Hondarribiko alardea

Jaizkibelen aldeko «keinuek» egingo dute berezia bihar alardea

Keinu zenbait ja agerikoak dira: jai egitarauan lehen aldiz izan du presentzia konpainia parekideak, eta aurten Berdintasun Hiria saria emateko ekitaldian alkatea izan da. Bihar gehiago espero dira

Jaizkibel konpainiaren lehen entsegua, joan den ostiralean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
arantxa iraola
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Motela eta oztopoz betea izan da Irunen eta Hondarribian (Gipuzkoa) alarde parekideen alde dauden gizonek eta emakumeek egin behar izan duten bidea. Aurrera urrats bakoitza, ttipiena ere, lorpen handi bat izan da, eta aldeko keinu apalenek ere esanahi aski berezia izan dute. Bihar berriro berrituko dute usadioa Hondarribian: alarde eguna da. Urteroko moduan, han izango dira Jaizkibel konpainiako kideak: alardea abiatu aurretik desfilatuko dute, ohiko eran, andreak ere onartuko dituen alarde baten aldeko aldarria ozentzeko era horixe den konbentzimenduarekin berriro. 08:00ak jota abiatuko dira. Eta inoizko babesik handiena jasoko dutela espero da. Izan dira dagoeneko herrian Jaizkibelen alde inoiz ikusi gabeko «keinuak», eta gehiago ere espero dira bihar.

Ikusi gehiago:Nora Ferreira (Jaizkibeleko kapitaina): «Ezin da onartu oraindik ere jai baztertzaile bat egitea herrian»

Maiatzean udal hauteskundeak izan ziren, eta ezusteko aldaketa izan zen Hondarribian: hamarraldiak zeramatzan EAJk alkatetzan, baina Abotsanitz plataformak irabazi zituen bozak, eta harena da orain alkatetza. Hasieratik argi ikusi zen horrek aldaketak eragingo zituela alardearen auzian ere. Jeltzaleek beti hautu parekideari bizkarra emanda jardun dute, hartu-emanik ia ez dute inoiz izan Jaizkibelekin, harrerarik ere ez diote inoiz egin, eta alarde baztertzaileari atxikimendua erakusteko keinuak, aldiz, beti izan dira ugariak.

Alkate izango zela jakin orduko Igor Enparanek argi utzi zuen Abotsanitzek alardearen auzian bestelako jarrera bat dakarrela. «Guk sinesten dugu alarde publiko eta bakar batean», adierazi zuen. Eta parekidea? «Guri hala gustatuko litzaiguke», erantzun zuen. Prozesua ez zela egun batetik besterakoa izango iragarri zuen, ordea. «Aurtengo alardean nekez ikusi ahal izango den aldaketa handirik». Eta, orain, jaien atarian egindako adierazpenetan, iragarri du «keinuen» urtea izango dela aurtengoa.

Eta ikusi dira, inoiz aurrez ikusi gabeko era garden batean, Jaizkibelen aldeko hainbat «keinu» jada herrian. Esaterako, jai egitarauan orain arte Jaizkibelen aldeko keinurik ez zen izaten batere: aurten badira. Berdintasun Hiria saria ematen du urtero Jaizkibelek, parekidetasunaren aldeko talde eta egitasmoak goraipatzeko izaten da, eta aurrez lehenengo aldiz izan da ekitaldi horretan herriko alkatea. Jaizkibelek aurten entseguak ere egin ahal izan ditu, adibidez, udalak emandako baimenekin, eta alarde egunean Guadalupen egiten duten mezarako toki bat gordeko diete udal ordezkariek; orain arte ez zuten horrelakorik. Aldaketak dira, txikiak akaso auziaren konplexutasuna behar bezala ulertzen ez bada, baina urte askotan zeinen gotortuta egon den ikusita, aintzat hartzekoak.

Harrera diferentea

Bihar ere ikusiko dira aurrez inoiz egin gabeko «keinuak». Gipuzkoako Foru Aldundiak, esaterako, jakinarazi du Eider Mendoza ahaldun nagusia bi desfileei harrera egingo diela. Azken urteetan, herritar gisara joan da biak ikustera, eta, aurten, ahaldun nagusi gisa joango da. Irudi indartsua izango da: deigarria. Edonola ere, ez da lehen aldia izango aldundiak ofizialki Jaizkibeli harrera egiten diona: Bildu Gipuzkoako Diputazioan izan zenean (2011tik 2015era), urtero joan zen Martin Garitano ahaldun nagusia konpainia parekidea babestera, gobernu ordezkaritza zabal batekin; desfile baztertzailea, ordea, ez zuten ikusten. EAJ eta PSE aldundira itzuli zirenean, ordezkaritza bidaltzeari utzi zioten.

Bi desfileei harrera egitekoa da Enparan Hondarribiko alkatea ere; urteetan, EAJko alkateek desfile baztertzaileari baino ez diote txalo egin, baina, aurten, aldaketa ekarri du Abotsanitz taldearen udal gobernuak: Jaizkibeli zein alardeari egingo diete harrera, aurrez oposizioan zeudenean egin izan zuten eran. Udalbatzako gainerako zinegotziei ere eskatu die bi hautuei txalo egiteko. Ezezkoa erantzun dute EH Bilduko ordezkariek. Jaizkibeli denek elkarrekin oles egitea ondo iruditzen zaie, baina alarde baztertzailearen aldeko keinurik ez dute egin nahi: «Harrera egiteak jarrera matxista baten konplize izatea dakar». EAJk, aldiz, esan du ez diola Jaizkibeli oles egingo. Alardeari normalean elizako atarian egiten zaio harrera, Kale Nagusian; hantxe egongo dira udalbatza eta diputazioko ordezkariak. Gainerakoan, Jaizkibeli babesa erakustera joaten diren ordezkari eta eragileak, Emakunde eta EAEko Arartekoa tartean, udaletxeko arkupetan egoten dira; han espero dira aurten ere.

Ohikoa denez, jendez beteta egongo da Kale Nagusia, alarde baztertzailearen jarraitzaile asko egongo dira tartean, eta adi ikusi beharko da zer giro gailentzen den. Aurten, gainera, abiapuntu berria izango dute Jaizkibel konpainiako kideek: aspaldi zuten eske bat betetzea lortu dute, eta Gernikako Arbolatik abiatuko dira. Hor ere alarde baztertzaileko kide asko egon ohi dira.

Aldaketa urtea izan da

Urtean zeharreko gertaerek ere egiten dute berezi aurten alardea. Aldarri parekidea nabarmen ozendu da aurten Hondarribian. Guztion Alardeak udan sinadurak biltzen jardun du «konpontzearen» alde. «Oinarrizko» lau punturen inguruan lortu nahi dituzte atxikimenduak, eta, funtsean, andreen parte hartzea onetsiko duen konponbide bat nahi dute. Talde horrexek, lehengo astean bertan, alardeko musika bandak bertako kideei hautu parekidearen kontra sinarazi nahi izan dien dokumentu baten harira, usu alarde baztertzailearen antolatzaileek «beldurraren» bidea erabili izan dutela salatu dute. Ez da alardean halako gauzak gertatzen diren lehenengo aldia, baina horien salaketa publikorik ez zen egiten lehen, isilduak eta isilaraziak ziren sarri: hor ere ikusten da aldaketa gogo bat.

Aurtengo beste berrikuntza bat izan da Saindua taldearena. Eske bat egin diote andrerik onartzen ez duen desfilearen antolatzaileari, Alarde fundazioari: «Konpainia misto eta konkretu bat non emakumeek soldadu gisa parte hartzeko era izango luketen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.