Hautetsontzi bat, oihal zatiz josia

Hautetsontzi erraldoiak osatu nahi ditu Gure Esku Dago-k ekainaren 20ko ekitaldietan.«Erabakia ehuntzeko» garaia dela esan dute: «Herri borondatearen jostunak gara»

Irungo Ficoban egindako ekitaldian eman zuten Gure Esku Dago-koek aurrera begirako erronken berri, atzo. I. ZABALETA / ARP.
Hodei Iruretagoiena
Irun
2014ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
2013ko ekainaren 8a zen Irungo Ficoban Gure Esku Dago mugimendua aurkeztu zutenekoa. Egun berean egin zuten, urtebete geroago, Durango eta Iruñea batu zituen «irribarre erraldoia». Ia urte eta erdiren ondoren, mugimendua aurkeztu zuten leku berean eman zuten atzo aurrera begirakoen berri. Baina ez daude lehengo lekuan. Egindakoak gogoan, dagoeneko bizipen dira lehenago esandakoak: «ilusioa», «poza», «beharrezkoak gara herritarrak»... Bizitako horiek gogoratuz hasi zuten atzoko ekitaldia, eta erronka berria jarri datozen hilabeteetarako: herritarren borondatea batzea, Euskal Herriaren erabakia ehuntzeko.

Oihal zatien bidez egingo dute batura, bideo batean Ilaski Serranok eta Xabier Euzkitzek azaldu bezala. Joan den asteko mosaikoa, Eskoziara eta Kataluniara begirakoa ere izan arren, Euskal Herriak ere hautetsontzi bat behar duela esateko izan zen, batez ere. Herritarren borondatea batu nahi dute, orri zuri bat dagoen lekuan hautetsontzi bat jartzeko. Hautetsontzi bat, eskuz esku, oihal zatiz egina, «berandu baino lehen herri honek erabaki ahal izateko».

Erakustaldia ere egin zuten atzo herri batzordeetan parte hartu duten lagunek. Han ziren, besteak beste, Txaro Arteaga Emakundeko zuzendari ohia, Mikel Markez kantaria, Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas Gure Esku Dago-ko kideak, eta Iban Garate eta Ilaski Serrano, atzo aurkezle aritu zirenak.

Sinplea da ariketa: hogei laguneko taldetan, nork bere ehun zatiari emango dio bere kolorea, bere ahotsa, gainean nahi duena idatzita. Ondoren, herritarren hitzez betetako oihal zatiak elkarrekin josiko dituzte, ekainaren 20an hautetsontzi erraldoiak osatzeko. Hori izango da urteko ekitaldi nagusia, eta ekitaldiak egingo dituzte Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hiriburuetan.

Herriz herri hasiko da, ordea, saretze lana. Banakotik. Tutore figura sortu dute inguruko jendea animatzeko: tutore izango dira, adibidez, bere futbol taldekoak aldarrira batuko dituen pertsona eta lankideak bultzatuko dituena. Apirilaren 25ean Ehuntze Eguna egingo dute, herriz herri eta auzoz auzo, ordura arte betetako oihal zatiak josteko. Txartel bat ere beteko du parte hartzen duen pertsona bakoitzak.

Aldarrikapena ehuntzeko fasearen barruan dago datozen hilabeteetako dinamika. Gure Esku Dago-k jarri dituen hiru ardatzetan, hori da lehenengoa: edukiontziarena, hautetsontziarena.Herritarren borondateak batzekoa. «Herri borondatearen jostunak gara. Ezina egina bilakatuko dugu, ez dagoen lekuan bai jarriko, eske-ren lekuan goazen. Eta bainak, baratzean».

Adostea eta erabakia gauzatzea izango dira bigarren eta hirugarren ardatzak, lehenengoarekin etorriko direnak. «Batak bestea dakar, batak bestean eragiten du», azaldu dute mugimenduko kideek. Bigarrena: edukia adostea, hilabeteotan sortu asmo duten elkargunetik, erabakia gauzatu arteko bidea adostea. Hirugarrena: erabakia egikaritzea.

Elkarlanerako deia

Aurrera begirakoekin hasi aurretik, egindakoak biziberrituz hasi zuten ekitaldia. Giza katean sartu ziren aretora herri batzordeetako 123 lagun, ekainaren 8koaren kilometro kopurutik bana, eskutik helduta eta kantuan: «Jende zoriontsua, herri libre batean...». Haiek hartu zuten hitza oholtza gainean ere: giza katea gogoratuz Aguraingo Naroak, hasierako beldurrak aitortuz Donostiako Nagorek, Euskal Herriak «hordagoa» bota zuela esanez Iruñeko Enekok, «ilusioa» nabarmenduz Barakaldoko Mikelek.

Bideo bidez erakutsi zituzten, esaterako, Donostiako mosaikoan parte hartu zutenen sentipenak: helikopteroan baino, jendearen artean gehiago ibili zen kamera. Aniztasuna ere nabarmendu zuten aurkezleek: «Gazteak, helduak, helduagoak, lanean ari direnak, lan bila dabiltzanak, ikasle dabiltzanak, aspaldi erretiratuak, hiriburuetakoak, herri txikietakoak, kostaldekoak, barnealdekoak, eskuinekoak, ezkerrekoak, tartekoak... Zer ezaugarri komun dugu denok? Denok daukagula erabakitzeko eskubidea».

Ekainaren 20an hautetsontziak osatuko dituzten lehen bi oihal zatiak bete eta josi ondoren, Zelai Nikolasek eta Anjel Oiarbidek eman zioten amaiera ekitaldiari. Erabakia posible egiteko «konfiantza eta adostasun puntu komuna» sortzeko garaia dela esan zuten. Herritarren protagonismoa nabarmendu zuten, eta elkarlanera deitu: «Geu gara protagonistak: herritarrak. Elkarlanean, ezberdinen artean, ehundu dezagun erabakia. Gaur hautetsontzia, bihar erabakia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.