Jose Motoso. Hezkuntzan aditua

«Ulertu egin behar ditugu ikasle horien premiak, guztiz»

Argi du Motosok: lorpen handia da ateak parez pare zabaltzen dituen eskola. Xedea lortzea ez da beti erraza, ordea; bide zaila izaten dutenen artean daude buruko eritasunen bat duten ikasleak.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
arantxa iraola
2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
«Ikasle kalteberenen» inguruan ardaztu du bere lan ibilbidea. Berritzegune Nagusiko aholkularia da Jose Motoso (1959, Eibar, Gipuzkoa). Aditua da hezkuntza inklusiboan, eta eskolaratzean berariazko premiak dituzten ikasleen artan. «Buruko osasuna kudeatzeko zailtasunak dituzten ikasleak askotarikoak dira, eta planteamendu orokorrak izan behar du ikustea zer-nolako beharrak dituzten hezkuntzaren ikuspegitik». Erantzuna beti, ahal dela, ingurumari «naturalean» eman behar zaie; «eskolan», eta «etiketak» saihestuta.

Zentro barruan bideratzen dira, ahal dela, ikasleen premiak. Zer-nola egiten da hori?

Denok ditugu gure osasun mentala kudeatzeko zailtasunak: denok, salbuespenik gabe. Kontua zera da, ordea: noiz dakarte zailtasun horiek gehiegizko pairamendua? Edo eguneroko gauzak egin ezina? Lanean ari gara zentroak gai izan daitezen heltzen zaizkigun egoera askotarikoei erantzuteko. Oso idealista da erronka hori. Baina ez da ezinezkoa. Helburua izaten da bermatzea helduekiko atxikimendua eta lagun egitea dakarten prozesuak; beraz, tutoreen jardunak garrantzi handia du. Ikasle bakoitzaren premiak aintzat hartuta jardutea ere funtsezkoa da, baina horrek ezin du ekarri inor bazterrean uztea.

Buruko gaixoen eta senideen elkarteen federazio Fedafesek arta hobetzeko egindako eskarietako bat da buruko osasuneko aditu gehiago jartzea hezkuntza sisteman. Lagundu dezake horrek hobeto aritzen?

Nik eskari horren aurrean desadostasun erlatibo bat dut. Hezkuntza premiei erantzuten adituak izango diren pertsona gehiago behar ditugu; gainerakoan, inklusiboak ez diren proposamenak egiten has gaitezke. Interbentzio klinikoa beharrezkoa da, eta oso espezifikoa, baina ez da hezkuntza interbentzioa. Hezkuntza interbentzioaren xedea zera da: ikustea nola eralda ditzakegun berariazko premiak dituen ikasle horren inguruko interakzio guztiak, eta babesleak izatea haiekin, baina, bide batez, eskolan ematen ari diren ikasketekin lotuta egotea. Hala ere, jakina, ulertu ere egin behar ditugu ikasle horien premiak, guztiz.

Ados, zuen betebeharra ez da klinikoa; hezkuntza da zuen xedea. Baina gazte horiengananola iritsi jakin beharko duzue, eta tresnak beharko dituzue. Zein baliabide daude eskolako martxari jarraitzea zail denerako?

Zentroak ezin ditugu bakarrik utzi. Esaten ari gara ikasleei ahalik eta ingurumari naturalenean eman behar diegula erantzuna, eta profesionalek laguntza indartsuak behar dituzte horretarako, eta kalitatezkoak. Horretarako baliabideak ematen saiatzen gara, eta trebakuntza planak ere badira martxan. Hala ere, buruko eritasun larrietan, eta ahalik eta ingurumari naturalenean erantzuteko aukerak bukatzen direnerako, badira baliabideak. Hiru interbentzio klase ditugu. Lehenengoa da ikasleari etxean bertan ematea eskolak. Eritasunen baten ondorioz eskolara joan ezinik dauden ikasleentzat dago pentsatuta baliabide hori...

Ez dago, beraz, buruko patologietara bakarrik bideratuta. Baina sarritan erabiltzen da buruko arazoak daudenean, ezta?

Egun, baliabide horretan ari diren ikasleen erdiek batez beste buruko arazoren bat dute. Salbuespenezko hautu bat izaten saiatzen gara, eta inklusiboa izatea beti; alegia, haur edo nerabe horrek erreferentziazkoa duen ikastetxearekin harremana izatea bultzatzen da, joan-etorri ugari egitea etxetik eskolara. Tartean fobiak-eta daudenean, adibidez, planak lantzen saiatzen gara apurka-apurka eskolara berriz hurbiltzeko, baina oso malgu beti. Etxez etxeko baliabide hori, beraz, hautu bat da. Beste baliabide bat hezkuntzako unitate terapeutikoak dira. Mistoak diren bakarrak dira. Osakidetzako profesionalak daude horietan. Eta hezkuntzakoak ere bai. Interbentzio intentsiboren bat behar duten ikasleak hartzen ditugu horietan, eta guztiek dute buruko arazo larriren bat.

Arreta klinikoa eta eskolako martxa uztartzeko dira, beraz?

Bai, interbentzio terapeutiko intentsibo bat behar duten aldiren baterako dira. Eta epemuga jakin bat izaten dute beti; batez beste urtebete baino gehiago ez da izaten. Eta bai, bi sistemak uztartuta aritzen gara hor; hezkuntza arloan ari garenak, eta osasun arta ematen dutenak. Baina horietan ere ikuspegi inklusibo bat gailentzea bilatzen dugu, eta ikasleek harremanetan jarraitzea beren erreferentziazko zentroekin. Eta, oro har, xedea izaten da beti apurka zentro horretan igarotzen duen denbora luzatuz joatea.

Etxean eskolak ematea eta arta klinikoa eta hezkuntzakoa bateratzea. Horiek azaldu dituzu. Zein da hirugarren hautua?

Erietxeetako ikasgelak dira.Horietan, buruko eritasunaren ondorioz ospitaleratuak izan behar dutenean, haur eta nerabeei eskolak ematen zaizkie. Hiru kasuetan ere, hezkuntzako gaietarako erreferentzia, bai eta komunitatekoa ere, erreferentziazko eskola izaten da, eta haurrak ikastetxe horietan matrikulatuta egoten dira. Hala ere, eta kasuen larritasunen araberakoa ere bada, beti aldea egoten da erreferentziako ikasgelan ari diren gainerako ikasleen eta baliabide hauetan ari diren neska-mutilen artean. Aipatu ditugun hiru egoerak ere krisi egoerak dira, zailak, eta alderdi asko aintzakotzat hartuta lan egin behar da halakoetan.

Erronka idealistak direla esan duzu, lortzen zailak. Sistemak badu gaitasuna erantzuteko?

Kuantitatiboki eskolaratze maila handia lortu da egun. Haur eta gazte gutxi eskolatik kanpo geratzea: konkista handia da hori. Jakina, populaziorik kalteberenak ere gero eta argiago ikustea dakar horrek. Presio handia eragiten du horrek. Eta izurriak zer egin du? Ez ditu kualitatiboki egoera berriak ekarri, baina areagotu egin ditu lehendik zeuden hainbat egoera. Buruko arazoei dagokienez, Osakidetzan tentsio egoeran ari direla esaten da; bada, tentsioa oraindik handiagoa da hezkuntzan. Jendea akituta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.