Uholdea Libian

Beste krisi bat eragozteko premia

'Daniel' ekaitzak milaka lagun hil ostean, Libiako Derna hirian ia galdua da inor bizirik topatzeko itxaropena. Erreskate lanetan izan diren Accion Norteko kideek azaldu dutenez, epidemiarik ez sortzea dute orain lehentasuna.

Gizon bat errezatzen, erreskate talde baten ondoan, Libiako Derna hirian. STRINGER / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Beste krisi humanitario baten mehatxupean dago Libiako Derna hiria, hilaren 10ean Mediterraneo kostaldeko hiri hura Daniel ekaitzak jo zuenetik. Uholdeen ondorioz, 10.000 lagun baino gehiago daude desagertuta, eta 3.300 herritar baino gehiagoren gorpuak erreskatatu dituzte orain arte, Libia ekialdeko gobernuaren datuen arabera. Milaka gorpu horiek epidemiarik ez eragitea da orain erronkarik premiazkoena.

Ikusi gehiago:Zatiketa amaitzeko deia

«Erreskate lanak amaituta, orain beste behar batzuk daude. Makineria sartzen hasi dira suntsitutako eraikinak apurtzeko, ea han harrapatuta dauden gorpuak ateratzen dituzten». Roberto Ogeta Gasteizko Udaleko suhiltzaileak Libiatik itzuli berri adierazi duenez, garrantzi handia du gorpu horiek lehenbailehen ateratzeak, epidemiarik ez izateko. «Ur putzuak sortu dira sotoetan eta halakoetan, eta halakoak oso azkar kutsatzen dira».

Ogeta Accion Norte elkarteko kidea da, eta Libiara iritsi zen hilaren 13an, erakunde horretako beste bederatzi kiderekin batera —guztiak Gasteizko Udaleko suhiltzaileak—. «Ezin izan dugu inor bizirik topatu». Azaldu duenez, suntsitutako eraikinetan hondakinen artean sortzen diren tarteak, lurrikaretan bizirauteko aukera eman dezaketenak, Libian ez dira nahikoa izan. «Bizirauteko eremuak urez estalita egon dira, eta lohiz beteta gelditu dira».


Accion Nortekoekin batera aritu dira Italiako eta Turkiako erreskate talde batzuk lanean. «Haiek ere ez dute inor bizirik topatu. Jendea itsasoan dago, edo bizpahiru metroko lohi geruza baten azpian lurperatuta».

Derna ur jario erraldoi batek zeharkatu zuen hilaren 10ean. Ekaitzak botatako euri jasari ezin eutsita, urtegi bat lehertu zen, eta hark askatutako urak beste urtegi bat apurtu zuen segidan. Derna ibaiak lau solairuko altuera hartu zuen bere ibarretik kanpo, eta ur mailak altuera horretan jarraitu zuen 40 minutu inguruan, hiriko biztanleek Accion Norteko suhiltzaileei azaldu dietenez.

«Altuera horretatik behera gelditu zirenak —eta asko urak suntsitutako eraikinen hondakin artera erori ziren— itota hil ziren», Juan Carlos Delgado Accion Norteko presidentearen esanetan. «Itsasoa, ibaiaren bokalean, gorpuz beteta zegoen: pertsonen gorpuak eta animalienak; auto birrinduak ikusten ziren, urak ehunka metro arrastaka eramandakoak. Irudi kaotiko bat». Ogetak ere urak hartu zuen indarra nabarmendu du. «Merkantzia itsasontzietako edukiontziak agertu dira eraikinetako teilatuetan». Urak auzo osoak, zubiak eta errepide zatiak eraman zituen itsasoraino.

Accion Nortekoek badute eskarmentua nazioarteko laguntzan. Turkian izan ziren joan den otsailean, lurrikararen harira; Amazoniako sute batzuei aurre egiten izan ziren 2019an, Bolivian; erreskaterako trebakuntza saioak eskaini dituzte Nikaraguan; Mendebaldeko Saharan ere egonak dira hango suhiltzaileei laguntzen; eta, Libiara joan baino egun batzuk lehenago, Marokora joateko prestatu ziren, hilaren 8an gertatu zen lurrikararengatik, baina azkenean ez ziren joan, hango agintariek «berandu» bidali zutelako nazioarteko laguntza eskaria.

Erantzukizun eske

Dernako herritarrek haserrea adierazi dute egunotan, hondamendia agintari politikoen utzikeriaren ondorio ere badela iritzita. Ikerketa bat egiteko exijitu dute, eta uholdeak eragin duen suntsiketaren erantzukizunen bat dutenek kontu emateko. Herenegun, milaka lagun irten ziren kalera protesta egitera, eta, manifestazioen hondarrean, talde batek su eman zion duela egun gutxi arte hiriko alkate izan denaren etxeari —Libia ekialdeko gobernuak kargugabetu egin du, krisiaren ostean—. Protestak piztu ostean, gobernuak hiritik kanporatu ditu kazetariak.

Fikaltzak agindu du ikerketa bat abiatuko duela lehertu diren urtegien mantentze lanen gainean. Horretarako onartu ziren funtsak nola erabili diren aztertuko du, besteak beste.

Dernako uholdea klima larrialdiarekin lotuta dagoela ondorioztatu du, bestalde, World Weather Attribution erakundeak, zeinak helburu baitu Lurra berotzearen eragina neurtzea. Argitaratu duen ikerketa baten arabera, industriaurreko garaiaren aldean planeta 1,2 gradu berotu izanak 50 bider gertagarriagoa egin du Daniel ekaitzaren gisakoak sortzea Libian. Ikerketak nabarmendu du, era berean, herritarren egoera zaurgarria faktore garrantzitsua izan dela ekaitzak Dernan eragin dituen kalteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.