Zaintza sistema «eraldatzeko» mobilizatuko da mugimendu feminista

Lehen mugarria Martxoaren 8an ezarriko du Euskal Herriko mugimendu feministak. Zaintza «erantzukizun soziala» bilakatzea izango du helburu borroka dinamikak

Euskal Herriko mugimendu feministaren agerraldia, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2023ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
«Zaintza lanak ezinbestekoak dira bizitzeko. Ezin dute jarraitu ikusezin eta merkantilizaturik». Euskal Herriko mugimendu feministarena da hausnarketa; Gasteizen deituriko agerraldi batean plazaratu zuten, atzo. Denon bizitzak erdigunean goiburua hartuta egin zuen prentsaurrekoa, lelo horren baitan jasoa dagoelako mugimendu feministak zaintza ereduaren gainean abiatu duen prozesuaren muina:«Zaintzak irauli nahi ditugu, dena aldatzeko».

Euskal Herriko mugimendu feministak indarrak batu nahi ditu zaintzaren sektorean lan baldintzak hobetzeko borrokan ari direnekin eta zerbitzu publikoen kalitatea defendatzen duten kolektiboekin. «Aliantzak bultzatu nahi ditugu herri mugimenduekin eta dena aldatzeko zaintza sistema irauli nahi duten guztiekin», azaldu zuten. Horiek hala, egungo zaintza sistema «eraldatzeko» asmoz borroka dinamika bati ekingo diote. Mugimenduko kideek zehaztu dute «epe luzerako prozesu» bat izango dela, eta lehen mugarria Martxoaren 8an ezarri nahi dutela.

Gaur egungo zaintza sistema «krisian» dago, eta krisi horrek «aurpegi ugari» ditu, mugimendu feministako kideek ohartarazi zutenez. COVID-19aren pandemiak azaleratu egin zuen krisi hori, are modu gordinagoan, haien arabera: «Inolako lotsarik gabe, adinekoentzako egoitza batzuetako egoera jasangaitza argitara atera zuen: langile gutxi eta lanez gainezka, eta erabiltzaileek ondorioak pairatuta».

Egungo egoerari ere argazkia atera zioten. Krisia etxeko langileen «esplotazioaren» ondorio zuzena dela salatu zuten, erakundeek eta familiek betetzen ez dituzten beharrak asetzen dituztelako. Kritikatu zuten lan baldintza «negargarriak» direla-eta sektorea «desarautua» dagoela,eta langile migratu asko egoera irregularrean daudela. «Horri guztiari gehitu behar zaizkio lanaren prekarizazioa eta langabezia, pentsio apalak, etxebizitzaren, gasolinaren eta oinarrizko beharren garestitzea». Haien iritziz, horrek guztiak «sakondu» egiten du krisi soziala.

Eta gogoratu zuten ezen etxean, lantokian eta harremanetan langile klaseko emakumeek sostengatzen dutela oraindik ere zaintza. «Denboren eta baliabideen pobrezia pilatzen jarraitzen dugu. Lanaldi bakoitzarekin, zerbitzu publiko urri eta prekarioak ordeztuz, denera iritsi ezinik, eta bidean gure bizitzak immolatuz».

Berriro «aktibatua»

Horregatik denagatik, mugimendu feminista berriro «aktibatu» egin dela jakinarazi zuten. Besteak beste, mobilizazio prozesu bat abiatuko dute, «egungo zaintza erregimen kapitalista eta patriarkala eraldatzeko asmoz». Uste baitute egungo krisia ez dela konponduko «azaleko soluzioekin», baizik proposamen eta neurri zehatzekin.

Euskal Herriko mugimendu feministarentzat, zaintza «eskubide kolektibo» bat da, eta horren alde lan egingo du. Eskubide hori «mendekotasun egoeratik» harago doala azpimarratu dute gaur: «Zenbat, nola eta nor zaindu nahi dugun erabakitzeko gaitasunaz ari gara. Eta zaintzaren erantzukizunari pribilegiozko egoeren bidez ihes ez egitea bermatzeaz ari gara». Finean, zaintza «erantzukizun sozial» bilakatzea nahi dute, «ez negozio bat», eta, bide horretan, gizartea eraldatzeko neurriak bultzatu nahi dituzte.

Mugimendu feministak dei egin zien Euskal Herriko kide feminista guztiei herri eta auzoetan batzar feministak aktiba ditzaten, prozesu horrekin bat egiteko. Euskal Herriko txoko guztietara iritsi nahi dute, eta, hartarako, material sorta bat jarri dute online eskuragarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.