Oinazea hileroko konpasean

Emakumezkoen bizitzako hamarraldi asko zedarritzen ditu hilekoak; sarri, minak jota. Abortuaren arautzea berritzeko Espainian egin duten testuaren harira, lehen lerroan da gaia

BERRIA.
arantxa iraola
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Ez da albisteen lehen lerroan orain arte inoiz egon, baina hilekoak, eta usu eragiten duen minak, eragina beti izan du andreen bizitzan; lehen hilekotik hura desagertzen den arte, hiru-lau hamarralditan. Goiburu motibo da orain, Espainiako Gobernuak abortuaren arautzea berritzeko ondu duen legearen aurreproiektuan atea ireki zaielako menstruazioan min handiak izaten dituzten andreentzako bajei, lehen egunetik pagatuta. Horiek horrela, garrantzitsua da min horri buruzko hainbat jakingarri aletzea. Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) ginekologoa da Elena Urkijo, propio endometriosia eta hileko minberak eragiten dituzten beste hainbat patologia tratatzeko antolatuta duten unitateko kidea. Doi aritu da.

Zuztarretik gauzak azaltzeko, ezinbestekoa da aurrena hilekoa bera definitzea. Horra Urkijoren hitzetan: «Endometrioaren ezkatatze bat da; hilero gertatu ohi da haurrak izateko adinean dauden andreetan, baldin haurdunaldia gertatu ez bada. Endometrioa enbrioi bat hartzeko prestatu da, baina haurdunaldirik ez dago, eta deskamatu egiten da». Odola galtzen da orduan. Definizioan hitz bat agertu da kontzeptuak doi argitzen jarraitzeko zer den azaltzea komeni dena: endometrioa. «Ehun endometriala uteroko geruzarik sakonena da; hortxe egiten du habia enbrioiak». Oinaze kausa handia izaten da endometriosia; hilekoak eragindako oinazea ulertzeko hitz gakoetako bat da, beraz.

Normala al da hilekoetan mina izatea?

«Oso ohikoa da», azaldu du Urkijok. «Umeak izateko adinean dauden emakumeen erdiek baino gehiagok izango dute uneren batean hilekoak eragindako mina. Normala ez dena zera da: oinaze horren ondorioz lanerako gai ez izatea, edo bizimodua ohi bezala egin ezin izatea». Sarritan, ez dago inolako patologiarik oinazearen atzean. Izena du hilekoak eragindako oinazeak: dismenorrea. «Normalean sabelaldean eta obulutegiak dauden inguruan sentitzen da; irrada daiteke zenbaitetan zangoetara eta gerri aldera ere». Menstruazioak eragindako bestelako sintomak ere sentitzen dituzte andre askok: «Neke handia eta suminkortasuna, adibidez; baina horiek ez dira dismenorrea». Mina arina denean, botika antiinflamatorioekin-eta kendu egiten da maiz.

Zergatik sentitzen da mina?

«Jakina da hilekoan prostagladinen eta beste substantzia batzuen jariatzea egoten dela; horrek andrazko batzuetan mina eragiten du. Ez guztietan, ordea», azaldu du Urkijok. Badira oraindik dudak, beraz, minaren kausa argitze aldera. Jakina da, bestalde, oinazearen motiboa sarri patologia jakin batzuk izaten direla; kasu horietan, arazo horiei begiratu behar izaten zaie, propio. Atzean patologia bat egoteak ez du esan nahi, hala ere, beti mina askoz ere handiagoa denik, eta botikekin-eta eraginkorki tratatu ezin denik. «Aldagai asko daude tartean, eta pertsona bakoitzaren araberakoa izaten da: andre bakoitzari gertatzen zaionari eta botiken aurrean duen erantzunari erreparatu behar zaio, kasuan-kasuan», azaldu du ginekologoak. Endometriosia duten andreak artatzen, esaterako, harritzeko moduko kasuak ikusi izan dituela onartu du. «Bada jendea, esaterako, endometriosi oso aurreratua duena, eta ez duena ia oinazerik; beste batzuek erasan oso txikia dute, eta oinazea, berriz, oso handia». Emakume bakoitzak zer «minaren atalase» duen ere kontuan hartu behar dela nabarmendu du; ez dira erraz neurtzen halakoak.

Mina noiz da kezkarako motiboa?

«Andre batek hileko min bat oinazearen kontrako botikekin kontrolatu ezin duenean, eta eguneroko bizitza aldarazi beharra ekartzen dionean, galdera egin behar du; agian ez du ezer izango, baina zer gertatzen den ikusi behar da», erantzun du Urkijok. Osasun publikoko sarean, lehen mailako arretako medikuaren atea jo behar da aurrena, hark pazientea ginekologoarena bidera dezan. «Espezialistok baztertu egin beharko dugu atzean patologiaren bat dagoen: miomak, uteroaren malformazioaren bat edota atxikidura motaren bat». Arazoa «endometriosiak eragindakoa» izan daitekeen ere ikertu behar da.

Zer da endometriosia?

Agertu da hitza: endometriosia. Hilekoak eragindako oinaze handiekin lotzen da patologia hori. Zer den azaldu du Urkijok: «Ehun endometriala uterotik kanpo dagoenean hitz egiten dugu endometriosiaz». Zerk eragiten duen ez dakite. Zer den, bai: «Gaitz kroniko bat da, onbera». Zer pairamendu dakarren ere bai: «Eritasuna duten andreen %90ek oinazea izaten dute; %10 bakarrik izaten dira asintomatikoak». Oinazea latza izaten da sarritan. «Emakumeok min handia izan dezakete», onartu du Urkijok. «Eta ez hilekoarekin bakarrik; baita ere sexu harremanak izateko orduan, kaka edo pixa egitera doazenean, edo, besterik gabe, obulatzerakoan. Andre horiek oso gaizki egon daitezke». Minaz gain, bestelako arazo batzuk ere izaten dituzte endometriosia dutenek sarritan: «Ugalkortasun arazoak ere izaten dituzte, adibidez». Diagnostiko goiztiarrak gaitzaren garapena moteldu dezake. «Ez dugu beti lortzen, baina, dudarik gabe, gero eta lehenago jakin, hobeto izaten da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.