Ziegako hormek estalitako koloreak

Migrazio eta espetxe politikak nahasi egiten direla uste dute zuzenbidearen arloko aditu askok. Polizia etxe, epaitegi eta kartzeletan «arrazakeria instituzionala» nagusi dela diote.

Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Segurtasun indarrek kontrakoa aldarrikatzen duten arren, datuek argi islatzen dute errealitatea: azalaren kolorea faktore erabakigarria da pertsona bat identifikatu, atxilotu edota auzibidean jartzeko garaian. Hainbat adituren arabera, justizia administrazioaren esparru guztiak blaitzen ditu arrazakeria instituzionalak: Polizia, fiskalak, epaileak, espetxeetako funtzionarioak, hedabideak... Horren ondorioz, oztopoz eta tranpaz beteriko bide malkartsu bati aurre egin behar izaten diote atxilotutako migratzaileek. Kasu gehienetan, auzipetuek bi ate besterik ez dute ikusten labirintoaren bukaeran: deportazioa ala kartzela.

Migratzaileak, espetxe politika eta arrazakeria instituzionala mintzagai izan dituzte berriki NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan, espetxe ikasketei buruzko XIII. jardunaldien barruan. Paz Frances NUPeko Zigor Zuzenbideko irakasle eta Salhaketako kidea arduratu da jardunaldiak antolatzeaz. Haren irudiko, gizartean erroturik dagoen errealitatea da arrazakeria, eta horrek eragin zuzena du espetxe politiketan: «Elementu arrazistak eta klasistak agerikoak dira gizarteko esparru gehienetan, eta justizia administrazioa ez da salbuespena: ezin da espetxe politika ulertu, arraza eta klase kontzeptuak aintzat hartu gabe».

Horren adibide gisa, migratzaileak atxikitzeko zentroak aipatu ditu Francesek. «Erabat lotuta daude espetxe politika eta migrazioa arautzeko prozedurak, baita migratzaile horiek inolako deliturik egin ez duten kasuetan ere. Gero eta harreman estuagoa dago, esate baterako, migratzaileak kanporatzeko dispositiboaren eta kartzelaldiaren artean; eta, era berean, gero eta lausoagoak dira CIE atzerritarrentzako zentro itxien, errefuxiatu esparruen eta espetxeen arteko mugak».

Iritzi berekoa da Andres Garcia Berrio ere. Bartzelonako Iridia giza eskubideen aldeko elkarteko kidea da, eta aholkularitza juridikoa eskaintzen die baztertuta dauden pertsonei. Haren esanetan, jarrera xenofoboak ugaritu egin dira azkenaldian, eskuin muturraren goraldiak hauspotuta, baina «aurretik ere bazeuden» gizartean erroturik: «Migrazioa delinkuentziarekin lotzen duten diskurtso xenofoboek gora egin dute, eta diskurtsoen erradikalizazio horrek kutsatu egin ditu erakunde publikoak ere. Dena den, arrazakeria instituzionala ez da eskuin muturraren indarkeriara edota diskurtso xenofoboetara mugatzen. Atzerritartasun Legea, esate baterako, ez da neutroa, kutsu arrazista nabarmena du».

Zehazki, Espainiako Atzerritartasun Legeak migratzaileei «esparru normatibo bereizia eta murriztailea» ezartzen diela salatu du Garcia Berriok. «Praktikan, normalizatzen ari gara, besteak beste, Iruñean hamar urtez bizi izan den pertsona batek eskubide gutxiago izan behar dituela, eta, are okerragoa dena: eskubide horiek lan merkatuak baldintzatuta azaltzen zaizkigu, lan kontratu bat behar baita paperak lortzeko». Abokatuaren arabera, legeak berak sustatzen du esplotazioa: «Legez ezarria dago pertsona batek hiru urte eman behar dituela paperik gabe, lana eta etxebizitza eskuratu ahal izateko; horrek inpunitate espazio bat sortzen du, zeinean enpresariek paperik gabeko migratzaileak esplotatu ditzaketen».

2015. urtean, Espainiako Gobernuak Zigor Kodean hainbat moldaketa txertatu zituenez geroztik, gainera, migratzaile guztiei ezartzen ahal zaizkie ezohiko neurriak —paperak izan ala ez—; besteak beste, kanporatzea.

Francesen irudiko, sistemak bi gaitzen artean hautatzera behartzen ditu pertsona horiek: «Zigor Kodearen 89. artikuluak bidea zabaltzen du delituak egin dituzten pertsonak kanporatzeko, eta instituzioek horretara bideratzen dituzte ahalegin guztiak: ez dizkiete zigorrak murrizten, ezta baimenak ematen ere; traba handiak jartzen dizkiete, eta eskaintzen dieten aukera bakarra da alde egitea, zigorraren zati handi bat bete dutenean». NUPeko irakaslearentzat, horrek erakusten du sistemak berak «mesfidantzaz» so egiten diela etorkinei.

Auzibidean jarritako migratzaileekin lan egiten du Cristina Almeida Herrero abokatuak ere, eta uste du, gehienentzat, justizia sistema «labirinto» bihurtzen dela. «Adibidez, gaztelaniaz ez dakiten migratzaileei itzulpen zerbitzua eskaini beharko litzaieke. Nik urteak daramatzat abokatu lanetan, eta ikusteke daukat itzulitako sententzia bakar bat. Migratzaile askok ez dakite zergatik kondenatu dituzten ere».

Atxiloketatik kanporatzera

Garcia Berrioren esanetan, bestalde, espetxea edo epaitegiak soilik ez, «prozesu osoa dago arrazakeriak blaitua». Poliziaren jarrera eta «identifikazio nahiz atxiloketa arbitrarioak» jo ditu horren adibide gisa: «Poliziak kalean geldiarazi eta identifikatzen dituen pertsonen datuei erreparatuta, ikusiko dugu kolektibo batzuk askoz ugariagoak direla. Identifikatzen duten bertoko pertsona bakoitzeko, zazpi atzerritar gelditzen dituzte. Itxuragatik bakarrik, susmagarri dira».

Bartzelonako datuak eman ditu Iridia zentroko abokatuak, adibide gisara: «Migratzaileen %54,1 identifikatu ditu inoiz Poliziak; bertokoen artean, berriz, %2 inguru dira. Soslai etniko izugarria du polizien jardunak». Horri buelta emateko, neurri sorta bat proposatu du: «Espainiako eta Ingalaterrako udal batzuetan, prozedura berria aplikatu dute. Esaterako, atxilotutako eta identifikatutako pertsona guztien arraza zehaztu, eta atxiloketa bakoitza idatziz justifikatzeko beharra ezarri zioten Fuenlabradako Udaltzaingoari [Espainia]. Horren ondorioz, Poliziak atxikitako migratzaileen kopurua herenera murriztu da urtebetean; batez ere, magrebtarren kasuan. Zergatik? Bada, orain agenteek azalpenak eman behar dituztelako identifikatu edo atxilotu dituzten migratzaileen inguruan, eta horrek agerian uzten ditu aurreiritzi etnikoak».

Bat dator Almeida ere: «Oso zabaldua dago etorkinek delitu gehiago egiten dituztela dioen mitoa, eta faltsua da erabat. Gizartean aurreiritzi hori dagoenez, kontrol zorrotzagoak ezartzen zaizkie migratzaileei, eta, kontrol horien ondorioz, askoz gehiagotan jartzen dira auzibidean, batzuetan, arau-hauste administratiboak baino ez direnak delitu gisa tratatuta. Eta horrek elikatu egiten ditu, atzera ere, gure aurreiritziak. Sorgin gurpil bat da, eta kolektibo oso baten kriminalizazioa dakar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.