Dudan egon da. Dudan, zer gertatzen ari zaion kontatu edo ez; dudan, elkarrizketa eskariari baietz esan edo ez. Baina urratsa egin du. «Nahikoa da: kontatu egin behar dugu zer ari den gertatzen. Proba egin genuen ez kontatuta, eta ezer gutxi aurreratu genuen». Ekainean isilik geratu zen: hiru aldiz sartu zitzaizkion bulegora, eta mezu faxistak utzi zizkioten. Ez ziren mezu hutsalak: «Barneko mezu bat zegoen: sartu eta atera egin zitezkeela nahi dutenean». Berriro gertatu da orain: CD bat iritsi da departamentura —zuzenean utzi dute, ez posta bidez bidali—, eduki pornografikoarekin. Skolae hezkidetza programarekin lotua dago. Egun txarrak pasatzen ari da Maria Solana, Nafarroako Hezkuntza kontseilari eta gobernuko bozeramailea (Iruñea, 1975). «Hala esan dit batek: 'Maria, lasaitu'. Baina lasaitzen banaiz, jan egingo naute. Sentsazio hori dut».
Urduri dabil, nahiz eta zer moduz dagoen galdetzean «ongi» erantzun duen irribarre txiki batekin: «Ongi». Baina ez. «Nahi edo ez, nerbiosotu egiten zara: haserrea, amorrua... Inpotentzia ere bai, ezin zarelako ibili denei erantzuten». Zurrunbilo handia sortu da Skolaeren jiran: umeak sexu jolasetara bultzatzen ari direla, «doktrinatu» egin nahi dituztela... Gogor ari dira. «Edonola esaten direlarik gauzak, manipulatzen denean, kakazten denean... Nik asko sufritzen dut horrekin».
Denbora zeramaten presioa jasaten. «Hazte Oir taldearen mezuak, deiak, Change.org-n eskariak... Baina hau beste gauza bat da». Marra gainditu baitute orain.
Zer gertatu zen ekainean?
Hiru aldiz sartu ziren gure kabinetean. Itxita egoten da. Hiru astelehenetan, behar ez diren gauzak topatu genituen bulegoetan: txapa bat lehenik, giltzatako bat ondoren, mezuak zituen bandera bat... Ez dut detaile askorik eman nahi. Ikertzen ari dira. Mezuak lekuz kanpokoak ziren, baina, hortik harago, esan nahi zuen bazela norbait nahi bezala ibiltzen zena departamentuan, mezuak utziz. Eta horrekin zer esan nahi zigun. Bizkartzaina daramat harrezkero.
[Bi. Bi bizkartzainekin azaldu da hitzordura, Sarasate pasealekura. Beste garai bateko irudia dirudi. Tabernan sartu dira Solanarekin, eta atarian geratu dira gero.]
Nola daramazu?
Ekainean pasatu nuen trantzea. Ohitu naiz: bai ni, bai etxekoak. Umeek ez dute ulertzen —7 eta 5 urte dituzte—, baina gutxi ulertzen dute nire lanaz oro har. Dena zaku berean doa haientzat. Bizkartzainak goizean zain egoten dira etxean, eta laguntzen naute umeekin eskolara, departamentura, parlamentura, bisitetara... Nirekin egoten dira asteburuetan ere.
Kalean izan duzu arazorik?
Ez. Normalean, zoriontzeko geratzen naute, edo esateko ez dakit zer eskolatan zer afera duten. Tabernan jakiten ditut gauza asko. Ez dut aukera galtzen orain ere.
[Arazorik ez du izan, baina aitortu du esamesak entzun dituela. «Bada kritikatu nauenik: behar baino gastu handiagoa egiten ari naizela administrazioari». Udan izan zen: polizia babesarekin zebilen ordurako, nahiz eta horren berri eman gabe zegoen. «Igerilekura nindoala, norbaitek ikusi zituen foruzainak, eta badakit hori esaten aritu zela». Isilik jarraitu zuen, «hau ekiditeko». Baina azken tanta izan zen joan den astekoa, hitz egitera bultzatu duena: saileko berdintasun teknikariak, Skolaeren arduradunak, jasotako eskutitza. Eduki pornografikoak zeuzkan. Eskola baten izenean iritsi zen sailera, baina faltsutua zegoen bidaltzailea: ez zuten handik bidali, eta ez zen posta bidez iritsi. Norbaitek zuzenean eraman zuen.]
Nola daramate hau langileek?
Ekainean, tira: ikasturte amaiera zen, sanferminak gertu... Nahiz eta ikertzaileak bulegoan ibili ziren, oharkabeagoan pasatu zen. Orain kezka handiagoa daukat, batez ere berdintasun arloko langileekin. Ez da bidezkoa: aholkulariak dira, teknikariak, eta fundamentuz ari dira lanean. Eta hau jasan behar izatea ez da posible. Ez dut hori onartzen ahal.
[Presioa jasaten ari dira Skolaerekin ari diren langileak. «Sorgin ehiza», Solanaren esanetan. Parlamentuan izango da gaur, azalpenak ematen. Informazio gehiago eskatu diote UPNk eta PPk: profesional bakoitzaren izen-abizenak, ikasketak eta jardun esparrua.]
Harritu zaituzte Skolaeren edukiek? Zabaldu dutena —sexu jolasetara bultzatzen dituztela, adibidez— manipulazioa da dena?
Aitortu behar dut harritu naizela. Harritu, onerako. Kontatua zidatena baino hobea dela. Ez dugu kezkatzeko moduko ezer aurkitu. Harritu gaitu nolako potentzialitatea duen. Esperientzia bera bakarrik oso ona izan daiteke; igual ez dira lortzen ahal aurreikusitako irakaspen guztiak, baina seguru aurrerapausoa emango dutela.
Baduzu kezka Nafarroako eskoletan nolako hezkidetza eredua emango ote duten gaur egun?
Ez da ematen: ez dago hezkidetza sistematizaturik, ordenaturik, irakastaldi guztiei zuzendutakorik. Ez da berdintasunean hezten. Batzuek proiektu zehatz batzuk dituzte, berdintasunean ikastaroak egindako irakasleak, edo bizitza osoa feminismoan daramatenak eta adituak direnak. Baina boluntarismoaz ari gara. Orain arte hori izan dugu. Diagnostiko sakona egin zen. Onartu behar da egoera.
Eskoletan zer giro nabari duzu? Aurkakotasuna sumatzen da?
Bazen giro lasaia eta ona: guraso gehienak Skolaeren alde agertu ziren. Baina nola ez den gelditzen Skolaeren aldeko guda santu hau, gero eta zarata gehiago dago, zurrumurru gehiago: «Hainbeste esan eta salatu, igual arrazoi izanen dute». Badira hasieratik atzerago ibilitako irakasleak, gogo gutxirekin hartu zutenak: «Ez datorkit ongi... Hobe datorren urterako uztea...». Esan genuen hiru urtean nahi genituela eskola guztiak sartu. Ez da malgutasun gutxi.
Eusten diozu hiru urteko horri?
Bai. Argi dugu eskola guztiek hezkidetza eman behar dutela: hezkuntza sistema osoan ezarri behar da. Eta ez guk erabakita: legeak dio. Arduraz jokatu dugu, eta behingoz urratsa egin legeek diotena eskolara ekartzeko. Legea denentzat da: denek egin behar dute.
Eta egiten ez badute?
Egin behar dute. Ez badute egiten, ikusiko dugu. Gure ardura da hori kontrolatzea, eta ikuskaritza zerbitzuaren bitartez egin behar da: Hezkuntza Departamentuari dagokio kontrolatzea ea eskola guztietan behar bezala hezten den berdintasunean, baliatutako materialak egokiak ote diren, eta irakasleek behar bezalako formakuntza duten. Beste gauzekin bezala.
[Ikastetxe batzuekin arazoak dituzte. Publikoekin ere bai, Solanak aitortu duenez. Irmo erantzun du: «Publikoko patronala gobernua da: berdin egiten dugu gainerako gauzetan. Kasu honetan, ez?». Gutxiengoa direla dio.]
Zer diote Skolae jarri nahi ez duten irakasleek? Zer argudio?
Gaizki-ulertuak sortu direla aprobetxatu dute: «Behin kontseilariak esan zuen... behin presidenteak esan zuen... ez omen dela derrigorrezkoa». Ea: idatzita dago, emanak daude jarraibideak, bilerak eginak. Hamaika aukera izan dute galdetzeko. Derrigorra da formakuntza, beste arlo batzuetan bezala. Besteetan inork ez du eragozpenik jartzen, baina hau «ez datorkit ondo». Ezin da onartu. Eskolaz kanpoko arrazoiak dituzte.
[Tafallako kasu bat ekarri du gogora. Irakasle bat kanporatu zuten aurreko ikasturtean, eskolan komentario homofoboak egiten zituelako. Elizako sektore baten inguruko maistra bat zen.]
Pentsatu duzu gotzainarekin hitz egitea? Nabarmena da Elizak baduela zerikusia honetan...
Pentsatzen ari naiz zer egin. Bada esaten didanik hitz egiteko, baina ez daukat argi. Gurekin ez dira harremanetan jarri, nahiz eta, antza denez, kezkatuak dauden. Ikusita zenbait apezek zer egin duten, badute kezka. Skolae ez den zerbait ari dira erabiltzen, erabat manipulatua. Kontakizun oso bat asmatu dute. Dioten hori ez da Skolae.
[Mugimenduak egin ditu Elizak. Hitzaldiak ematen hasi da: artzapezpikutzak hilaren 10ean antolatu zuen saio bat genero ideologia kontzeptuaz, eta Skolaeren aurkako ekitaldi bilakatu zen, hedabide ultrakatolikoek jaso dutenez. Hainbat apaiz ere ari dira. «Ez dakit arduraz jokatzea den hori», ohartarazi du Solanak. Bizikidetzarekin lotu du: «Aztertu beharko litzateke amorru, gorroto, sumin honek zer eragin duen. Ikusi dugu gauza asko daudela konpontzeko: urrun gaude errespetua eta tolerantzia adieraztetik eta jorratzetik». Eta oposizioari begiratu dio: «Egiten diren gauzek ondorioak dituzte. Pixka bat jaitsiko bagenu tonua denok...».]
Babes mezu asko jaso dituzu. Oposiziotik ere bai?
Maila pertsonalean, batek helarazi dit elkartasuna: Alberto Catalanek [UPN]. Beste inork ez.
Eta hau dena azaroaren 25aren bueltan.
Hedabideetan ikusi ditugu datu oso kezkagarriak. Eta? Horrekin aski? Denon ardura da. Igandean kalean egon nintzen, manifestazioan, eta jendeak eskatzen du. Leloetako bat hau izan zen: Bortxaketa gutxiago, Skolae gehiago.
[Euskaraldia ere bada, eta ahobizi txaparekin dabil Solana. Horri buruz galdetuta, alderaketa egin du: «Berdintasunarekin bezala gertatzen da euskararekin. Amets Arzallus entzun nuen aurrekoan: euskara erdigunera ekarri arte denok gaudela alde, baina erdigunera ekartzean hasten direla arazoak. Gauza bat dela euskararen alde egotea, eta beste bat, politikak egitea». Hori ikusten du Skolaeren auziaren oinarrian: «Denok gaude berdintasunaren alde, bortizkeriaren aurka, baina benetako aurrerapausoa eman behar denean, praktikara igaro behar denean, ez dago adostasunik».]
Maria Solana. Nafarroako Hezkuntza kontseilaria
«Nahikoa da»
Jazarpena jasaten ari da, eta babespean jarri du Foruzaingoak. Bizkartzainekin dabil Solana kontseilaria. Skolae hezkidetza plana irmo defenditu du: «denen ardura» dela ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu