Europako enpresa kutsatzaileen erregistroak 2019an jasotako datuek ez zuten eman berri handirik enpresa kutsagarrien inguruan. Betiko puntu beltzak hor dira: Bizkaiko mendebaldean. Nabarmen kutsatzaileena, ezustekoa ez bada ere, Petronor izan zen. 2,2 milioi tona karbono dioxido (CO2) isuri zituen atmosferara, aurreko urteetako kantitate bertsuetan mantenduta.
Petronor buru
Azken urte luzeotako dinamikari eutsiz, Muskizko Petronor findegiak kutsatu zituen gehien Euskal Herriko atmosfera eta ura. Aise gainditu zituen Europak ezarritako kutsaduraren mugak, eta klima aldaketa eragiten duten berotegi gasen sortzaile handiena ere izan zen. 2,2 milioi tona karbono dioxido isuri zituen atmosferara. Karbono monoxidoa, nitrogeno oxidoa, sufre oxidoa eta beste gai toxiko ugari sortu zituen.
Uretara ere kutsagai asko bota zituen. Enpresak karbono dioxido gehiago isuri zuen atmosferara 2019an 2010ean baino, PRTR erregistroaren arabera, eta, beraz, Parisko Hitzarmenak ezarritako lanak oraindik ez du izan eraginik haren jardueran. Nitrogeno oxido sortzaile handia ere bada. Gai horri ozono troposferiko (ozono gaiztoa) deitzen zaio, eta oso eragin kaltegarria dauka milaka pertsonaren osasunean eta ingurumenean, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera.
Europako Batasunaren datuek diote Espainiako Estatuko enpresa kutsatzaileenetan seigarrena dela, eta, noski, Euskal Herrikoetan lehena. Iaz, 2019an ez bezala, asko jaitsi zen findegiaren produkzioa —%13 inguru, enpresak berak emandako datuen arabera—, eta horrek jaitsiera bat ekarri zuen kutsadura sorreran ere, erregai kontsumoa gutxitzearen ondorioz.
Gas bidezko zentralak, ikatz bidezkoen ordezko
Gasa erregai gisa erabiltzen duten ziklo konbinatuko zentral termikoen produkzioaren, eta, aldi berean, kutsaduraren hazkundea da nabarmentzekoa, bereziki, 2019ko PRTR erregistroaren datuei erreparatuz gero. 2000ko hamarkadan apustu sendoa egin zuten Euskal Herriko erakundeek zentral horien alde, eta Bizkaian eta Nafarroako Erriberan ezarri ziren halako zentralak. 2010eko hamarkadan, ezinean aritu dira hainbat urtez, baina, hamarkadaren amaieran, energia enpresa handiek ikatz bidezko zentralak ixtearekin batera, berriz arnasa hartu dute. Gas kontsumoak nabarmen egin zuen gora Euskal Herrian, eta horren erakusgarri da ziklo konbinatuko zentralen kutsadura handitu izana.
Datuek erakusten dutenez, zentral horiek 2018ko karbono dioxidoa halako bi isuri zuten. Esate baterako, Bahia de Bizkaia Electricidadek 315.299 tona CO2 isuri zituen atmosferara 2018an, eta 806.254 tona 2019an. Castejongo EDP Comercializadorak 797.000 tona isuri zituen 2019an, aurreko urtean halako hiru (258.000 tona).
Aipamen berezia merezi du, hala ere, Zornotzako Boroako zentralak. Izan ere, urte dezentetan produkzioa aski geldituta izan ostean, 2019an haizea hartu zuen, eta CO2 gehien isuri zuen Euskal Herriko ziklo konbinatuko zentrala izan zen: 824.000 tona. CO2az gain, nitrogeno oxidoa, karbono monoxidoa eta beste hainbat gai isurtzen dituzte zentral horiek, eta, ikatzezkoek baino gutxiago kutsatu arren, klima aldaketaren eragile handiak dira.
Zementuaren orbanak
Porlan ekoizpenak isurketa handiak eragiten ditu oraindik, nahiz eta produkzioa ez den inondik inora hurbiltzen 2009 aurreko datuetara. 2019an, gainera, nolabaiteko susperraldi bat izan zuen porlan ekoizpenak —2020an, berriz ere behera joan zen—, eta, horren ondorioz, handitu egin ziren haren isurketak. Lau zementu fabrika nagusi daude Euskal Herrian: Añorgan (Donostia), Olatzagutian (Nafarroa), Arrigorriagan eta Lemoan (Bizkaia). Karbono dioxido isurketei dagokienez, Lemoa Industrial izan zen isurketa handienak eragin zituena: 465.157 tona CO2. Portland Valderribasen Olatzagutiko fabrikak 373.497 tona isuri zituen, aurreko urtearen pare. Alabaina, 2017koarekin alderatuta, ia laurden bat handitu zituen isurketak. Arrigorriagako fabrikak gutxitu egin zituen karbono dioxido isurketak aurreko urtearekin alderatuz: 269.079 tona, 60.000 tona gutxiago. Aurreko urteotako joerari jarraikiz, Añorgako Rezola zementu fabrikaren CO2 isurketen datua ez da ageri erregistroan, baina karbono monoxido isurketak nabarmen handitu ziren 2018tik 2019ra: 1.283 tonatik 2.802 tonara. Fabrika horren karbono dioxido isurketak 304.484 tonakoak izan ziren 2018an. Sektorea metal astun askoren sortzaile ere bada.
Paperaren sektorea
Enpresa kutsatzaileenen artean ageri dira, berriro ere, paper fabrikak. Hiru dira gehien kutsatzen dutenak: Hernanikoa, Iurretakoa eta Zangozakoa. Berotegi gas ugari sortzeaz gain, ibaietan ere gai toxiko ugari isurtzen dituzte. Ekologisten eta herritarren jomuga izan dira paper fabrikak sarritan, kutsaduragatik eta sortzen dituzten usainengatik. Iurretako fabrikako hiru langile ospitalera eraman behar izan zituzten 2019an substantzia toxikoren bat arnasteagatik, eta langileek zenbaitetan zalantzan jarri dute plantaren segurtasuna. Jaurlaritzak ere txostenak zabaldu ditu Smurfitten aurka, inguruan izandako usain txarrengatik. Eguzkik eta beste hainbat taldek ere —Hernani Aire Garbia taldeak, besteak beste— salatu izan dute Hernaniko paper fabrika, gauza beragatik. Hiru paper fabrikek martxan dituzte produkzioa handitzeko egitasmoak.
Zabalgarbi, Zaldibar, Zubieta
Badituzte hainbat gauza komunean: z hizkiarekin hasten dira, eta zaborra kudeatzen duten instalazioekin harremana dute. Zaldibarko Verter Recycling 2020ko otsailean amildu zen. 2019ko PRTR erregistroan hortxe ageri da, aztertutako 700 instalazioen artean. Ez da nabarmentzen askorik kutsadura datuengatik, nahiz eta 2019a izan zen zabortegiak hondakin gehien jaso zituen bi urteetako bat, 2018arekin batera. Hala ere, airea eta ura kutsatu zituen hainbat metal astunekin, karbono dioxidoarekin, metanoarekin eta beste zenbait gasekin.
Zabalgarbi erraustegia enpresa kutsatzaileenen lehen postuetan dago. 300.000 tona karbono dioxido sortu zituen, baita metanoa, karbono monoxidoa, nitrogeno oxidoa, amoniakoa, sufre oxidoa, dioxinak, furanoak eta beste ere. Horrez gain, 48.000 tona hondakin ez arriskutsu zepak gehien-gehientsuenak ere eta 8.200 tona arriskutsu sortu zituen. Instalazio horietan, hondakin arriskutsu gehienak errautsak izaten dira.
Zubietako erraustegia eta ondoko gainerako instalazioak jada ageri dira erregistroko zerrendan, baina oraingoz ez dago haien kutsadurari buruzko daturik.
Ingurumena. Enpresa kutsatzaileen PRTR erregistroa
COVID-19aren atariko kutsadura
2020ko etenaldiaren aurretik, 2019an, industriak eta energia ekoizle handiek kutsadura handia sortu zuten, PRTR erregistroaren arabera. Kutsatzaileen buru Petronor petrolio findegia ageri bada ere, gas bidezko ziklo konbinatuko zentralek eragindako poluzioa ere nabarmentzekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu