Parisen elkartuko dira, bihar, Frantziako Hezkuntza Ministerioaren aitzinean. Frantziaren meneko lurraldeetan hizkuntza gutxituen alde diharduten eragileek protestara deitu dute Frantziako Gobernuaren politika «linguizida» salatzeko. Bretainiarrak, korsikarrak, okzitaniarrak, katalanak, alsaziarrak... Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboan elkartu dira, Frantziako agintariek usu indarrean jartzen dituzten politiken ondorioz, hizkuntza gutxituak «desagertzeko arriskuan» direla adierazi, eta hizkuntza horiek hauspotzeko eta defendatzeko neurri eraginkorrak eskatzeko. Besteak beste, aipatu dituzte irakasle postuekin sortutako arazoak, «murgiltze» ereduaren esperimentazioa, Brebeta tokiko hizkuntzan egin ahal izateko eskubidea...
Bakoitzak du bere errealitatea, bere lorpen eta mugekin, baina denek diote Hezkuntza Ministerioaren gidaritza Jean-Michel Blanquer ministroak hartu duenetik, hizkuntza gutxituen kontrako «erasoak» gogortu direla. Aurten martxan jarri den lizeoetako erreformak sortu du arrangura gehien azkenaldian. Ipar Euskal Herrian, behin baino gehiagotan mobilizatu dira ikasle, guraso eta irakasleak. Sare publiko eta pribatuko lizeoetan euskarazko irakaskuntza galtzeko arriskuan egon litekeela salatu dute. Izan ere, erreformaren koadroak ez du irakaskuntza elebidunaren antolaketa aurreikusten. EEP Euskararen Erakunde Publikoak egindako proposamena lantzen ari dira, orain, Hezkuntza ministerioan.
Orain arte, hiru sailetan banatuak ziren ikasleak: zientifikoa, ekonomikoa eta soziala, eta literarioa; Bigarrenean egin behar zuten hautua ikasleek. Urte guzian lortutako noten batezbestekoak garrantzia bazuen ere, Lehenaren eta Terminalaren bukaeran egiten ziren Baxoko azter- ketek ematen zioten ikasleari urtea gainditu eta unibertsitatera sartzeko bidea.
Erreformaren aldaketa nagusia sailen desagerpena da. Hemendik aitzina, ikasgai orokorrez osatutako «enbor komuna» izanen dute ikasleek, denek bera; horrez gain, hiru ikasgai hautatu beharko dituzte, ikastetxe bakoitzak eskainitako berezitasunen artean —ikus zutabea—. Azterketa sistema ere aldatuko da. Notaren %40 kontrol jarraikiaren bidez lortuko da: urtean zehar lortutako notek %10eko balioa izanen dute; %30 Lehenean eta Terminalean izanen diren hiru azterketa alditan lortutako notek erabakiko dute. Lehenaren bukaeran, frantseseko idatzizko eta ahozko proba izanen dute ikasleek; Terminalean, aukeratutako bi hautazko ikasgaien eta filosofiako azterketa idatzia, eta banakako ahozko proba bat.
Iban Tikoipe Baionako Bernat Etxepare lizeoko zuzendariak uste du aldaketa onuragarria izanen dela ikasleentzat. «Ikasketa ibilbidetik, ikasleen ikuspegitik eta segipenaren ikuspegitik, uste dut onura bat dela. Orain arte aste bateko azterketetan jokatzen zen dena, presio gehiagorekin emaitzei begira. Orain, bi urteko lana epaituko da. Bereziki lagunduko ditu erregulartasunez ari direnak. Gaur egun frogatua da azterketa egun bakarrekoa delarik ikasle guziek ez dutela haien ahalmen guzia ematen». Halaber, kontrol jarraikiko probak ikastetxeek berek kudeatuko dituztenez, ikastolan euskarari leku gehiago emateko aukera izanen dutela dio.
Sail elebiduna
Galdera nagusia sare publikoko eta pribatuko euskarazko irakaskuntzak sortzen du. Orain arte, ikasleek bi aukera zituzten: euskara hautazko ikasgai bezala hartzea —astero hiru orenez lantzen zuten euskara, A2-B1 mailara iristeko helburuarekin—, edo sail elebidunean izena ematea: astero hiru oren euskara, B2-C1 mailara iristeko helburuarekin, eta hizkuntzak ez diren beste ikasgai batzuk euskaraz egitea, oren parekotasunera iritsi arte —Hego Euskal Herriko B ereduaren antzekoa—. Ez da sekula lortu oren parekotasunera heltzea, baina, ikastetxe bakoitzaren arabera eskaintza aldatzen bazen ere, gehienek historia-geografia eta beste ikasgai bat gutxienez euskaraz egiteko aukera zuten. Ministerioaren 2017ko zirkular batek arautzen du «eskualdeko hizkuntzen» irakaskuntza koadro hori.
Lizeoetako erreformaren koadroak, haatik, ez du sail elebiduna bere antolaketan aurreikusi. Euskara hautazko gisa hartzeko aukera emanez, beste hautazko ikasgaiekin lehian ezarri dutela salatu dute euskarazko irakaskuntzaren alde dihardutenek.
Gaur egun, B edo C hizkuntza bezala hauta lezakete euskara: B gisa hartuta, gaztelera, ingelesa edo atzerriko beste hizkuntza baten ordez izan beharko luke; C gisa hartuta, beste hautazko bat hartzeko aukera galtzen dute, gehienez ere hiru hauta daitezke eta. Bi kasuetan, ordu kopurua, bilatutako maila eta notaren koefizientea desberdinak dira, eta ikasleak gerora egin nahiko lituzkeen ikasketak baldintzatu ditzake.
Erreformak sail elebiduneko gurasoen artean «ziurgabetasun» giro bat sortu duela dio Marie Andree Ouret Biga Bai elkarteko presidenteak. «Ene haurrak ez baditu euskara eta kirola biak egiten ahal, kirola hautatuko du», hori da bere ustez guraso batek baino gehiagok izan duen gogoeta. Berak argi du: «Koadro arruntean uzten bagaituzte, desagertuko gara».
EEPk ikasturte hasieran egin duen neurketaren arabera, sare publikoan euskara hautazko gisa hartu dutenen kopurua nabarmen apaldu da (%36z); erreformaren aplikazioarekin lotu liteke apaltzea. Sail elebidunean zenbakiak arraroagoak dira: Bigarrenean apaltze nabarmen bat erakusten dute izen emateetan, alta, erreformak Lehena eta Terminala ukitzen ditu. Ondoko urteetan ikusi beharko da beherakadak jarraitzen duen, eta horren arabera neurtu zeren ondorioa izan daitekeen.
«Ez denez zinezko araurik, erreformak dena izkaultzen du», Oureten hitzetan. «Egin diguten aurkezpena hipokrisia hutsa izan da. Saldu nahi izan digute zerbait onuragarri gisa, baina ez da hala», salatu du. Ahantzi duten ala nahitara egin duten, ez du irakurketarik egin nahi izan. «Ez dakit hil nahi dituzten, baina ez dituzte indartzen. Aski da deus ez egitea, lurralde hizkuntza kaltetzeko».
EEPren proposamena
Hasieratik hurbiletik segitu du afera EEPk eta sail elebidunarentzat koadro berezitu bat behar zela abisatu zuen. Berriki, proposamena helarazi dio Hezkuntza ministerioari. Izan ere, dokumentu bat atera dute nazioarteko eta Europako sailek izanen duten antolaketa berezitua aurkezteko. Dokumentu hori bera hartu, eta sail elebiduna erantsi dio erakunde publikoak.
Funtsean, orain arteko ereduaren jarraipen bat litzateke proposamena, koadro berrian integratua. Sail elebiduneko ikasleentzat, «eskualdeko hizkuntza» aparteko ikasgai bat izanen litzateke, astero hiru orduz emana, eta ez luke beste ikasgai bat hautatzea baldintzatuko. Orain arte bezala, hizkuntzak ez diren beste ikasgai batzuk «eskualdeko hizkuntzan» eginen direla ere azpimarratu dute. BERRIAk jakin ahal izan duenez, ministerioan eta errektoretzan dokumentua aztertzen ari dira.
Atzo, agiria bidali zuen Charline Claveau Akitania Berriko kontseilari eta Okzitanieraren Erakunde Publikoko presidenteak, biharko protestari erreferentzia eginez, «eskualdeko hizkuntzen» irakaskuntzarako estatus berezitu bat eskatzeko. Sail elebiduna eta hautazko irakaskuntza «funtsezkoak» direla azpimarratu du, eta, haren hitzetan, 2019ko ikasturte sarrera, lizeoetako erreformak horiengan izan duen eragina neurtzeko aukera izan da.
Frantsesez, okzitanieraz eta euskaraz idatzitako agirian dioenez, Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak Emmanuel Macron Frantziako presidenteari gutuna idatzi zion erreformaren arriskuez abisatzeko. «Dolu dut ohartzea, oraindanik kopuruen apaltze bat badela Bordeleko akademian, izan euskara ala okzitanierarentzat», esan du, hizkuntza horientzat berezko estatus bat beharrezkoa dela azpimarratuta.
Parisen mobilizatuak
40 bat eragilek deitu dute biharko mobilizazioan parte hartzera, eta hainbat hautetsik ere elkarretaratzean parte hartzeko asmoa erakutsi du. 11:00etan elkartuko dira Frantziako Hezkuntza Ministerioaren aitzinean, eta hura inguratzeko asmoa agertu dute. Herrialde bakoitzetik etorritako eragileen hitzartzeak izanen dira ondoren.