Alarde parekidea berriz antolatu dute udalaren erantzunik jaso gabe

Antolaketa bere gain har dezala eskatu zioten orain hilabete batzuk Irungo Udalari; ez du erantzun. Instituzioaren esku hartzea ezinbesteko urratsa dela gogorarazi dute hautu parekidearen aldekoek

Ibai Segurola kapitaina, Inma Landa jeneral ohia, Tina Gasmi kantinera, Patxi Perez alardeko juntako kidea eta Maite Bergara jenerala, lehengo astean, Irunen. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
Irun
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Ez da lehenbiziko aldia. Aurrez ere eskatu izan diote Irunen alarde parekidea antolatzen duten andre eta gizonek Irungo Udalari(Gipuzkoa) desfilearen antolaketa bere gain hartzeko. Apirilean Irungo Alarde Parekidearen Juntak berriz ohar bat atera zuen eske hori bera eginez, desfile parekidearen antolaketaz arduratzea udalaren «betebehar moral eta politikoa» dela adierazi zuen, baina hemen da berriz San Martzial eguna —ostegun honetan da; orduan izaten da alardea, jaietako ekitaldi nagusia—, eta udalaren erantzunik jaso gabe ari dira berriz alarde parekidea antolatzen. Jose Antonio Santano da Irungo alkatea 2002tik; PSE-EEkoa da.

Ez da deus berria. 1996an aldarri parekidea piztu zenetik urrun izan dute gehienetan instituzioa eta, aldiz, haren babes keinuak izan dira ia beti andrazkoak alardean baztertzen dituen desfilearen alde. COVID-19aren izurriaren ondorioz bi urteko etena izan ostean oraindik egoera horretan egotea etsigarritzat daukate alarde parekidearen antolatzaileek. Entsegu batean solastatu da BERRIA haiekin. Maite Bergara alarde parekideko jeneralaren solasa irmoa da: «2022. urtean haserregarria eta iraingarria da egoera hau. Urratsa egin behar dute, ezin dute beste aldera begira jarraitu».

Auzia bideratze aldera «udalaren» esku hartzea ezinbestekoa dela argi du jeneralak: «Hau ez da bukatuko egun batetik bestera denok elkar asko maiteko dugulako: bukatuko da norbaitek hau bideratzen lagundu duelako». Gogora ekarri du, gainera, hamarraldi askotako usadioa zela udalak berak alardea antolatzea. Alarderik gabeko bi urteotan, hala ere, ez da ia ezertxo ere mugitu hirian. Elkarrekin Podemos eta EH Bilduren babesa izaten jarraitu dute alarde parekidearen antolatzaileek, baina alkatetzarekin ia ez dute harremanik izan. 2020. urtearen amaiera aldera alkatearekin bilera bat izan zutela adierazi du Inma Landa jeneral ohiak. «Galdetu zigun guk zer nahi dugun». Erantzuna argia izan zen, usu aldarrikatua: «Alarde parekide bat, udalak antolatua». Alderdien mahai bat eratu zen ondoren auziaz aritzeko, baina ez dute deus jakin ordutik.

«Keinuez» harago

Alkateari hainbat forotatik eskatu zaizkio alarde parekidearen aldeko keinu «sinbolikoak» ere. Esaterako, beti egin izan dio harrera udaletxeko balkoian alarde baztertzaileari; inoiz ez parekideari. Irungo Alarde Parekideko Juntako kidea da Patxi Perez. Alkatea aurten balkoira haiei oles egitera ateratze hutsarekin deus ez dela konponduko argi du: horrekin ezin dute konformatu. «Keinuak garrantzitsuak dira, baina orain ja, keinuez harago, ekintzak behar ditugu, eta bide orri bat, ikusteko zer urrats egiten diren, urtez urte, hau bideratzeko. Keinuak? Aspaldi eginda behar lukete horiek».

Ama Xantalen konpainiako kapitaina da Ibai Segurola. Jaiak ulertzeko era bi daudela dioen mezua, udalaren partetik eta alarde baztertzailearen aldekoen partetik behin eta berriz errepikatua, guztiz arbuiatu behar dela esan du: «Eta alarde bien aurrean jarrera bera duela erakustea ere motza da dagoeneko. Bi desfileen aurrean jarrera berdintzearekin ez da aski, gauzak ondo egiten hasteko garaia da, eta hau konpontzen hastekoa. Eta, horretarako, udalak alardea antolatu behar du aurretik hamarnaka urtetan egin izan zuen gisan. Eta alarde hori bakarrik jo dezake udalak beretzat. Beste alardea? Iraungo du iraungo duena, baina udalak ezin du beretzat jo alarde hori».

Inma Landak usu ikusi zuen irudia jeneral izan zen urteetan; San Juan plazan zaldi gainean sartu, festaren unerik sentituenetako batean, eta alkaterik ez zuen ikusi inoiz balkoian. Emakundeko zuzendaria ikusi izan zuen, EAEko Arartekoaren ordezkaritza bat, eta beste hainbat instituziotako ordezkariak; alkaterik, inoiz ez. «Orain agertzea keinu bat litzateke. Baina horrek ez du aldatuko gure etorkizuna».

Kezka bat ere badu: balkoian agertzen bada, hurrengo egunean erabil daiteke irudi hori udalaren jarrera zuritzeko. «Zenbait hedabidetan eguneko argazkia izango da: 'Bagoaz normaltasunera...'. Baina alkateak guri harrera egiten badigu, keinu txiki bat besterik ez da izango hori, baldin etahorren inguruan ez badaude beste pauso batzuk edo beste adierazpen publiko batzuk...». Ernegatuta irakurri du, esaterako, alkateak jaien hasieraren harira atera duen bandoa. «Gure jaiak bizi eta ulertzeko askotariko moduak daude», esan du: «Iritzi guztiak errespetatu behar dira». Haserre irakurri du Bergarak ere: «Adierazi nahi dute bizikidetza arazo bat dela hau. Eta ez: ez da horrela. Diskriminazio arazo bat da, eta bizikidetza arazo bat sortzen du. Jakina, baztertzen banaute, protesta egingo dut».

Entsegu oso jendetsuak

Tina Gasmi kantinera aterako da aurten alarde parekidean, Anaka konpainian. «Oso harro». Udalaren esku hartzea ezinbestekotzat du berak ere. «Jaiak ezin dira atera hiriko berdintasun politiketatik». Argi du helburua: «Alarde bakar bat egin beharko litzateke, parekidea». Hirian handia da oraindik alarde baztertzailearen aldeko babesa, etxean ikusi du, lagunartean: «Nire familia, nire kuadrilla, betikoak izan dira [alarde baztertzailearen aldekoak]. Aurten ideologiak aldatzea lortu dugu; oso pozik nago». Eta arazoaren funtsa biluztera egin behar dela uste du, muinean dagoen galdera ozentzera: «Hemengoak gara, Irungo emakumeak gara, eta alardean atera nahi dugu. Zergatik ez dugu, ba, ateratzeko eskubiderik izango?». Mezu horiek herritarren artean zabaltzeko oraindik «zailtasunak» badirela onartu du, eta horregatik dela ezinbestekoa udalaren eskua hartzea; «bandera feminista» beti soinean eraman behar gogoratu du, komenentzien arabera ezin dela erantzi.

Irrikaz espero dute osteguna. Perez: «Jendetza bildu da entseguetan. Jendea gogotsu dago, ilusio handiarekin. Ikaragarria izango dela iruditzen zaigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.