Iratxe Uribelarreak 2014ko otsailean jakin zuen lehen aldiz seme bat galtzea zer den. Haurrak taupadarik ez zuela esan zioten haurdunaldiaren 29. asteko ekografia egin ziotenean. «Gari asko mugitzen zen, baina egun hartan ez nuen mugimendurik sumatu, eta gauean larrialdietara joatea erabaki genuen bikotekideak eta biok. Ekografia egin zidan ginekologoaren aurpegian nabaritu nuen zerbait ez zihoala ongi; hark esan aurretik galdetu nion nik. Ez du taupadarik, ezta? Ezetz erantzun zidan». Maria Gonzalez duela sei urte erditu zen lehen aldiz, 37. astean. Gorabeherarik gabeko haurdunaldia izan zuen, segundo batean guzti-guztia mila puskatan hautsi zen arte: «Luciak zilbor hestea lau buelta emanda zuen lepoan, eta ito egin zen». Ordutik aurrerakoa hitz gutxitan laburbildu du: «Dena eten zen. Esku hutsik geratu ginen».
Ikusi gehiago:Nereida Barrikarte, psikologo perinatala: «Mina eta dolua ez dira desagertzen, haiekin bizitzen ikasi behar da»
Uribelarrearen eta Gonzalezen kasuak ez dira bakarrak. OME Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, lau haurdunalditik bat ez da amaierara iristen, umeak hil egiten direlako haurdunaldian, erditzean edo handik egun gutxira. Haurdunaldiko 22. astearen artean eta bizitzako lehen zazpi egunetan gertatzen den heriotza perinatala da, OMEk emandako definizioaren arabera. Eta galera horren ondoren bizitzen den saminari dolu perinatala esaten zaio. Askotariko kasuak hartzen ditu barnean, eta izen ugari ematen zaizkie: umetoki barneko heriotza goiztiarra edo berantiarra, erditze barruko heriotza, berezko abortua, haurdunaldiaren etendura, biki baten heriotza, haurdunaldiko heriotza, perinatala edo neonatala...
«Gure dolua ez dago onartuta; ukatuta dago, tabua da». Argi mintzo da Gonzalez. Haren ustetan, heriotza horiek «isilarazteko» eta «ezkutatzeko» joera dago gizartean, eta horrek, haurra galdu duten familien sufrimendua areagotzeaz gain, traba egiten die ibili behar duten dolu prozesuan. Uribelarreak irizten dio umeen heriotzak «ikusezinak» direla: «Logikaren barruan sartzen da pertsona heldu bat hiltzea, baina ez jaioberri bat. Inork ez du horri buruz hitz egin nahi». Ordea, ez dute dolua isiltasunean bizi nahi. Gonzalez: «Guk galera horretaz hitz egin nahi dugu, gure seme-alabei merezitako tokia eman nahi diegu, izan direlako, existitu egin direlako».
Osasun langileen arta
Heriotza perinatal baten ondoren, berebiziko garrantzia du osasun langileek gurasoei ematen dieten arretak. Alaba galdu zuenean ospitalean jaso zuen tratu beroaren garrantzia nabarmendu du Gonzalezek. «Leuntasunez» artatu zuten, eta aukera eman zioten hilik jaiotako alabarekin egoteko eta hura agurtzeko. Zinez eskertua dago, eta esperientzia hura baliagarria izan zitzaion dolu prozesua egiten joateko. «Berebiziko garrantzia du erietxean jasotako tratua egokia izateak, gurasoen dolua ahalik eta osasuntsuena izan dadin», adierazi du.
Tratu hori, baina, ez da kasu guztietan ematen. Gonzalez kexu da osasun profesionalen artean «jarrera paternalistak» oso zabalduta daudelako, eta sarritan jaioberria galdu berri duen amarekin kontsultatu gabe hartzen dituztelako erabakiak. Esaterako, askotan, medikuek beraiek erabakitzen dute erditze osteko edoskitzea etetea, eta amei pilula hartzea «inposatzen» diete galdetu gabe ea esnea beste familia batzuei eman nahi dieten. Gonzalezek argi du haurra galdu duten gurasoen esku egon beharko lukeela halako erabakiak hartzeak: «Shock egoeran egonda ere, pertsonak gara, eta erabakitzeko gaitasuna dugu». Haren ustez, osasun profesional batzuen «formazio falta» ere islatzen du horrek: «Ez dakite esnea beste ama batzuei ematea lagungarria izan daitekeela dolu prozesuan».
Gurasoek ez ezik, hildako jaioberriak ere merezi du arreta eta tratu egoki bat. Arlo horretan, ordea, bada zer hobetu erietxeetan, Gonzalezek adierazi duenez. «Lehen eta bigarren hiruhilekoan haurra galdu duten guraso batzuei listua botatzeko edo altzairuzko erretiluetan eraman dizkiete seme-alaben gorpuak» Familientzat «oso mingarriak» dira halako jokabideak: «Euren haurtxoak edozer gauza balira bezala tratatzea ez da zilegi».
Mendaroko (Gipuzkoa) ospitaleko emaginek Gari agurtzeko aukera eman zioten Uribelarreari: «Nik ez nuen indarrik ikusteko, baina Anakoz bikotekideak bai. Beste gela batera joan zen ikustera: garbitu egin zuten, txanoa jarri zioten...». Ginekologoaren arta, ordea, saminez oroitzen du: «Gari semeaz erditu nintzenean, ginekologoak alde egin zuen, eta ez zen bueltatu gurekin egotera. Oso hotza izan zen».
Gari hil eta bi urtera, Uribelarrea bigarren semeaz haurdun geratu zen: Ekai. 20. asteko ekografian esan zioten bihotzeko arazo bat zuela: bi arteriak paralelo zituen, eta jaio bezain pronto ebakuntza egin behar zioten. «Kardiologoek esan ziguten ebakuntzen %95 ongi ateratzen zirela, eta haurdunaldiarekin aurrera egitea erabaki genuen». 37. astean Ekaiz erditu zen Donostiako ospitalean, zesareaz. Handik bost egunera egin zioten bihotzeko ebakuntza, Gurutzetako ospitalean. Gurasoek ebakuntza gelara sartu aurretik agurtu zuten haurra, eta eguerdian itzuli ziren ospitalera. «Arratsaldeko lehen orduan irten zen kardiologoa, eta ospitaleko korridorean geundela zera esan zigun: sentitzen dut, baina ez da atera». Iltzatuta ditu hitzok Uribelarreak, burutik kendu ezinik. «Horiek izan ziren haren hitzak; hantxe, pasilloan bota zituen. Ez dut sekula ahaztuko».
Urratsak, ongi etorriak
Asko dira dolua bakarrik eta ingurukoen babesik gabe igaro behar duten gurasoak. Baina gero eta gehiago dira, era berean, elkarri laguntzeko eta babesteko eratutako taldeak. Esku Hutsik elkartea da horietako bat; iaz sortu zuten haurdunaldian, erditzean edo erditze ostean haurra galdu duten hainbat familiak, eta, besteak beste, dolu prozesurako baliabideak eta umearen heriotzaren osteko laguntza burokratikoa eskaintzen dizkiete egoera berean daudenei. Osasun profesionalen trebakuntzan ere eragin nahi dute, haiek jaiotzari lotutako heriotzetan arta hobetu dezaten.
Besteak beste, araudiari begira ari dira lanean. Izan ere, Uribelarreak azaldu duenez, «aitortu gabeko heriotzak» dira erditu aurretik zein ondorengo uneetan hiltzen diren umeenak, errekonozimendurik gabekoak, hala gizartean, nola araudian. Haurdunaldiko 24. astera iristen ez diren umeen kasuetan, gurasoek ez dute gaitasunik erabakirik hartzeko: ezin dute gorpua edo haren oroitzapenik gorde, eta ezin dute hilotzarekin zer egin erabaki. Jaioberria erregistratzeko ere hamaika oztopo dira: 24 ordu baino gutxiagoz bizi izandakoak legez ezin dira familia liburuan idatzi. «Traba burokratikoak direla medio, gure seme-alabak ez dira existitu ere egin, ezustean desagertuko balira bezala, baina egon eta izan dira», azaldu du Gonzalezek.
Egun, ospitale bakoitzaren irizpideen mende egoten da haurra galdu duten familien arta. Esaterako, 2004az geroztik Beso Hutsak programa indarrean da Arabako osasun mentaleko sarean halako kasuak artatzeko, baina familia askok ez dute horretara sarbiderik izan, eta programa hori ez da zabaldu osasun publiko guztira. Esku Hutsik elkartean uste dute «aterki bateratua» ezinbestekoa dela, eta lanean ari dira osasun sistema publikoak protokolo bakarra izateko. Taldearen ekimenez, legez besteko proposamen bat adostu dute EH Bilduk, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean, Osakidetzak dolu perinatala, neonatala eta haurdunaldikoa «modu integralean» arta dezala eskatzeko.
Gonzalezek uste du seme-alabak galdu dituzten familien mina aitortua izateko bidean urrats guztiak «ongi etorriak» direla. «Denak laguntzen du». Adibidez, elkartearen eskariz, dolua egiteko eta oroimena gordetzeko tokiak atontzen ari dira hainbat hilerritan. «Seme-alabaren gorpuak berreskuratzerik izan ez duten familiek lasai egoteko edo negar egiteko toki atsegin bat izatea oso garrantzitsua da». Ezkutuan dagoen dolua azaleratzeko eta aitortzeko pausoen garrantzia nabarmendu du Uribelarreak ere: «Gure samina behar bezala artatzea nahi dugu».
Aitortzarik gabeko galerak
Umea jaio aurretik edo jaioberritan galtzen duten gurasoen dolu prozesua «ukatuta» eta «isilarazita» egoten da sarritan. Familiek laguntza eta baliabideak eskatu dizkiete gizarteari eta osasun sistemari, dolua behar bezala egin ahal izateko: «Gure samina behar bezala artatzea nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu