Auzitegi Nazionalak ez du atzera egin nahi izan. Atzo kaleratutako epaian, apelazio salak bere egin du ekainean Zigor Arloko lehen aretoak ebatzitakoa. Auzitegi Nazionalak Altsasuko auzia bere gain hartzeko, funtsezko izan zen terrorismo delituaren zantzuak antzematea instrukzio fasean; baina auzibideak aurrera egin ahala, apelazio salak ez du egiaztatutzat jo delitu hori, eta «bat egin du» ekaineko epaiarekin. Orduan bezala, argudiatu du ETAk indarkeria utzi zuenean gazteak adingabeak zirela: «Denbora honetan guztian nekez eutsi ahal izan zioten helburu horri adin horrekin». Iñaki Abadi lau urte murriztu diote espetxe zigorra, baina defentsaren gainerako argudioak atzera bota ditu apelazio salak, eta,ondorioz, ekaineko zigorra ia osorik berretsi du.
Urtarrilean auzi saioa egin ondotik, martxoaren hasierarako espero zen apelazio salaren epaia. Zuhurtziaz bada ere, defentsak itxaropena zuen lehen epaia zuzentzeko balioko zuela, baina 120 orrialdeko epaiak kolpe gogorra eman die gazteei eta euren senideei zein lagunei.
Agintaritzaren kontrako atentatua egitea, desordena publikoa eragitea zein lesioak eragitea egotzita, zigor gogorrak baieztatu ditu: hamahiru urtekoa Oihan Arnanzi; hamabi urtekoa Jokin Unamunori eta Adur Ramirez de Aldari; bederatzi urtekoa Jon Ander Cobi, Aratz Urruzolari eta Julen Goikoetxeari; Iñaki Abadi hamarretik sei urtera murriztu diote; Ainara Urkijori, berriz, bi urtekoa berretsi diote. Era berean, erantzukizun zibilagatik tenienteari 9.200 euroko kalte-ordaina ematera eta sarjentuaren bikotekideari lesioagatik 6.100 euro eta kalte moralagatik 25.000 euro ematera behartzen ditu.
Banan-banan atzera bota ditu defentsak aurkeztutako hemezortzi alegazioetatik hamazazpi. Defentsak delituen aplikazioa auzitan jarri badu ere, «zuzenbidearen araberakoa» dela ebatzi dute apelazio salako hiru magistratuek— Jose Ramon Navarro epaimahaiburuak, Eloy Velascok eta Enrique Lopezek—.
Ekaineko epaian, agintaritzaren aurkako atentatu delituaren barruan larrigarri gisa ezarri zuten ideologiaren diskriminazioa. Alegazioan, defentsak argudiatu du bidegabeki ezarri dietela gazteei: erlijio, sexu edo ideologia arrazoiengatik bereizkeria jasaten duten taldeak babesteko neurri gisa jaso zelako Zigor Kodean, eta babes juridiko berezi horretatik kanpo leudekeelako guardia zibilak.
Apelazio salak larrigarri hori noiz aplika daitekeen zehaztean, Angel Berruetaren hilketaren gaineko Auzitegi Gorenaren 2006ko azaroko epaia aipatzen du: 2003ko martxoan Berrueta erail zuen poliziari arrazoi ideologikoengatik egitea aplikatu nahi izan zion akusazioak, eta, larrigarria noiz ezarri azaltzean, Gorenak ebatzi zuen biktimaren izaerari bainoago erasoaren motibazioari erreparatu behar zitzaiola. Jakina, ordu hartan hiltzaileari larrigarria ez zioten aplikatu, baina apelazio salaren arabera, Altsasuko gazteei «zuzenbidearen arabera» ezarri zaie, guardia zibilak herritik kanporatzeko mugimenduak eta mezuak «diskriminatzaileak» direlako.
Defentsa abokatuek auzitan jarri nahi izan dute auzia ikertu duen Guardia Zibilaren inpartzialtasuna, erasoa jasan zutenak guardia zibilak zirelako, eta egindako ikerketa «kutsatua» dagoelako. Gertaerak Ospa mugimenduarekin lotu nahian, hasieratik ondorioztatutako hipotesi batera iristeko ikerketa bideratu zutela arrazoitzen du defentsak. Hartara, defentsak uste du akusatuak identifikatzeko argazki saioak edo taldeko ezagutze saioak modu irregularrean egin zirela. Halaber, gazteei epaile inpartzialak izateko eskubidea urratu zaiela ulertzen dute, bai instrukzioaneta bai epaiketan: besteak beste, zigor arloko epaimahaiburua, Concepcion Espejel, koronel batekin ezkondua zegoen.
Apelazio salaren arabera, «Guardia Zibilaren erabateko inpartzialtasuna, neutraltasuna eta legediaren araberako jardunbidea ezin dira zalantzan jarri», ezta epaitegien inpartzialtasuna ere. Haren ustez, Foruzaingoak eta Guardia Zibilak ikerketa bera hartzea «bateragarria» da ohiko jarduerarekin, baina Foruzaingoak ez du terrorismo delituak ikertzeko eskumenik, eta, Guardia Zibilak hasieran zantzu hori hartu zionez, hari ikertzea zegokiola ondorioztatzen du. Modu berean, Apelazio salaren arabera, kolpatuak guardia zibilak izateak «ez du esan nahi Guardia Zibilak, erakunde gisa, auzi orokorra duenik gazteen aurka», eta, horregatik, Espejelek kolpatutako guardia zibilak ezagutzen ez zituen heinean, koronel batekin ezkonduta izateak ez du eraginik bere inpartzialtasunean.
Sinesgarritasuna, poliziei
Apirilean egin zen auzi saioan, 2016ko gertaeren inguruko bi bertsio jarri ziren, aurrez aurre: bi guardia zibilena zein euren bikotekideena eta Altsasuko gazteena zein defentsak deitutako lekukoena. Ekaineko epaiak sinesgarritasun osoa eman zien guardia zibilei, eta atzoko epaiak bere egin du tesi hori: «Akusatuen eta haien lekukoen testigantzak ez daude biktimek egindako kontakizun irmoaren gainetik». Euren hitza istiluen ostean bertaratu ziren foruzainen eta Paulette Bergara lekukoaren testigantzarekin bateragarri dela deritzo —Bergarak akusatuen alde esandakoa, aldiz, ez du kontuan hartu—.
Hartara, guardia zibilen zein bikotekideen hitzetan oinarrituta, apelazio salak egiaztatutzat jotzen du Koxka tabernaren barruan zirela gau hartan Oihan Arnanz, Jokin Unamuno, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea eta Adur Ramirez de Alda; baita «kolpeak, ukabilkadak eta ostikadak» jo zituztela ere. Koxka kanpoaldean, Arnanzek, Ramirez de Aldak eta Aratz Urrizolak kolpeak jo zituztela gaineratu du. Iñaki Abadek istilu ostean grabatutako bideoari ez dio garrantzirik eman, «ezin baitzaio eman bilatu nahi den eraginkortasun guztia». Auzitegiaren arabera, irudiek ezin dute islatu «sarjentuaren benetako egoera».
Hala ere, defentsaren arabera, lesioak ez datoz bat guardia zibilek eta bikotekideek kontatutakoindarkeriarekin. Tenientearen orkatilaren haustura kenduta, gainerako hiru kasuetan lesio delitua beheratu beharko litzatekeela dio. Aldiz, apelazio salak ondorioztatu du laurek, medikuaren tratamendua behar izan zutenez, lesioak jasan zituztela. Sinesgarritasun handiagoa eman diete auzitegi medikuei defentsak auzi saioan azaldutako medikuei baino —azken horiek auzitan jarri zuten kolpatuen kontakizuna—.
Fiskala berriro saiatu da gazteei terrorismoa eta, gero, desordena publiko terroristak egozten, baina apelazio salak atzera bota ditu. Bigarren kasuan, nahikoa da «talde terrorista baten babesarekin edo babespean» jardutea, baina auzitegiak beharrezkotzat jo du erakunde kriminal bat izatea; 2016rako, liskarra gertatu zenerako, ETAk indarkeria utzia zuen.
Altsasuko auzia. Apelazio aretoaren epaia
Zigorra ia osorik berretsi du
Iñaki Abadi hamarretik sei urtera murriztu dio espetxe zigorra, baina Auzitegi Nazionaleko apelazio salak bere egin du ekaineko epaia, delituak «zuzenbidearen araberakoak» direla ebatzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu