbat soziolinguistari galdetu die BERRIAk.

Euskaldun berria, «txarra»

«Euskaldun berri kontzeptuaren atzean badago karga inportante bat: hiztunek zer-nolako autokontzeptua daukaten euren buruaz», azaldu du Deustuko Unibertsitateko irakasle Jone Goirigolzarri Garaizarrek. Hiztun berriez dihardu ikertzen, Esti Amorrorturekin batera, Deustuko Unibertsitateko Euskal Hizkuntza eta Kulturako graduan. Kontzeptuen gibelean dauden aurreiritziak azaldu ditu: «Euskaldun zaharra izango litzateke benetako euskalduna, egunero darabilena, euskalkia daukana, herri euskaldunean bizi dena; eta euskaldun berria izango litzateke apur bat gaitasun mugatua daukana, ez daukana kaleko erregistrorik eta euskalkirik, testuinguru zapaltzailean bizi dena eta erabilerarako aukerarik ez daukana. Dikotomia hori sortzen da».

Horrek kalte egiten die euskaldun berriei eta, oro har, euskararen biziberritze prozesuari, Goirigolzarriren ustez. Iritzi berekoa da Miren Artetxe EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria ere: «Gaur egun badago hizkuntza ideologia nagusi bat Euskal Herrian, benetakotasunaren ideologia, eta horretan oinarritzen gara hiztun ona eta ez-ona bereizterakoan. Hortik bereizten ditugu euskaldun berriak eta euskaldun zaharrak: askotan euskaldun berri deitzen diegu batuan hitz egiten duten euskaldun zaharrei, adibidez».

Bi arazo ikusten dizkie Artetxek kontzeptuei. Alde batetik, «esentzializatzaileak» direla: «Betirako dira; ezin dituzu aldatu. Euskaldun berria zara edo euskaldun zaharra zara, eta hilko zara horrela. Ez dakit zenbateraino den pertinentea kategoria hain esentzial bat». Bestetik, konnotazio negatiboak dituela: «Askotan, esaten dugunean 'Hitz egin euskaldun berri batek bezala', euskaraz gaizki hitz egiten dugu. Eta izan daiteke euskaldun oso-oso gaitasun handikoa, baina euskaldun berria. Konnotazio horiek edukitzeak niri deserosotasuna sortzen dit; niri, hiztun zahar gisa». Ikerketan ere hartu behar dira kontuan konnotazio horiek, haren ustez: «Ikerketa egin behar baldin badut, ez da berdina esatea euskaldun berri eta euskaldun zahar, eta hor irakurlearen buruan aktibatzen diren gauza guztiak». Bertze gauza bat litzateke euskaldun berriek erabakitzea kontzeptua erabiltzea: «Subalterno gisa, queer-ek edo bollerek bezala».

Amorrorturen ustez, gizartean dauden konnotazio horiek ez dute errealitatea islatzen: «Gertatzen da, askotan, natiboa ez den bat ailegatu daitekeela natibo kontsideratua izatera». Aurkakoa ere gertatzen dela dio: «Lehenengo hizkuntza gisa euskara ikasi duen pertsona batek izan ditzake zailtasun asko euskara erabiltzeko, gaitasun mailan edo dena delakoan, eta, orduan, hurbilago egon beste profil batzuetatik, euskaldun zahar klasiko batetik baino». Haren ustez, «sinplista» da euskaldun zahar/berri dikotomia, eta zentzu gehiago luke pentsatzeak hiztun mota «asko» daudela, eta «aniztasuna» hiztun profiletan. Amorrorturi jarraikiz, galdera bat egin du Goirigolzarrik: «Zenbateraino dira kontzeptu horiek argigarriak?».

Erabilera aztertzeko gako?

Zabalak baietz dio: lehen hizkuntzak eragina duela, erraterako, euskararen erabileran, eta aldagai interesgarria dela, beraz: «Erabilera handiagoa dute lehenengo hizkuntza euskara duten hiztunek, lehenengo hizkuntza euskara ez dutenek baino». Hori erakusten du inkesta soziolinguistikoak erabilerari begiratuta, adibidez: euskaldun zaharren %84,1ek egiten dute hizkuntzaren erabilera trinkoa —alegia, erdaraz adina edo gehiago egiten dute euskaraz—, eta euskaldun berrien artean, berriz, %22,9 dira euskara erabili ohi dutenak. Gaitasun erlatiboan ere badago aldea: euskaldun zaharren artean, %47,2k errazago egiten dute euskaraz, eta euskaldun berrien artean, %83,1ek errazago erdaraz. Erraztasuna eta erabilera loturik daude, dena den; baita lehen hizkuntza ere. Seigarren inkesta soziolinguistikoaren txostenak honela dio: «Bi dira erabileran gehien eragiten duten faktoreak: harreman sareko euskaldunen dentsitatea (zenbatek dakien euskara etxean, lagunartean edo lankideen artean, eta gune soziolinguistikoa) eta erraztasuna (lehen hizkuntzarekin lotura zuzena duena)».

Bertze aldagai bat agertzen da hor: testuinguruarena. Eta joerak aldatzen ditu horrek: euskaldun berri eta jatorrizko elebidunek gehiago egiten dute euskaraz etxea ez den bertze eremuetan, erraterako, etxean baino. Eta gune soziolinguistikoei erreparatuta, argi ikusten da: euskaldun zahar, berri zein jatorrizko elebidunen erabilera anitz igotzen da euskaldunak anitz diren herrietan. Amorrortuk uste du horri erreparatu behar zaiola gehiago, eta ez hainbertze lehen hizkuntzari: «Aldagai garrantzitsu bat, euskararen kasuan, testuinguruarena da». Goirigolzarriren ustez, aldagai gehiago hartu behar dira aintzat: «Ugaritu egin dira kontuan hartu beharreko aldagaiak, eta benetan zentrala dena da zer neurritan daukan presentzia hizkuntzak pertsonaren egunerokoan. Hori da azkenean markatzen duena: ez horrenbeste etxean edo etxetik kanpo euskaldundu den». Amorrortu: «Nik gero eta gehiago hitz egiten dut ez hiztun mota biri buruz, baizik eta hiztun motei eta ibilbide motei buruz. Aniztasuna, dikotomia baino».

Artetxek ere garrantzi handiagoa ematen die bertzelako aldagaiei: «Euskaldun berria edo euskaldun zaharra zarela esateak ez du zertan definitzen zure hiztun mota berez. Esan nahi du bakarrik lehenengo urteetan etxean ikasi duzun edo ez». Artetxeren ustez, sortzen duten zapalkuntza adierazteko da «pertinentea» kontzeptu horien erabilera, izatekotan: «Emakume eta gizon kategoriak ez direla esentzialak eta eraikiak direla esatea bezala da; baina badira bereizkeria batzuk emakumeek bakarrik jasaten dituztenak. Eta, kasu honetan, euskaldun berrien kasuan ere badago: euskaldun zaharra bazara, hiztun gisa legitimitate osoa emana zaizu de facto, eta berria baldin bazara, neurri batean galdetzen dizute, edo irabazi behar duzu legitimitate hori. Baina ideologiak egiten ditu pertinente kontzeptuak, ez berez direlako».

Legitimitatea gakoa da hizkuntzaren erabilerarako, Artetxerentzat: «Zu ez bazara sentitzen hiztun legitimo, edo berezia bazara batuan hitz egiten duzulako eta horrek identitate negatibo bat ematen baldin badizu, eragingo du zure hizkuntza erabileran. Baina eragingo du ideologiagatik, ez berez kognitiboki zure burmuina modu batera edo bestera dagoelako konektatuta». Ez du baztertzen bereizketa egitea, datu gisa, baina hortik datozenekin kontuz ibiltzeko eskatu du: «Berez, kategoria gisa, ez luke zertan izan gutxieslea ea etxean ikasi duzun edo ez duzun ikasi: datu bat gehiago da. Kontua da nola interpretatzen dugun hori».

Zer eta nola erabili

Amorrortuk eta Goirigolzarrik badute uste bat: gero eta gutxiago erabiltzen ote dituzten gazteek euskaldun berri eta zahar izendapenak. Ikerketan ere hiztun berri kontzeptua erabiltzearen alde egin dute anitzek. Zabala: «Ikuspegi antropologikoa baliatzen dugunean ikasi dugu hiztun berri terminoa egokiagoa izan daitekeela euskaldun berri terminoa baino». Horixe erabili dute euren ikerketetan Amorrortuk, Goirigolzarrik eta Artetxek, erraterako: ingelesezko new speaker-etik hartuta. Hiztun berri kontzeptuak ere sortzen dizkie zalantzak, ordea, gibelean ideologia bera duelako. Amorrortu: «Hiztun berri ere dikotomian eta ama hizkuntzaren ideologian oinarrituta dago: jatorrizko hiztun izan edo ez». Artetxek uste du ez dela «kasualitatea» hizkuntza gutxitu batean sortu izana halako termino bat, eta halako ideologia bat nagusitzea.

Goirigolzarriren ustez, bereizi egin behar dira esparruak, eta kontzeptuak horien arabera erabili: «Hiztun berri kontzeptua ikerketarako erabiltzen baduzu, ondo. Baina biziberritzerako euskaldun berri-ren ordez hiztun berri erabiltzea... Gizartean errotzen bada, eta euskaldun profil batzuek eurena egiten badute, uste dut arriskuak berak izango liratekeela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.