Adierazle sozioekonomikoei kezkaz begiratzen diete Aiaraldean. Euskal Herriko beste hainbat eremutan gertatu den moduan, industriaren eraldaketak aurrena eta krisi ekonomikoak ondoren, kolokan jarri dute eskualdeko herrien bilakaera ekonomikoa: langabezia tasa handia, enpleguaren prekaritatea, despopulazioa, enpresen deslokalizazioa, langileen formakuntza falta, populazioaren zahartzea... Datu asko dira herrialdearen batez bestekotik gora daudenak.
Egoera «bereziki larria» dela uste du EH Bilduk, eta proposatu du batzorde bat sortzea Eusko Legebiltzarrean, eskualdearen egoera sozioekonomikoa nolakoa den aztertzeko. «Enplegu asko suntsitu da azkenaldian, pobrezia maila eta langabezia tasa inguruko handienetakoak dira, enpresen deslokalizazio mehatxua etengabea da... eta horrek guztiak badu arrazoi bat», adierazi du Eva Blanco ezkerreko koalizioko legebiltzarkideak.
Eragile sozial, sindikal, ekonomiko, politiko eta instituzionalekin elkarlanean egin nahi dute bidea, egoeraz hausnartu eta konponbideak bilatzeko. «Epe ertain-luzerako» bide orri bat finkatu nahi dute, baina berehalako «talka plan bat» ere bai. Bailarako herri guztien egoera sozioekonomikoa izango dute aztergai: Arabako Laudio, Amurrio, Aiara, Artziniega eta Okondo, eta Bizkaiko Urduña, Orozko, Arakaldo eta Arrankudiaga.
Badaukate abiapuntu bat, nolanahi ere: eredu bat non begiratu. Ez baita legebiltzarrean horrelakorik egiten den lehen aldia. 2015ean Bizkaiko Meatzaldea eta Ezkerraldea eta Gipuzkoako Oiartzualdeko kasuak izan zituzten hizpide; EH Bilduren ekimenez orduan ere. Hiru eskualde horietan krisia kasik egiturazkoa izan da azken hamarkadetan, industria sarearen gainbeherak eraginda. Batzorde haren ostean, 64 milioiko laguntza plana onartu zuten alderdiek. Helburu berbera daukate oraingoan ere, nahiz eta kasu honetan «argazkia oso bestelakoa» izan, Blancoren esanetan.
Industria sarearen galerak eragin nabarmena izan du herritarrengan. Lanpostuak galtzeaz gain, herritarren aberastasun mailan ere eragin du, eta, ondorioz, herriko komertzio txikietan ere bai. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Industriatik zerbitzura
Industria sarearen desagertzean jarri du arreta legebiltzarkideak: «Argi dago krisi ekonomikoak ere areagotu egin duela, baina badakigu kanpoko inbertitzaileei lotuta egoteak ekarri duela egoera hau». Industriak pisu handia izan du eskualdean azken mendean. Enpresa handiak kokatu ziren bertan, eta lanpostu ugari sortu ziren ondorioz. Horrek nabarmen eragin zuen eskualdeko herrien aberastasunean, eta, beste askotan gertatu moduan, migratzaile ugari jaso zituzten; Euskal Herritik ez ezik, Espainiatik ere jende asko mugitu baitzen lan bila. 1990eko hamarkadan, ordea, enpresa asko itxi egin ziren industria sektorearen birmoldaketaren ondorioz.
Prozesu haren ondorioak pairatzen jarraitzen du eskualdeak oraindik. Hala erakusten dute datuek ere. Laudion, esaterako, industriatik zetorren herriko aberastasunaren %47,3 orain hogei urte. 2016an, berriz, hamar puntu txikiagoa zen zenbateko hori. Gaur egun, zerbitzuek eskaintzen diote herriari aberastasunaren %57,9. Amurrioren kasuan, industriak da oraindik ere lehen indarra, baina aldea nabarmen txikitu da: 1996an, industriari zegokion aberastasunaren %70,2 eta zerbitzuei %23,2. 2016an, %58 dagokio industriari eta %35,9 zerbitzuei. Joera aldaketa nabarmena da.
Udalak, kezkatuta
Eskualdeko udalek ere begi onez hartu dute erabakia, eta bat datoz analisiarekin. Egoera «kezkagarria» dela iritzi dio Natxo Urkixo Laudioko alkateak , eta uste du «ezin positiboagoa» dela eskualdearentzat batzordea eratu izana: «Gertatzen ari den fenomeno guzti honek eragin negatiboa izan dezake eskualdean, beraz aurreratu egin behar gara eta aztertu egin behar ditugu zeintzuk izan daitezkeen irtenbideak». Legebiltzarrean izan zen Urkixo proposamena babesten, eskualdeko EH Bilduko hautetsiekin batera.
Ohartarazpen bat egin du alkateak: «Are kezkagarriagoa da ikusten ez den izozmendi honen zatia: enpresen deslokalizazio mehatxu etengabea, alegia». Badaki zertaz ari den alkateak, martxoan jakin baitzen Lidlek Laudion duen biltegia Langraiz Okara lekualdatuko duela. Biltegia handitu nahi du enpresak, eta argudiatu du horretarako leku nahikorik ez duela orain herrian. 200 langileri eragiten die auziak. Urkixok beste iritzi bat du gaiaz, ordea: «Laudioko lantegiko langileek hitzarmen ona dute, eta badirudi enpresak hori hautsi egin nahi duela. Hala esan digute langileek behintzat, arrazoi hori egon daitekeela lekualdatzearen atzean. Ikusiko dugu zer gertatzen den».
Enpresen kudeaketa ere aintzat hartu beharreko baldintza dela ohartarazi du Urkixok. Haren iritziz, egungo inbertitzaileek «etekin azkarra» bilatzen dute, eta «bost axola» zaie enpresarekin eta eskualdearekin gertatzen dena. «Tubos Reunidos ez dago bere momenturik egokienean une honetan. Eta hori kudeaketa kaskar baten ondorioa da. Hor diru bat egon da, lana egon da, eta badago, baina etekina arinegi hartu dute oraingo arduradunek, eta enpresa kolokan utzi dute». Bada, gogorarazi du hausnartu egin behar dela eskualdean zer motatako inbertitzaileak behar diren eta zein filosofia industrial garatu behar den.
Enpresa asko itxi dira azken urteetan eskualdean. Irudian, horietako bat: Lipmesa. Egun, oraindik, inbertsio falta eta deslokalizazio mehatxuak daudela ohartarazi dute. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Amurrion, bestalde, oraindik ere badituzte automozioa, altzairua edota burdinbideak lantzen dituzten pisu handiko enpresak. Josune Irabien alkateak azaldu du krisiak bereziki ez dituela enpresak itxi, baina «unean uneko egoerara egokitzera behartu ditu». Edonola ere, bistakoa da gauzak ez doazela bide onetik jeltzalearen hitzetan: «Inbertsio falta argia da. Etenaldi bat dago. Azken bi urteetan asko jaitsi da».
Legebiltzarreko batzordeak epe luzera begira jartzeko beta emango diela uste du Amurrioko alkateak ere, baina iritzi dio ezin dutela geratu «eskuak gurutzatuta» bien bitartean: «Batzordea eratzea ondo dago, baina bertatik ere eragin behar dugu». Horregatik, hain zuzen, udalak dagoeneko hainbat neurri hartu ditu: enplegu behatoki bat sortu du herrian, eta enpresekin hitz egiten ari da haien ikuspegia ere jasotzeko. Diagnosi bat egitea du helburu. Horrez gain, industria kudeatzaile bat daukate iaztik herrian, «industrialdeak indarrean jarri eta gabeziak identifikatzeaz arduratzen dena».
Hezkuntza, gakoetako bat
Arrazoiak arrazoi, langabeziarena da alarmak piztu dituen adierazgarri nagusia. Eskualdean, batez beste, %15etik gorakoa baita lanik gabe daudenen kopurua. Emakumeak eta gazteak dira lanik gabe dauden gehienak. Kopuru horiek arduratzen dute bereziki Irabien: «Amurrio ez da inoiz izan langabezia tasa handiko herri bat, eta orain bai. Benetan arazo bihurtzen ari dela erakusten digu».
Bada, ordea, bi kolektiboak lotzen dituen faktore bat: hezkuntza. Arrazoiak desberdinak badira ere, eskualdean lana bilatzeko zailtasunak eragiten die emakumeei eta gazteei. Eta horrek ondorio nabarmenak ditu biztanleriaren zahartzean. «Hor hutsune nabarmena daukagu: lotu egin behar ditugu eskaintza eta eskaera», adierazi du Irabienek.
Edonola ere, Blancok gogorarazi du eskualdearen egoera sozioekonomikoa industriari lotuta egon arren, ez dela faktore bakarra: «Enpresa bat ixtean ez dira soilik lanpostu zuzenak galtzen, inguruari ere nabarmen eragiten dio». Egoera ikuspegi askotatik aztertu beharraz ohartarazi du: «Lanpostu galera horrek nola eragiten die familiei? Zer gertatzen da soldata bakarra duten familiekin? Gaur egun lanpostu bat izateak ez baitu bermatzen pobrezia egoeratik kanpo egotea. Kate bat da azkenean. Hori guztia aztertu behar da batzordean».